Hegazti-zakoteek egositako indioilar-bularkiak baino ur gehiago, kaloria gutxiago eta gehigarri gehiago dituzte.
Azken urteotan, haragi-deribatuen industria modu ikusgarrian aldatu da. Kontsumitzaileak produktu berriak eskatzen ditu, eta horri erantzunez eman da garapen hori, batik bat. Horren adibide dira indioilarrarekin egiten diren haragi-produktu egosiak; esaterako, egositako indioilar-bularkia eta zakotea, urdaiazpiko egosiaren alternatiba biak.
Indiolarretik eratorritako produktuak haragiarekin edo barrukiekin egiten dira, eta horiei gozagarriak, espeziak eta gehigarriak botatzen zaizkie eta haien proteinak gatzatu eta aste batzuez mantentzeko tratamendu terminoa aplikatzen zaie.
Haien nutrizio-osaera edo ezaugarri organoleptikoak (usaina, zaporea eta aroma) alde batera utzita, hegaztiaren haragi-deribatuak behin baino gehiagotan estutasunetik irteten laguntzen digute, afari edo bazkari informalak prestatzerakoan. Edonola ere, kontsumitzaileak ez ohi dituzte produktu horien nutrizio-osaera ezagutzen, batez ere horietako asko saltokian momentuan mozten dizkizutelako, eta, ondorioz, kontsumitzaileak ezin du etiketaren edota erostera doan produktuaren osagaien etiketa irakurri.
Kontsumitzaileak egositako indioilar-bularkiaren eta indioilar-zakotearen arteko desberdintasunak ezagutzen baditu, irizpide bati jarraitu ahal izango dio erosiko duen produktua aukeratzean, informazio nahikoa izanik eta mezu nahasgarririk gabe.
Hutsunean legegintzan
“Indioilar-bularkia” izenarekin saltzen dira bai egositako bularkiak bai zakoteak. Bi produktu horiek nabarmenki desberdintzen dira kalitatean, urtsutasunean eta prezioan. Ekoizleak eta merkatariak haragi-deribatuei buruzko 1981eko lege batean babesten dira. Lege horrek honakoa ezartzen du:
- Piezaren izena erabili daiteke eta haren atzetik “egosia” jarri, identifika daitezkeen haragi-piezak badira.
- Aitzitik, “…ren zakotea” izango dira fekula edo proteina gehigarriak badituzte.
Indioilarretik eratorritako produktuak ez dira talde horietako batean ere sartzen. Izan ere, piezak ez dira identifikagarriak eta horietako batzuk ez daukate fekularik erantsita, fosfatoak edo destrosa bezalako gehigarriak badituzte ere eta alderdi hori ez dago jasota araudian. Gehigarri horiek xede ezberdinetarako erabiltzen dira, besteak beste: itxura eta zaporea hobetzeko, piezaren bolumena areagotzeko eta ura gordetzeko.
Bereizten jakin: indioilarra ala zakotea?
Indioilar-bularkia zein zakotea izendapen berdinekin topa ditzakegunez, bata eta bestea desberdindu behar dira, segurtasun osoz jakiteko zer produktu erosten ari garen. Piezari begiratzea da produktu bat ala bestea den jakiteko modurik onena:
- Piezak duen formaren arabera: indioilar-bularkiak pieza originalaren tamaina, forma eta testura mantentzen ditu, eta, horregatik, ez da ohikoa bi pieza berdin topatzea. Zakoteak, aldiz, beti forma berdina dauka, osagaiak ore egiten direlako eta forma desberdinetako moldeetan sartu.
- Zain txikiak edo gantz-zerrendak dituen: indioilar-bularkian, haragiaren berezko zain txikiak edo gantz-zerrendak ikus daitezke. Horrek, ziurrenik, ez dio hain itxura erakargarria ematen, baina bai, ordea, naturalagoa. Zakoteak ez du zain txikirik, eta haren testura uniformea da. Itxura hobeagoa edukitzea da kontsumitzaileak hura hautatzearen arrazoietako bat.
Indioilarra naturalagoa da, eta gehigarri gutxiago ditu.
- Kilokaloriak: zakoteak 74 eta 95 kilokaloria bitartean ditu 100 gramo bakoitzeko. Kopuru hori zertxobait txikiagoa da indioilarrarekin alderatzen badugu, 110 kilokaloria inguru baititu. Kalorien aldea, beraz, oso txikia da, eta horren arrazoia da indioilarrak ur gutxiago duela. Gainera, askotan, indioilarraren azalaren zati bat gehitzen zaio produktuari, eta zakoteari beti kendu egiten zaio.
- Ura: zakoteak ur gehiago du, eta, horregatik, egositako indioilar-bularkia baino okerrago mantentzen da eta are okerrago xerratan moztuta dagoenean. Ura gehitzea ohikoa da zakoteen kasuan, muskuluetan ura gordetzen duten gehigarriekin. Horixe da indioilar-bularkiarekin alderatuta nutrizio-osaeran duen desberdintasunaren arrazoia.
- Koipea: bi produktuek oso koipe gutxi dute, % 3 baino gutxiago, eta ez da bien arteko desberdintasunik nabaritzen ia.
- Proteinak: zakoteak indioilar-bularkiak baino proteina gutxiago ditu, haragi-osagaien parte bat urarekin eta askotariko gehigarriekin ordezten delako.
- Karbohidratoak: zakoteei almidoia, destrosa (ura gordetzeko) eta laktosa gehitzen zaizkie, beste osagai batzuen artean. Xedea da osagai guztiak urarekin nahas daitezen lortzea.
- Gatza: deribatu gehienek gatz gehiegi daramate, baina horietako batzuk bakarrik adierazten dute haien gatz- edo sodio-edukia ontziaren etiketan. Datu hori oso garrantzitsua da sodio gutxiko dietak dituzten eta likido-erretentzioa duten pertsonentzat, eta baita haurrentzat ere, horrelako elikagaien kontsumitzaile ohikoak diren aldetik.
- Gehigarriak: zakoteek dituzten gehigarrien artean daude glutamato monosodikoa, produtkuen zaporea indartzeko eta homogeneizatzeko, eta fosfatoak eta haren deribatuak, haragi prozesatuak haren gelifikazio-propietateak gal ez ditzan eta kontserbatzean honda ez dadin.
- Urtsutasuna: indioilar-zakotea urtsuagoa izan daiteke indioilarra baino, ur gehiago duelako.
- Kalitatea: mantenugai-kontzentrazio txikiagoa eta gehigarri gehiago izanik, zakoteen kalitatea indioilar-bularkiena baino txarragoa da.
- Prezioa: produktu horien kalitatea prezioan ere islatzen da, zakoteak indioilar-bularkia baino askoz ere merkeagoak baitira.