Izokinak propietate nutrizional oso interesgarriak ditu eta sukaldaritzako arrainik moldakorrenetakoa da.
Izokina arrain berezia da. Bere haragiak kolore berezia eta erakargarria izateaz gain, bere bizitzaren zati bat ibaian egiten du arrain honek eta beste zati bat itsasoan. Basa-egoeran ipa-hemisferioko itsasoetan hazten da eta bertako ibai eta aintziretan ugaltzen da. Honek esan nahi du izokina hazten dute piszifaktorietan arrain honek berez izaten dituen baldintza horiek erreproduzitu behar izaten direla: ur geza, gazia eta kalitate-kontrol zorrotza. Artikulu honetan izokinaren propietate nutrizionalak daude; era berean, nola erosi, gorde eta prestatu ere azaltzen dugu.
Gure herrialdean kontsumitzen den izokinik gehiena akuikulturakoa da. Ekoizle nagusiak Norvegia, Txile, Eskozia eta Kanada dira. Izokina hazteko prozesu natural berdinak erabiltzen dira, baina itxian eta kontrolatuta; eta arrainak naturan izango lituzkeen baldintza berdinak imitatzen saiatzen dira. Basa-egoeran izaten dituen etapa berak izaten ditu, baina kontrolpean egiten da dena; ondorioz, heriotza-tasa jaitsi egiten da eta kalitate homogeneoko arrainak lortzen dira. Bestalde, piszifaktorietan hazten denez, orain ekoizpen handiagoa dago, merkaturatzea sustatu da eta merkeagoa da.
Izokinaren propietate nutrizionalak
Haragiaren ehundura berdina ez izan arren, basa-izokin baten eta akuikulturako baten propietate nutrizionalak oso antzekoak dira eta osasunarentzako oso onak. Arrain honen ezaugarririk nabarmenenen artean bost hauek daude:
– Izokina arrain urdina da: 100 gramo haragik 11 gramo koipe ditu gutxi gorabehera, sardinen, txitxarroaren edo atunaren oso antzera. Koipe honek omega 3 ugari du eta odoleko kolesterol eta triglizerido maila jaisteko lagungarria da.
– Gainerako arrainak bezala, izokina ere balio biologiko handiko proteina-iturri bikaina da.
– B taldeko bitamina batzuk ditu, esaterako, B2, B3, B6, B9 eta B12, nutriente energetikoak aprobetxatu ditzake (karbohidratoak, koipeak eta proteinak) eta garrantzi handiko prozesuetan hartzen dute parte.
– Bitamina lipodisolbagarri batzuen kopuru interesgarriak ditu, hala nola, A eta D. A bitamina lagungarria da mukosak, azala eta gorputzeko beste ehun batzuk mantendu, hazi eta konpontzeko. Infekzioei aurre egiteko mesedegarria da eta beharrezkoa nerbio-sistema eta gaueko ikusmena garatzeko. Bestalde, D bitaminak odoleko kaltzio mailak erregulatzen ditu eta mineral hau hezurrek xurgatu eta finkatzeko lagungarria da.
– Magnesio eta iodo iturria da. Magnesioak hesteen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin lotura du. Hezurren eta hortzen eraketan ere aurkitzen dugu, immunitatea hobetzen du eta libragarri arina ere bada. Iodoa, aldiz, ezinbestekoa da tiroideek ongi funtzionatzeko, fetua hazteko eta bere garuna garatzeko.
Izokina nola prestatu
Izokina da sukaldaritzako arrainik moldakorrenetakoa. Hainbat modutara prestatu daiteke, haragi sendo eta gozoa baitu, baina fina eta atsegina ere bai, koipe-edukiaren ondorioz. Haragiaren kolore arrosa edo gorrixka areagotu egiten da egostean, eta ondorioz, oso elikagai erakargarria da.
Bere koipe-edukiari esker, oso ona da soil prestatu arren. Oro har, parrillan edo plantxan egiten da, koipea ez gehitzeko. Saldatan egosita ere erabiltzen da eta saltsekin ere bai. Oso gozoa da lurrunean edo papillotean eginda, krepeak, tortillak eta nahaskiak betetzeko ere bai, arrozarekin batera; edo pastarekin eta pizzetan.
Ketutako izokina gordinik jaten da eta oso egokia da sushiak eta kanapeak egiteko.
Izokina erosi eta gordetzeko aholkuak
Izokina erostean, gainerako arrain freskoak erostean bezala, azalaren eta begien distira kontuan izan behar da. Ezkata distiratsuak behar ditu, azal gardena, ezkatak baldintza onetan eta haragi gogorra, itsasoaren usainarekin. Garrantzitsua da tripak ahalik eta lasterren kentzea (osorik erosiz gero) eta nahi bezala prestatzeko zatiak egitea.
Erositakoan egun batean edo bitan kontsumitu behar da, ez baita ongi zahartzen. Izoztu nahi bada, ez da komeni hiru hilabete baino gehiagoz izatea izozkailuan, arrain urdinen koipea narriatu egiten baita eta zaharmindu egiten da.