Ekilibria

Jogurt izoztua, osasungarria da?

Jogurt izoztuak jogurt naturalak baino hiru aldiz kaloria gehiago ditu kasik, eta arrazoi sendo bat da hori azkenburuko honez neurrian gozatzeko.

Gozoak, krematsuak, freskoak eta erakargarriak dira. Oso ondo konbinatzen dute hainbat osagairekin (frutekin batez ere), eta haien osagai nagusia jogurta da, izen oneko elikagaia, alegia. Hain zuzen ere, pertsona askok uste du jogurten ezaugarri onuragarriak horren nabarmenak direla, ezen osasungarri izaten jarraitzen duten, azukre eta koipe kopuru handiak gehitu arren. Ez da harritzekoa, hortaz, udaz uda jogurt izoztuen arrakasta igotzea, nahiz eta nutrizio-adituek ohartarazten eta errepikatzen diguten jogurt izoztua ez dela ohiko kontsumorako elikagai egokia, artikulu honetan azaltzen den bezala.

 

Kaloria kopuru hirukoitza ia

100 gramo jogurt naturalak 57 kaloria dituen bitartean, 100 gramo jogurt izoztuk 159 kilokaloria ditu, hots, ia hirukoitza. Izan ere, jarraian azaltzen dugun bezala, jogurt izoztuak jogurt naturalak baino bost aldiz azukre gehiago duo eta koipe kopuru bikoitza guztira, Nutrizio eta Dietetikako Goi-mailako Irakaskuntza Zentroaren (CESNID) konposizio-tauletatik eta Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuko (USDA) datu-baseetatik hartutako datuen arabera.

Jogurt Osoa, naturala:

  • Energia: 57 kilokaloria
  • Azukreak: 4,4 gramo
  • Koipeak guztira: 2,7 gramo
  • Gantz aseak: 1,7 gramo

 

Jogurt izoztua:

  • Energia: 159 kilokaloria
  • Azukreak: 24 gramo
  • Koipeak guztira: 5,6 gramo
  • Gantz aseak: 3,4 gramo

 

Aurreko konparazio horretan jogurt naturalaren ordez jogurt azukretua (kaloria gehiago ditu) jarrita ere, alde nabarmenak daude. Izan ere, jogurt natural azukretuak 86 kilokaloria ditu 100 gramo bakoitzeko, jogurt izoztu baten energiaren erdia, hain zuzen. Horren arrazoia da jogurt izoztuaren azukre kopurua % 24 dela, eta jogurt natural azukretuarena, berriz, % 13,7. Halaber, jogurt izoztuak are koipe gehiago dauka (% 5,6 jogurt izoztuak eta % 2 jogurt naturalak).

Merkatuan produktu-sorta oso handia dago, eta aldeak desberdinak izan daitezke produktu bakoitzean. Izan ere, hotzaren ondorioz, gure mingainak elikagaien zaporea gutxiago antzematen du, eta, horregatik, ekoizleek azukre eta koipe kopuru handiagoak behar ditu, kontsumitzaileen gustuko zaporea mantentzeko.

Era berean, desberdintasun horiek aldatzen dira ere anoaren tamainaren arabera eta izozkia edo jogurta saltzen duen dendak topping izeneko osagaiak gehien badizkie (txokolatezko fideoak, fruitu lehor karamelizatuak, gaileta kurruskariak, etab.).

 

Horren osasungarria da jogurta?

Pertsona ugarik uste du jogurtaren onurak horren handiak direla, ezen modu misteriotsuren batean jogurt izoztuen kaloria kopuru handiago hori konpentsa dezaketen. Alabaina, jogurta ez da “nutrizioaren mirari bat”. Azken urteotan ahalmen asko egotzi bazaizkio ere, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA) laktosaren digestioa hobetzen duela onartu du soilik. Laktosa esneak eta haren eratorriek modu naturalean duten azukre bat da. Ikerketa askok aztertu dituzte jogurtaren kontsumoak izan ditzakeen onurak, baina zaila da ikerketa batean egiaztatzea efektu hori jogurta jan ohi duten pertsonen ezaugarriei egotzi ahal zaien.

Edonola ere, jogurt izoztuak esne-bakteria kopuru txikiagoa izan ohi du, eta ez dugu ahaztu behar jogurtak izan ditzakeen onurak hutseratzen dituela jogurt izoztuak dituen kaloria kopuru handi horrek.

 

Koipe gutxi edukitzeak ez du esan nahi kaloria gutxi dituztenik

Merkatuan jogurt izoztu mota desberdinak daude “koipe gutxikoa” erakargarriarekin, baina, Harvardeko Osasun Publikoaren Unibertsitatearen arabera, ez dira bertsio estandarrak baino osasungarriagoak, azukre kopuru “oso handia” dutelako. Horretan salbuespen dira kaloria gutxiko edulkoratzaileekin egindako jogurt izoztuak. Dena dela, zientziaren eremuan zalantzan jartzen da gozatzeko ahalmen izugarria duten edulkoratzaile horiek jogurt izoztuak kontsumitu ohi dituen populazioaren zaletasunak alda ditzaketen.

Edozelan ere, jogurt naturalek eta jogurt izoztuek ez dute beste elikagai batzuen ohiko kontsumoa alboratu behar, hala nola gutxi prozesatutako elikagai begetalak, horiek baitira elikadura osasungarriaren oinarria. Kontuan hartu beharrekoa da hori. Izan ere, azkenburuko klasikoaren ordez (fruta freskoa, alegia), askotan (batez ere haurren kasuan) jogurt naturalak, azukretuak edo izozkiak hartzen dira. Hain zuzen, ” Espainiako Dietaren Ebaluazio Nutrizionala Elikagai Kontsumoaren Panelaren arabera” (2012) delako agiriak adierazi zuen jogurta “dieta espainiarrean indartsuen sartu den elikagaietako bat dela, eta, bereziki, ohiko azkenburuko gisa”.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
81572