Baliteke kanpotik ez izatea oso itxura erakargarria, baina zapore handiko fruitua da, nutrizio-propietate interesgarriak ditu, eta oso moldakorra da.
Nutrizio-propietateak
Urez osatuta dago gehienbat; beraz, kaloria ekarpen neurritsua egiten du, batez ere fruktosa dela eta, hau da, frutek berez dakarten azukrea. Nabarmengarria da haren C bitamina edukia, 100 gramotan laranjak baino gehiago baitu, baita azido folikoa eta E bitamina ere. Era berean, aberatsa da potasioaren moduko mineraletan eta zuntz disolbagarri eta disolbaezinean.
Nola aukeratu eta kontserbatu
Fruta hau neguan umotzen denez, urritik aurrera agertzen da merkatuan eta maiatzera arte baldintza ezin hobeetan mantentzen da. Hala ere, beste aldaera batzuk, esaterako, Zeelanda Berritik datorren kiwia, maiatza amaieratik azaro hasierara arte ere kontsumi daitezke. Dena dela, jasangarritasunaren ikuspuntutik, batik bat sasoiko fruta eta jatorri hurbilekoa kontsumitzea gomendatzen da.
Tamainak ez du eraginik fruituaren kalitatean. Leku fresko batean luzaroan kontserbatu daiteke kiwia, baldin eta deshidratazioaren aurka babestuta badago, adibidez, elikagaietarako erabiltzen diren poltsekin. Giro tenperaturan kontserbatzen badugu 15 egunera arte irauten du; hozkailuan, hilabetez; eta izozten badugu, 6 hilabetez. Umotzen joatea nahi badugu giro tenperaturan utziko ditugu, hotzean motelago umotzen dira eta.
Sukalderako erabilerak
Kiwia fruta fresko gisa kontsumitzen da batez ere. Erditik ebaki eta koilaratxoarekin jaten da, edo zuritu egiten da. Hainbat plateren osagai gisa erabil daiteke; adibidez, entsaladetan gehitzen da, eta marmeladak, sorbeteak, izotz-edariak, irabiatuak nahiz gozogintzako produktuak prestatzeko erabiltzen da. Oso ongi doa beste osagai batzuekin batera tostak egiteko: gaztekin, arrautzekin, beste fruta batzuekin, hummusarekin, fruitu lehorrekin, tomatearekin, marmeladekin… Eta ez da hain ohikoa, baina kiwia kozinatu ere egin daiteke, oliba-olio birjina estrarekin erregosiz haragi plateren saltsak egiteko.