Ekilibria

Kontserba-lata seguruak

Kontserba-jaki bat da hondatu ez dadin teknika ezberdinen bitartez kontserbatzen dena. Kontserbazio-metodo bat da, elikagaiak degradatzea ekiditen duena. Modu horretan, jaki batzuen balio-bizitza hainbat hilabetez edo urtez luzatu egin daiteke. Horretarako, kontserbazio-prozesuan zehar produktuen degradazioa eragiten duten faktoreetako batzuk aldatzen dira; adibidez, oxigenoa edo ur-kantitatea kendu, edo tenperatura aldatu. Gehien erabiltzen diren kontserben artean hegaluzea, barazkiak, marmeladak eta plater prestatu batzuk (adibidez, pasta saltsan) daude. Artikulu honek ontziratze-formula honen gakoak azaltzen ditu, nola biltegiratu behar diren eta horiei lotutako arrisku garrantzitsuenak.

Jakiei tenperatuta altuak aplikatzea dugu kontserben sekretua. Hain zuzen, 100 gradutik gorako tenperaturetan esterilizatu egiten dira, elikagaiek izan ditzaketen patogenoak ezabatuz. Ondoren, ezaugarri kontserbagarriak dituzten osagaiak gehitzen zaizkie, beren bizitza baliagarria are gehiago luzatzeko. Horien artean egon daitezke olioa, gatza, azukrea edo ozpina. Jaki eroso eta seguruak ditugu kontserbak, baina, osasuntsuak ere al dira? Bai. Hala ere, kontuan izan behar dugu gatz- edo purina-kontzentrazio altuak izan ohi dituztela. Produktu oso nutritiboak dira, nahiz eta prozesatzean jasaten dituzten tenperatura altuen ondorioz, bitamina eta mineral batzuk galtzen dituzten. Izan ere, gaur egungo tekniken bitartez, nutrizio-kalitate handiko kontserbak lortzen dira.

Kontserbak biltegiratzea
Latako jakiak oso denbora luzez gorde daitezke produktua hondatu barik

Latako jakiak erosoak eta moldakorrak dira, oso denbora luzez gorde daitezke hondatu barik eta modu azkarrean prestatu ohi dira. Hala ere, ez dituzte jaki freskoak ordezkatu behar. Kontserben kasuan, garrantzitsua da xehetasun batzuk kontuan izatea kontsumitu aurretik: uretan pasatzea gehiegizko gatza kentzeko edo olioa baztertzea gehiegizko koipe-kopuruak ezabatzeko.

Kontserbek balio-bizitza luzea dute. Baldintza ezin hobean manten daitezen, leku fresko, lehor eta ilun batean gorde behar dira. Eta hobe lata zaharrenak aurrean eta berriak atzean kokatzen baditugu, balio-bizitza luzeagoa izango dute eta. Lata bakoitzak barruko elikagaiaren iraungitze data adierazi behar du. Kasu batzuetan, bi urtez luzatu daiteke epe hori. Ildo horretan, 100 urte baino zaharragoak diren kontserba-latak aurkitu izan dira, ikuspuntu mikrobiologiko batetik kontsumitzeko egokiak direnak. Horrek ez du esan nahi hain luze gorde behar direnik, baina argi erakusten du patogenoak ugaltzearen aurkako eraginkortasuna segurua dela.

Jaki oso seguruak izan arren, kasu hauetan latak baztertu behar dira:

Latak herdoiltze-zeinurik badu, batez ere ertz eta lotura-puntuetan, barnealdeko jakia ere herdoildu izan daitekeelako.

Lata sabeldu bada. Horrek esan nahi du barnealdean patogenoak ugaldu direla; beraz, lata berehala bota behar da. Laten barnealdeko patogenoak kontsumitzailearentzako toxikoenen artean daude.

Kontserba-lataren barruan aparrik badago, barruko elikagaia hondatu dela adierazten du.

Barrualdeko likidoa egoera txarrean badago, lataren eduki guztia bota behar da.

Elikagaiak itxura edo usain txarra badu.

Lata ireki ondoren, eduki guztia jaten ez bada, jakia latatik atera eta beste ontzi-mota batean gorde behar da. Elikagaiak ez dira lata barruan mantendu behar ireki eta gero. Izan ere, gerta daiteke lataren konposatuak jakietara migratzea.

Lata edo kontserba-poteetatik atera ondoren, elikagaiak hozkailuan mantentzea.

BOTULISMO
Kontserba-jakietan giza-organismoarentzat oso toxikoak diren patogenoak ager daitezke; adibidez, Clostridium botulinum izenekoa. Bakteria hori zoruetan eta mundu osoko ur kutsatuetan bizi ohi da. Etxean txarto prestatutako kontserbetan ager daiteke, edo oker prozesatu diren lata industrialetan. Egoera txarreko jakien ondoriozko botulismoaren sintomak larriak izan daitezke. Horien artean daude ikusmen lausoa, ikusmen bikoitza, erreflexu-falta, arnas egiteko zailtasuna eta irensteko zailtasuna. Hilgarria izan daiteke botulismoa. Hala ere, ez da ohikoa toxina horrek gaixotasuna eragitea.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
199752