Ekilibria

Kuiatxoa

Kuiatxoa udako barazkia da, urte osoan eros badaiteke ere. Hala ere, ale zaporetsuenak uztailetik irailera bitartean bildutakoak dira. Samur dagoenean biltzen da, oraindik bere tamaina osoa izatera heldu ez denean.

 

Nola aukeratu eta kontserbatu

Kuiatxoak erosten direnean, kalitate-irizpide jakin batzuei jarraitu behar zaie. Ukitzean mardul nabaritzen diren ale trinkoak aukeratu behar dira, txikiak edo ertainak, azalean orbanik gabekoak eta, tamaina kontuan hartuz gero, pisu handia dutenak.

Komeni da kuiatxo handiak baztertzea; izan ere, hazi asko izan ohi dituzte eta mamia ez da hain samurra.

Azalaren kolore berdearen bizitasunak ez du eraginik piezaren kalitatean; izan ere, kuiatxoaren aldaeraren araberakoa izango da.

Kuiatxoa bi astez gorde daiteke hozkailuan egoera onean. Etilenoak, zenbait landarek umotzean jariatzen duten sustantzia gaseosoak, zapore mikatza ematen dio kuiatxoari. Horregatik, ez da gorde behar biltegiratzen direnean gas hori sortzen duten frutekin batera: adibidez, platanoak, meloiak, mertxikak…zapore mikatzik ager ez dadin.

Kuiatxoak izoztuta ere gorde daitezke, baldin eta aurrez ur irakinetan egiten badira hirutik bost minutura bitartez.

 

Txikientzako iradokizunak

Erraza da kuiatxoa haurren elikaduran sartzea; izan ere, testura leuna eta zapore arinak ditu. Gainera, haren itxura dela eta, batzuetan patatarekin nahas daiteke. Kuiatxo pureak eta kremak plater arinak dira eta txikienek erraz jaten dituzte. Horregatik, haurrak barazki honen zaporera ohitzeko modu ona dira. Kuiatxoaren mamiarekin ere barrubeteak eta saltsak presta daitezke, zopetarako osagai gisa erabil daiteke, edo entsalada epeletan gehitu, adibidez, patata egosiarekin eta bestelako barazkiren batekin, gaztarekin eta abarrekin. Elikagai hau txikienentzat erakargarriagoa izatea lor daiteke kuiatxo-pastel gisa ematen bazaie, edo bexamel-saltsa gehituta, tomate-saltsa apur batekin eta gazta birrinduarekin gratinatuz.

 

Nola prestatu

Kuiatxoa gordinik nahiz egosirik jan daitekeen barazkia da. Gordinik jan nahi bada, era askotako entsaladetan jar daiteke. Hala ere, ohikoagoa da hura kozinatzea.

Kozinatuko bada, ongi garbitu bada ez dago zertan zuritu. Horrela, probetxu handiagoa aterako zaie barazki honek dituen mantenugai guztiei.

Makina bat modu daude kuiatxoa sukaldean prestatzeko. Egosia, su eztian egina, frijitua, su bizian erregosia, errea zein betea. Frijituta jango bada, kontuan hartu behar da frijitu aurretik hobe dela mamia apur bat lehortzea. Hartara, ez du gehiegizko olio kantitatea xurgatuko. Arrautza-irinetan pasatuta nahiz frijituta, kuiatxo-xaflak osagarri aparta dira haragi- edo arrain-plateretan, eta, jakina, pure, krema, pisto eta tortillen osagai nagusia ere izan daitezke.

 

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
92081