Helduen % 90ak uste du haien seme-alabak ondo elikatzen direla, baina duela gutxiko inkesta baten datuek kontrakoa esaten digute.
2014ko irailaren amaieraren eta urriaren hasieraren artean EROSKI CONSUMERek inkesta luze bat egin zuen Espainiako haurren elikadurari buruz. Bederatzi autonomia-erkidegoetan egin zen, eta 2 eta 18 urte bitarteko haurren eta nerabeen 1.050 guraso edo ohiko zaintzaileen (aitona-amonak esaterako) iritzia jaso zen. Inkestak datu kezkagarriak ematen dizkigu, eta horietako batzuk jarraian xehatzen dira; izan ere, oso garrantzitsua da dieta osasungarria jarraitzea haurtzaro osoan.
Haur eta nerabeen elikadura; optimismo gehiegi?
Inkestaren lehenengo galderetako batek adingabeen elikadura balioztatu nahi zuen modu orokorrean, zaintzaileen arabera. Emaitza harrigarriak lortu ditugu, kontsulta egin diegun hamar helduetatik bederatzik uste baitu haren seme-alabek (edo kargura dituzten adingabeek) nutrizio-ohitura orekatuak dituztela. Errealitatea, aldiz, oso bestelakoa da. Inkestak aditzera eman zuen desoreka handiak daudela haurren elikaduran, eta horiek hainbatetan larriagotu egiten direla nerabezaroan.
Haurren gosaria: fruta gutxi, azukre asko
Eremu zientifikoan gosariaren garrantziari buruz eztabaida badago ere, inork ez du zalantza egiten gosaritarako fruta freskoak jatea komeni dela. Eta energia-dentsitate handiko elikagaiak otordu horretan arrunki sartzea ez dela komeni. Bada, inkestaren arabera, haurren eta nerabeen % 41k ez du sekula fruta jaten gosaltzeko. Gainera, % 57ak zereal azukretuak edo txokolatearekin jaten ditu gosaltzeko. Margaret Chan doktoreak, Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari orokorrak (OMS), azpimarratzen du mota horretako zerealak arrunki kontsumitzea ez dela gomendagarria, azukre portzentaje handia dutelako.
Bihi osoko elikagaien kontsumo txikia
Adingabeen % 8ak soilik jaten du normalean bihi osoko ogia. Zifra hori pixka bat igo egiten da nerabeetan (% 12). Bihi osoko pastaren kontsumoa txikiagoa da ( % 6) eta are txikiagoa bihi osoko arrozarena (% 4). Datu etsigarriak dira nutrizio-adituentzat. Asko dira bihi osoko aleen kontsumoak osasunari onurak dakarzkiola erakusten duten ikerketak; besteak beste 20011ko abenduan Gil eta kolaboratzaileek Public Health Nutrition aldizkarian argitaratu zuten azterketak . Hain zuzen, Minbiziaren Ikerkuntzarako Munduko Funtsak erakusten du zereal finduen kontsumoa “murriztu” beharko genukeela gure osasuna hobetu eta minbizia prebenitzeko (ez sendatzeko).
Fruta eta barazki gutxiegi
Egunero bost anoa fruta eta barazki kontsumitzea gomendatzen da, baita haurren eta nerabeen kasuan ere, helduentzat gomendatzen dena baino kopuru txikiagoan bada ere. Neurriak eta pisuak alde batera utzita, egia esan biztanle gehienek ez dute gomendio hori betetzen, ezta haurrek ere. ‘Promoción de frutas y hortalizas: ¿qué estamos haciendo mal?‘ izeneko artikuluak gaia xehetasunez azaltzen du. Eta EROSKI CONSUMERek berretsi egiten du; izan ere, egiaztatu du adingabeek erdiak baino gehiagok ez dituela barazkiak jaten egunero, eta % 29ak ezta frutak ere. Azken horrek inkestak ematen digun beste datu batekin zerikusia izan dezake: fruta piezaren ordez esnekia hartu ohi da. Haurren % 32ak horrela egiten du normalean, eta % 60ak noizbehinka.
Gomendatzen da egunero behintzat (eta ez “gehienez“) bost fruta eta barazki anoa jatea. Argi eta garbi geratu zen hori Reiss eta kolaboratzaileek 2012ko abenduan aurrera eraman zuten ikerketa batean(Food and Chemical Toxicology). Ikerketan balioetsi zen Estatu Batuetako biztanleriaren erdiak egunero fruta eta barazki anoa bat gehiago kontsumituko balu, urtero 20.000 minbizia-kasu ekidin ahal izango liratekeela. Osasunaren Mundu Erakundeak, bestalde, kalkulatzen du fruta eta barazki kontsumo gutxiegiak (tuberkuluak aparte, patata edo manioka esaterako), % 31 kardiopatia iskemiko eta % 11 garuneko istripu baskular eragiten dituela. Guztira, balioesten du fruta eta barazki kopuru nahikoa janez gero, urtero 1,7 milioiraino bizitza salbatu ahal izango liratekeela.
Behar ez diren elikagaiak haurren eskura
Inkestan parte hartu zuten hamar helduetatik ia zazpik etxean haurrentzat oso erakargarriak diren opil industrialak, gomazko gozokiak, zizka-mizkak eta beharrezkoak ez diren beste elikagai batzuk zituen. Etxean baldin badaude, haurrek jan egiten dituzte edo helduek debekatu egiten dizkiete (haurrak izugarri erakartzen dituztelako). Edonola ere, jakina da “debekatzea nahia piztea dela”. Litekeena da horrek zerikusia izatea lehen xehatutako fruta eta barazki kontsumo txikiarekin.
Jana pizgarri moduan
Beharrezkoak ez diren elikagaiak etxean egotea oso gomendagarria ez bada, are okerragoa da janaria pizgarri moduan erabiltzea (saria, zigorra edo asperraldia arintzea). EROSKI CONSUMERen inkestak dio azken hori familien % 32an ematen dela, batez ere zaintzaileak gurasoak ez direnean. Janaria “trukerako moneta” moduan erabiltzea ez da batere gomendagarria. Haur bat ondo elikatzea ez da soilik zer mantenugai hartzen dituen ikustea, baita haren gose- eta asetasun-sentsazioak eta elikagai osasungarrien barruan zer gustu eta lehentasun dituen errespetatzea ere, betiere xantaia edo indarkeria erabili gabe. Horrela gomendatzen du behintzat haur-elikadurari buruzko azkeneko erreferentziazko dokumentuak , Nutrizioaren eta Dietetikaren Akademiak argitaratu duenak (Ameriketako Dietetika Elkarte zaharra).
Telebistaren aurrean jaten duten haurrak
Saiatu behar gara haurrek ez dezatela telebistaren aurrean jan, arrazoi askorengatik. Hasteko, uneotan familian bizi dituzten une gutxietako bat batera bizitzea ekiditen die. Gainera, telebistak beharrezkoak ez diren elikagaien iragarki ugari erakusten dizkie, oso ondo diseinatu direnak haien arreta erakartzeko; horren adibide dira gosaltzeko zereal azukretuak. Badakigu publizitateak txikitxoen elikadura-aukerak eta dietak alda ditzakeela. Alderdi horretan sakontzen du ‘Publicidad de alimentos y obesidad infantil artikuluak. Duela gutxiko inkesta horrek erakusten digu adingabeen erdiak kasik (% 30,3 eta % 47,6 artean) beti ikusten dutela telebista jaten duten bitartean. 13 eta 18 urte bitarteko nerabeen kasua zifra hori % 70eraino irits daiteke.
Orain arte xehatutako guztiak gurasoen edo zaintzaileen optimismoarekin kontraste egiten du (gogora dezagun % 90ak uste duela adingabeen elikadura egokia dela), baina ez hori bakarrik, izan ere, esanguratsuagoa da helduen % 87a gaiarekin “asko edo aski” kezkatuta dagoela. Egiaztatu den bezala, gaizki bideratutako kezka bat da. Informazio zehatza falta da komunikabideetan, etxebizitzetan, osasun arloko profesionalen kontsultetan eta baita eskoletan ere. Komenigarria litzateke ere desinformazio gutxiago egotea.