Duela gutxiko ikerlan batzuek adierazi dute esneki osoak kontsumitzeak ez duela zertan gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua areagotzen.
Esnearen gaineko mito ugari daude, eta, sarritan, polemika eta zalantzak sortzen dituzte. Horietako bat koipearekin eta hartzen dugun esne motarekin lotuta dago. Gaingabetua ala osoa? Zein da hobea? Light edo hipokalikoaren alde egin behar dugu beti, ala komenigarriagoa da beste alderdi batzuk kontuan hartzea? Ondorengo artikuluan, koipe gutxiko elikadurarekin tematzearen zergatia eta ikerlan berriek esnekien gainean argitara emandakoak azalduko ditugu.
Koipe gutxiko elikagaiak: beti?
Jakin funtzionalen, light jakien, zuntz ugaridunen edo gaingabetuen esparrua hazten doan eremu bat da. Obesitatea, hipertentsioa, dislipemia eta minbizia bezalako gaixotasun iraunkorrak areagotu egin dira, eta, hein batean, horrek eragin du aipatutako hazkuntza hori. Alabaina, arrazoi estetikoek gero eta indar handiagoa dute aukeratutako jakiei buruzko erabakietan, esnea horien artean ere badagoela.
Azken urteotako nutrizio-helburuek obesitatea eta dislipemiak (hipertriglizeridemia eta hiperkolesterolemia, esaterako), erikortasunaren igoerarekin lotutako gaitzak eta heriotza kardiobaskularren tasa prebenitzea izan dute ardatz. Bi arrazoirengatik ezartzen ziren helburu horiek:
- Gaitz horien intzidentzia nabarmen handitu da.
- Azken urteotan, kontsumitutako koipea areagotu da (batez ere gantz aseak eta gantz hidrogenatuak), eta gaitz kardiobaskularren intzidentziarekin eta larritasunarekin lotuta dago hori.
Egoera ikusita, patologia horiek prebenitu eta tratatzeko gida klinikoek azpimarratu dute dietako koipe kopurua kontrolatzea gaitz horiek dietaren eta nutrizioaren bidez tratatzeko alderdi gakoetako bat dela. Ildo horretatik, nabarmendu behar dugu koipe guztiak ez daudela arrisku kardiobaskularrekin lotuta. Gantz aseak (animalia-jatorriko elikagaietan aurkitu ohi duguna, hala nola haragian, hestebeteetan, esne-gainean eta gurinean, esaterako) profil lipidiko okerragoa du, eta, beraz, arrisku kardiobaskular handiagoa. Ostera, gantz mono edo poliasegabeak (oliba-olioa, arrain urdinen koipea eta intxaurrak, almendrak eta hurrak bezalako fruitu lehorren koipea) ez ditu gaitz kardiobaskularrak eragiten.
Horrela, “koipe gutxiko dieta” aipatzean, gida estatubatuarrak gantz aseei buruz ari ziren, haien elikaduran gantz asegabeak ez baitira ohikoak. Dieta mediterraneoan, ordea, koipe gutxiko dieta aplikatuz, oliba-olioa ere kenduko genuke, eta horrek ez luke inongo zentzurik, oliba-olioa eta mediterraneoko elikadura-estiloa obesitatea eta erikortasun eta heriotza kardiobaskularra izateko arrisku txikiagoekin lotu direlako beti.
Koipe (ase) gutxiko dietak obesitatea eta gaitz kardiobaskularrak tratatu eta prebenitzeko prozesuen parte gisa aholkatzen dira. Horrek ez du esan nahi light elikagaiak edo koipe gutxiko jakiak aukeratu behar ditugunik beti, dieta bere osotasunean kontuan hartu behar delako.
Orduan, esneki osoak edo gaingabetuak?
Gau egun, obesitatea eta gaitz kardiobaskularrak prebenitzearen ikuspegia da nagusi, eta, hala, urte luzez azpimarratu izan da esneki erdigaingabetuak edo gaingabetuak aukeratu behar direla. Bi arrazoi daude horretarako: kaloria gutxiago dituzte, eta gantz ase gutxiago ere bai. Baina, zer diote azken ikerlanek?
Duela gutxiko hainbat ikerlanek adierazi dute esneki osoak kontsumitzeak ez duela zertan gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua areagotzen.
Hala, Mohammad Y. Yakoob-ek (Circulation, 2016) ikusi zuen esneki osoak hartzeak diabetesa izateko arriskua murrizten zuela. Susanne Rautiainen-ek (Am J Clin Nutr, 206) egiaztatu zuzen koipe askodun esnekiak kontsumitzean pisu haztatu gutxiago hartzen zela, eta, hortaz, gehiegizko pisua edo obesitatea izateko arriskua txikiagoa zela. Ez zen berdina gertatzen koipe gutxiko esnekiekin. Mario Kratz eta haren laguntzaileek (Eur J Clin Nutr 2013) ordura arteko literatura guztia berrikusi zuten, eta ez zuten esne-koipearen eta obesitatea edo gaitz kardiobaskularrak izateko arrisku handiagoaren arteko erlazio positiborik aurkitu. Drehmer M. eta haren laguntzaileek (J Nutr, 2016), bestetik, alderantzizko erlazioa aurkitu zuten esneki gaingabetuen eta sindrome metabolikoen artean.
Ikerlan horiek ikusita, zientzialari askok zalantzan jarri dute esneki osoak ekiditeko gomendioak oraindik ere aplikatu behar diren. Hala ere, guztiek ondorioztatu dute ikerlan gehiago behar direla, aurkikuntza berri horiek egiaztatzeko.
Momentuz, eta horren gaineko lan zientifiko gehiago burutu arte, esnekien gaineko erabakia (osoak ala gaingabetuak?) hartzean, pertsona bakoitzaren dieta giltzarria izango da eta horri lotutako arriskuak eta erak baloratu beharko dira. Kasu horietan, hots, gaitz edo behar bereziak daudenean, ezinbestekoa da dietista-nutrizionista bati kontsultatzea, zalantzarik balego.
EROSKI esnea
EROSKI esnea PLS (Esne-produktu iraunkorren) abalarekin ekoizten da. Gure hornitzaileek ikuskapenak izaten dituzte, ahalik eta kalitaterik handiena dutela bermatzeko, zugan pentsatuta. Zure bihotza eta hezurrak zaintzen lagundu nahi dizugu, hobekien doakizun osagaiekin aberastutako esneak eskainiz: omega-3 esnea, kaltzioarekin aberastutako esne erdigaingabetua…