Leken berezko zaporea errespetatzeko sekretua, osagarri proteiko gehiegi ez nahastea da, hirugiharra esaterako eta gantza duten saltsak ez nahastea ere bai.
Udaberriko lehenengo lekak izaten dira goxoenak. Ondorioz, ia prestatu gabe jan daitezke, jaso berritan. Ohikoena patatekin eta tipularekin egostea den arren, hainbat modutara prestatu daitezke lekak. Bere barazki-kualitateak errespetatzea da kontua, bere zapore leun eta natural hori ez aldatzea, lagungarri proteiko gehiegi ez eranstea eta saltsa gehiegi ere ez, hau da, hirugiharra, maionesa, esne-gaina… gehiegi ez erabiltzea. Lekak modu xumean prestatu nahi izanez gero, entsalada egin daiteke, belar usaintsuekin salteatu edo beste barazki batzuekin (barrengorriak, kuiak…) eta haragi edo arraien goarnizio izan, edo tipula eta tomatearekin erregosi. Plater goxoa eta denen esku dagoena prestatuko dugu, hala eginez gero.
Proposamen goxo eta xumeak
Lekak jasotzean samurrak badaude, ur hotzetan garbitu, txikitu eta egosi besterik ez da egin behar. Baina leken sasoiak aurrera egin ahala, gero eta handiagoak eta gogorragoak izaten dira, beraz, alboko haria kendu behar da, luzean moztu eta zati txikiagoak egin. Horrela, ehundura atsegina izango dute, hainbeste zuntz eta gogortasun gabe.
Lekak garbitu eta txikitutakoan erabakitzen da nola prestatu. Ohikoena egostea da, baina “al dente” nahi izanez gero, nahikoa da zuritzea. Hau da, lekak gatza botatako ur irakinetan sartuko ditugu 5 minutuz, ura kendu eta ondoren ura eta izotzetan hoztuko ditugu. Azkar hoztuko direnez, egosketa eteteaz gain, berdeago geratuko dira.
- Hornigai koloretsuak. Lekak horrela prestatu ondoren, oliba-olio birjina usaintsuarekin gozatu daitezke, baratxuria eta gatz pixka bat izango du olio horrek; horrela prestatutako lekak oso egokiak dira plantxan egindako arrainarentzako, hala nola, legatzarentzat, izokinarentzat edo hegaluzearentzat, baita txibientzat edo olagarroarentzat ere. Prestaketa hau oinarria izan daiteke leka eta hegaluze edo eskabetxeko sardina entsaladarentzat, oso kontrapuntu aparta litzateke. Sasoiko tomate-entsaladarekin, ongi txikitutako tipuletarekin eta mugurdien ozpin-olio baltsamikoarekin zoragarria da.
- Entsalada fresko eta arinak. Leken oso entsalada goxoa da ohiko osagaiekin egiten dena ere, hau da, patata, tipula eta tomatea nahastuta egiten dena. Dena egosi eta hotza ateratzen da. Laguntzeko eta gozatzeko osagaiek emango diote proposamen bakoitzari bere kontrapuntua. Maionesa arin batek, ketutako izokin tira batzuk alioliarekin, antxoak, ganbak… Ukitu freskagarriagoa izango du laranja zati batzuk edo udaberriko fruta zati batzuk gehituz gero, hala nola, albertxikoak edo marrubiak.
- Erregosita. Erregositako lekak ere oso ohikoak dira. Horretarako, zuritu ondoren tipuletarekin, baratxuriarekin eta txikitutako tomatearekin sueztituko dira apur bat. Sueztitutakoan txikitutako patatak bota, urez estali eta 30 minutuz egosiko dira. Gatza bota eta baratxuri eta olio frijitukia botako zaio. Sueztitutako leka hauek honela edo pure eginda atera daitezke. Purea “iragazki txino” (kono formako) batetik pasaz gero, leken krema fina lortzen da. Errezetetan zaporea emateko erabili ohi diren esne-gainaren edo gazta zati txikien ordez, jogurt koilarakadatxo batzuk erabili daitezke. Hala eginez gero, gatza ere botako zaio eta jogurtaren zapore azidoa duen krema izango da.