Ekilibria

Lekale nahikoak jaten ditugu?

Lekaleak dira, fruitu lehorrekin batera, proteina gehien dituzten landare-jatorriko elikagaiak.

Ilarrak, dilistak, babak, txitxirioak eta babarrun zuriak eta beltzak dira Espainian gehien kontsumitzen diren lekaleak. Jaki horiek, osasungarriak izateaz gain, haien nutrizio-profilarengatik interesgarriak dira, eta gure ohiko dietaren zati ere bai, antzina-antzinatik. Hala ere, azken urteotan elikadura-ohiturak aldatzen joan dira, eta dieta mediterraneoari lotutako zenbait ohitura galdu ditugu. Lekaleen kontsumoa murrizten ari da? Lekaleak beharrezkoak dira dieta orekatua izateko? Artikulu honetan, gai horiek jorratzen ditugu.

 

Lekaleen nutrizio-konposizioa

Lekaleak elikagai-talde bikaina dira nutrizio-konposizioari dagokionean, eta fruitu lehorrekin batera, proteina gehien dituzten landare-jatorriko elikagaiak dira. Lekaleek 20-23 g proteina dituzte 100 g elikagai bakoitzeko (lekale lehorren kasuan). Gainera, karbohidrato ugari dituzte (40-50 g 100 g lekale lehor bakoitzeko), eta koipe oso gutxi. Proteina ugari dituztenez, proteina-iturritzat erabiltzen dira dieta beganoetan eta obolakteobegetarianoetan. Haien nutrizio-konposizioan, zuntz dietetikoaren kopurua nabarmentzekoa da ere, 10-20 g zuntz baitute 100 g elikagai bakoitzeko (lekale lehorren kasuan, gordin daudenean).

Nutrizio-aberastasun handi hori dela eta, Elikagai eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) Lekaleen Nazioarteko Urte izendatu zuen 2016. Kanpainaren helburua zen konexioak sortzea, lekaleen proteinak elikadura-katean hobeto erabiltzeko, lekaleen munduko ekoizpena hobetzeko, labore-txandaketa hobeto erabiltzeko eta lekale-salerosketaren egungo erronkak jorratzeko.

Lekaleen kontsumoak obesitatearen, diabetesaren eta gaitz koronarioen tratamenduan eta prebentzioan laguntzen du, odoleko kolesterol-mailak eta arterien tentsioa modulatzen laguntzen dutelako, besteak beste. Horrez gain, lekaleek kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua murrizten dute.

Gainera, zoruaren emankortasuna hobetzen laguntzen dute, eta nekazaritza iraunkorra eta lurraren babesa sustatzen dituzte. Hala, onuragarriak dira ere ingurumenerako.

 

Zenbat lekale kontsumitu behar da?

Espezialistek gomendatzen dut astean bi eta lau anoa artean kontsumitzea gutxienez (60-80 g/anoa gordinean). Dena dela, dieta orekatu baten barnean, kopuru hori handiagoa izan daiteke, eta, horrela, animalia-jatorriko proteinen kontsumoa murriztu, gaur egun gomendatutako kopuruak gainditzen baititu. Gomendioa betetzen dugu?

ENNA-3 inkestaren (Nutrizio eta Elikadurari buruzko Ikerketa Nazionala, 1991) datuen arabera, lekaleen kontsumoa nabarmen jaitsi da. 1964an, egunero 41 gramo kontsumitzen genituen batez beste, eta erdira jaitsi da: 1981ean, 24 gramo kontsumitzen genituen egunean, eta 1991n, berriz, 20,2 gramo. % 50eko jaitsiera hori gertatu ondoren, kalkulatzen zen astean behin kontsumitzen zirela batez beste. Aldaketa horiek antzemandako beste aldaketa batzuekin lotuta daude, dieta okertzen dutenak, esaterako: barazki eta ortuari gutxiago kontsumitzea, haragi gorri eta jaki prozesatu gehiago jatea eta esne-azkenburukoak areagotzea.

Elikagai Kontsumoaren Inkestarik berrienen (2000-2006) datuek erakusten dute azken urteotan are gehiago murriztu dela lekaleen kontsumoa. 1991 eta 2006 urteen bitartean, eguneko 20,2 gramotik eguneko 11,9 gramora igaro zen.

ENPE azterketaren (2014-2015) datuen arabera, gaur egun lekaleen kontsumoa 2,2 anoa/astea da, eta eskola-garaiko umeek eta 65 urtetik gorakoek jaten dituzte gehien. Txosten horren arabera, dilistak dira gehien jaten diren lekaleak. Generoaren araberako datuei erreparatuz, ez dago alde esanguratsurik lekaleak kontsumitu ohi dituztenen proportzioetan gizonen eta emakumeen artean. Hala ere, gizonek maiztasun pixka bat gehiagorekin kontsumitzen dituzte (2,4 anoa asteko), emakumeek baino (2,1 anoa asteko).

Espainian lekaleen kontsumoa murriztu dela egitate egiaztatua da. Egoera hori eta gure dietan sortzen ari diren beste aldaketa batzuek dira, hein batean, gizartean zenbait gaitz kronikok (obesitatea, hipertentsioa eta diabetesa) intzidentzia eta prebalentzia handiagoak izatearen arrazoiak. Ondorioz, gero eta lehentasun handiagoa ematen zaio dieta mediterraneoaren elikadura-ohitura tradizionalak mantentzen laguntzen duten estrategiak ezartzeari.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
92075