Koagulatuta dagoenez, esnea baino errazago digeritu daiteke.
Esne bildu berria egonean utzitakoan, esnearen osagaiak banandu egiten dira bat-batean: esnegaina, sueroa eta mamia bereizten dira. Beraz, bi mami mota daude, bat-batean edo modu naturalean lortzen dena eta koagulazio bidez lortzen dena.
Lehenengoak ia ez du esnegainik eta suerorik, esnearen proteina (kaseina) ugari du eta kaltzioa bezalako mineralak ere bai.
Koagulazio bidez lortutako mamia da gehien kontsumitzen dena, eta horretarako behi- edo ardi-esne pasteurizatuaren gatzagia (errenina) botatzen zaio, gehienetan animalia jatorrikoa (ugaztun hausnarkarien urdailekoa), 35ºC inguruan dagoenean eta 30 minutu inguruz egonean uzten da. Suero apur bat du, esnegaina eta kaseina eta kaltzio ugari ere bai.
Mamia dagoen horretan kontsumitu daiteke edo gaztak egiteko erabili sueroa kenduta.
Nutrizio-propietateak
Jatorrizko esnearen oso antzekoa da; laktosa du (esnearen berezko azukrea), balio biologiko handiko proteina ugari du, erraz asimilatzen den kaltzioa, B taldeko bitaminak (batez ere B2 edo erriboflabina) eta A eta D bitamina lipodisolbagarriak. Bere koipe edukiari dagokionez, mamia ardi-esnearekin egindakoa bada, behi-esnearekin egindakoak baino bi aldiz koipe gehiago izango du.
Kontsumitzearen abantailak eta desabantailak
Mamia, esnea eta beste esnekiak kualitate nutritibo bikainekiko elikagaiak dira, osasunarentzako onurak dituzte bizitzako etapa guztietan, erraz kontsumitzen dira eta, oro har, digestioa egiteko ere errazak dira. Egunero esnekien anoa bat eta 3 artean kontsumitzea gomendatzen da.
Koagulatuta dagoenez, mamia esne likidoa baino errazagoa da digestioa egiteko, eta horregatik gomendatzen zaie urdail delikatua dutenei.
Bestalde, ez da kontsumitu behar laktosari intolerantzia izanez gero, beherako handia izanez gero eta behi-esnearen proteinari alergia diotenen dietatik kendu behar da.