Mandarina mandarinondoaren fruitua da. Zuhaitz horrek laranjondoaren antzeko ezaugarriak ditu, baina txikiagoa eta delikatuagoa da. Horrez gain, fruta hau barne hartzen duen Citrus genero botanikoa da familiako garrantzitsuena, eta fruitu jangarriak dituzten 20 mota inguru biltzen ditu, horiek guztiak C bitamina askokoak.
Nutrizio-propietateak
Mandarinen osagaien artean ugariena ura da, eta azukre, eta, ondorioz, kaloria, gutxiago du, genero horretako beste fruten aldean. Zuntz eduki nabarmena du, alde zurian gehienbat, mamiaren eta azalaren artean. Horregatik, mandarinak kontsumitzeak heste-igarotzeari laguntzen dio. Bitamina-edukiari dagokionez, nabarmentzekoak dira C bitamina (laranjetan baino neurri txikiagoan bada ere), azido folikoa eta A probitamina, azken hori beste edozein zitrikotan baino kopuru handiagoan. Azido zitriko, potasio eta magnesio kopuru handiak ditu ere. Neurri txikiagoan, B motako zenbait bitamina eta mineral (kaltzioa, kasu) ere baditu. Azken horren kasuan, esnekiekin edo mineral horren iturri diren beste elikagaiekin lortzen duguna baino gutxiago aprobetxatzen da.
Konposizioa 100 gramoko anoa jangarri bakoitzeko | |
Kaloriak | 37 |
Karbohidratoak (g) | 9 |
Zuntza (g) | 1,9 |
Potasioa (mg) | 185 |
Magnesioa (mg) | 11 |
Kaltzioa (mg) | 36 |
A probitamina (mcg) | 106 |
C bitamina (mg) | 35 |
Azido folikoa (mcg) | 21 |
Beste ezaugarri batzuk
- Mandarina bat zuritzea eta jatea oso erraza da, eta, horregatik, txikienen fruta gustukoenetako bat da. Horrek ez du esan nahi, ordea, kontsumoa adin guztietan sustatu behar ez denik, haien zapore gozoa eta freskagarria eta nutrizio-propietateak kontuan hartuta.
- Anemia ferropenikoaren kasuan, oso erabilgarria da burdin ugaridun elikagaiekin edo mineral horren konplementuekin jatea. Izan ere, C bitaminak burdina hobeto xurgatzen laguntzen du, eta horrek, era berean, indarberritzen laguntzen digu.
- Potasioa, C bitamina, karotenoideak eta beste mantenugai batzuk dituenez, kirolarientzat jaki egokia da ariketa fisikoa egin ostean galdutako mineralak eta likidoa berreskuratzeko, lesioen arriskua gutxitzeko eta defentsak indartzeko.
- Mandarina zuntz-iturri naturala da, eta, hortaz, ezinbestekoa da idorreriari aurre egiteko, hesteen mugikortasuna estimulatzen baitu. Zuntz hori gehien bat azalaren azpiko mami zurian eta atalen artean dago, eta, horregatik, ez da horiek kentzea komeni. Halaber, zuntzak gorotzei kolonetik zehar igarotzen laguntzen die, eta gantz eta kolesterol gutxiago xurgatzen eta gluzemia (odoleko azukre-maila) kontrolatzen laguntzen du. Gainera, aseta sentiarazten digunez, fruta egokia da hiperkolesterolemia, diabetesa eta gehiegizko pisua dutenentzat.