Ekilibria

Marrubia

Elikadura propietateak

Marrubiak eta baratze-marrubiak kaloria gutxiko frutak dira eta, uraz gain, karbohidratoak dira bere osagai nagusiena (fruktosa, glukosa eta xilitola). Bere zuntz-ekarpena ere aipagarria da, heste-igarotzea hobetzeko. Beste elikagai eta osagai organikoei dagokienez, marrubiak eta baratze-marrubiak iturburu oso ona dira C bitamina eta azido zitrikoa (C bitaminaren ekintza indartzen da), azido salizilikoa (hanturen eta koagulazioen aurkako ekintza), azido malikoa eta oxalikoa, potasioa eta, proportzio txikiagoan, E bitamina (odol-zelulen egonkortasunean eta ugalketan esku-hartzen dute) lortzeko. C bitaminak ekintza antioxidatzailea du, E bitaminak eta flabonoideek (antozianoak) bezala, fruta horiei halako kolorea ematen dien landare-pigmentuak. C bitaminak kolagenoa, hezurrak eta hortzak, globulo gorriak eratzen laguntzen du eta elikagaietako burdina xurgatzea errazten du, eta infekzioei erresistentzia ere egiten die. Azido folikoak globulu zuri eta gorrien ekoizpenean parte hartzen du, eta baita material genetikoaren sintesian eta sistema immunologikoaren antigorputzen sorreran ere. Potasioa beharrezkoa da nerbio-bulkadak transmititu eta sortzeko eta giharrek normal funtzionatzeko, eta zelula barruko eta kanpoko ur-orekarako ere garrantzitsua da.

Osasunerako propietateak

Fruta hauei hainbat propietate esleitzen zaizkie, batez ere C bitaminaren ekarpenagatik, zitrikoetan kantitate handitan aurki daitekeen bitamina. Pertsona heldu osasuntsu batek 60 miligramo C bitamina behar ditu egunean eta 100 gramo marrubik edo baratze-marrubik gomendatutako kantitate hori asebetetzen dute. Elikagai honek ekintza antioxidatzaile egiaztatua du, marrubietan eta baratze-marrubietan dauden antozianoak eta E bitamina barne. Antioxidatzaileek “erradikal askeak” deritzenen ondorio kaltegarriak blokeatzen dituzte. Gure organismoko zelula-bizitzan funtsezkoa da oxigenoa duen arnasketa, eta horren ondorioz molekula batzuk sortzen dira, erradikal askeak, bizitzan zehar, osasunari ondorio kaltegarriak sorrarazten dizkio, DNA (geneak), proteinak eta lipidoak edo koipeak aldatzeko (“oxidazioa”) gaitasunaren bidez.

Gure gorputzean zenbait zelula etengabe berritzen dira (azalekoak, hesteetakoak…) eta beste zenbait ez (urdaileko zelulak…). Urteak igaro ahala, erradikal askeek berritzen diren zeluletan alterazio genetikoak sor ditzakete, minbizia garatzea erraztuz edo, bestela, berritzen ez diren zelulen funtzionalitatea murrizten dute, zahartze-prozesuaren ezaugarri dena alegia. Badira erradikal askeen sorrera areagotzen duten egoera jakin batzuk, besteak beste: ariketa fisiko ugari, ingurumen-kutsadura, tabakismoa, infekzioak, estres-egoerak, koipe askoko dietak eta eguzki-erradiazioetan gehiegi egotea. Gaixotasun kardiobaskularretan antioxidatzaileen eta bere babes-ekintzaren arteko harremana ongi defendatutako adierazpena da. Bestalde, antioxidatzaile-maila baxua izatea ere arrisku-faktore bat zenbait minbizi motetarako eta endekapenezko gaixotasunetarako.

 

Bitaminak

C bitaminak, gainera, elikagaietako burdina xurgatzen laguntzeko gaitasuna ere badu eta, beraz, anemia ferropenikoa hobetzen edo prebenitzen du eta infekzioen aurkako erresistentzia hobetzen du. Bizitzako zenbait egoeretan, hazi egiten da C bitaminaren behar organikoa, adibidez: haurdunaldian, edoskitzean, tabakismoarekin, zenbait sendagai hartzean, estresarekin, defentsak gutxitzen direnean, kirol asko egitean, minbiziarekin, ihesarekin eta hanturazko gaixotasun kronikoekin. Kasu horietan, zinez gomendatzen da marrubiak eta baratze-marrubiak edo C bitamina askoko beste fruta batzuk kontsumitzea.

Azido foliko edo folato asko dutenez (ezinbesteko bitamina haurdunaldiaren lehen hilabeteetan gertatzen den zelulak zatitzeko eta biderkatzeko prozesuan), haurdunek kontsumitzea egokia edo interesgarria da arantza bifidoa ekiditeko, hau da, fetuaren nerbio-sistemaren garapenean (hodi neurala) izaten den alterazioa.

 

Mineralak

Potasio asko eta sodio gutxi dutenez, oso gomendagarriak dira hipertentsio arteriala edo odol-basoetako eta bihotzeko gaixotasunak dituztenentzat. Alabaina, kontuz kontsumitu beharko dute giltzurruneko gutxiegitasuna dutenek eta mineral hori kontrolatuta duten dieta berezia behar dutenek. Baina, diuretikoak hartzen dituztenek, potasioa kentzen dutenek eta bulimia duten pertsonek, norbere buruari eragindako gonbitoen ondorioz, asko galtzen dute mineral hori eta fruta hauek kontsumitzea komeni zaie.

 

Beste osasun-onura batzuk

Bere osaera bereziagatik, fruta hauek efektu diuretiko onuragarria dute hiperurizemia edo gota eta giltzurrunetako litiasia (azido urikoa eta bere gatzak kentzen laguntzen dute), hipertentsio arteriala edo likidoen erretentzioarekin lotutako gaixotasunak izanez gero. Haatik, oxalato harrien ondoriozko giltzurrunetako litiasiaren kasuan ez dira gomendatzen, azido oxalikoa baitute.

Marrubiak eta baratze-marrubiak zuntz-iturri ona dira. Elikagai horri organismoa babesteko eragin nabarmen bat esleitzen zaio, bereziki kaltegarriak diren substantziak bahitzeko mekanismo bati esker. Zuntzak gorozkiekin batera kanporatzen diren zenbait konposatu (behazuneko azidoak, kolesterola…) “harrapatzen” ditu eta, beraz, onuragarri dira hiperkolesterolemia edo behazuneko litiasia duten pertsonentzat. Gainera, heste-garraioa ere bizkortzen dute eta, horrela, gutxitu egiten da hesteetako ehunarentzat kaltegarriak diren zenbait substantzia harremanetan egoteko denbora eta, ondorioz, idorreria prebenitzen edo hobetzen du, eta koloneko minbizia izateko arriskua ere gutxitzen du.

 

 

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
38316