Konpotek eta tartek zein udare egosiek neguko postreetarako izar bilakatzen dituzte udareak.
Udareak urte osoan eros daitezke merkatuetan. Fruta gozo-gozoa da, urtsua eta zapore oso berezikoa, baina heltze-punturik onenean nabaritzen zaio batez ere hori. Neguan zehar, udare mota ugari daude, eta errezeta zaporetsuak egiteko aukera ematen digute: gozozaleentzako plateretatik hasita, haragi-errezetak laguntzeko saltsetaraino.
Behin zuhaitzetik hartuta, fruta delikatua da. Izan ere, azala oso mehea da, eta ez du berotik, kolpeetatik eta ubelduretatik babesten ia. Horregatik, behin erosita, hozkailu barruan gorde behar dira, eta plastikotik atera, poltsan erosi baditugu. Horrela, gehiegi heltzea eta hondatzea ekidingo dugu. Halaber, lau egun baino lehenago kontsumitu behar dira.
Neguko udareak
Urteko hilabete hotzenetan, udare mota asko aurki daitezke: konferentzia-udarea, Ricon de Sotokoak, Concorde udareak, d’Anjou eta Comiciokoak. Horiek guztiek ezaugarri bera dute: tamaina ertainekoak dira. Halaber, forma luzanga eta zapore gozoa eta bikaina dituzte, eta oso urtsuak dira. Udarearen urtsutasunak eta gozotasunak aukera ematen dute askotariko platerak egiteko, batez ere neguan, garai horretan baitugu postre eta menu beroak jateko gogo gehien. Konpotek eta tartek zein udare egosiek neguko postreetarako izar bilakatzen dituzte udareak.
Udare-errezeta gozoak
Udare-konpota egiteko, udareak zuritu, zatitu eta uretan jarri behar dira. Azukre pixka bat, kanela-zotza, ardo zuri edo beltz pixka bat eta fruitu idortuak erantsiko ditugu. Gero, su txikian egosiko ditugu udareak. Udare-tarta egiteko, udareak zuritu eta zatituko ditugu. Gero, azukrea, limoi arraspatua eta banilla hautseztatuko ditugu gainetik. Nahasketa ore hautsi gainean jarriko dugu, eta 200 ºC-ra laberatu 45 minutuz. Labetik ateratakoan, beste 20 minutuz utziko dugu, molde barruan.
Horrez gain, udare-xafla finak jar daitezke hostorez eta pastel-kremaz egindako oinarri baten gainean, eta azukrez hautseztatu. 180 ºC-ra laberatuko dugu 45 minutuz, hostorea txigortu arte. Labetik atera ostean, epeltzen utzi, eta muxika-jelez apainduko dugu.
Azkenik, hona hemen udare-platerik onenetako bat: zuritu eta osorik egosiko ditugu, azukre, kanela, banilla eta limoi-azalarekin. 20 minutuz egosiko ditugu, su txikian eta etengabean. Gero, atera, eta epeltzen utziko ditugu. Amaitzeko, pipiten zona kenduko dugu, eta banilla-izozkiz bete. Azken errezeta hori udareak egosteko erabili dugun zukuan eta ardoan geratu den karamelu likido epelarekin lagun daiteke.