Ekilibria

Nola aprobetxatu marrubi-kaxa bat

Modu askotan aprobetxa daiteke garaiko fruta zaporetsu hau, hala errezeta gozoetan nola plater gazien goarnizio gisa.

Marrubiak dena du. Gozoa, urtsua eta ikusgarria da, eta gainera, osasuntsua eta moldaerraza ere bada. Bere kolore biziak beti erakartzen du arreta eta gure plateren itxura hobetzen du, gozoak nahiz gaziak. Marrubiaren kontrako alde gisa, garaiko fruta da eta zaila da gordetzeko. Hori dela-eta, oparotasuneko hilabeteetan, kaxa oso bat erosteko tentazioari aurre egitea zail denean, oso garrantzitsua da gordetzen ikastea eta hainbat ideia gogoan izatea erosi dugun fruta ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Jarraian, marrubi perfektuak nola gorde eta horiekin zein platera egin azaltzen da.

 

Marrubi perfektuak

Erraza da marrubia noiz heldu den jakitea: kolore gorri bizia izan ohi du eta txorten berdea ongi helduta dago frutaren goiko aldera. Zailena horrela luze gordetzea da, marrubia oso fruta delikatua baita. Oro har, marrubi-kaxa bat erosten dugunean, usteltzen hasitakoren bat, bigunago dagoenen bat edo, behealdean badago, egongo da txartuta dagoenen bat. Marrubi helduak erosten baditugu, egun berean edo egun pare batean jatea aholkatzen da. Bien bitartean, aholku pare bat:

  • Erosi ditugun kaxa berean gordetzea komeni da. Asko ukitzen baditugu, berehala bigunduko baitira. Toki fresko batean utziko ditugu, eguzkitatik eta hezetasunetik urrun.
  • Erabiltzeko asmoa dugun unean garbitzea da onena. Lehenik ur hotzeko ontzi batean sartuko ditugu eta kontuz ur jo bat emango diegu. Ondoren, zurtoinaren alde berdea (txortena) kenduko diegu. Ordena horretan egingo dugu, goiko aldea garbitu aurretik kenduz gero, marrubia uretan sartzen dugunean, ura barruan sartuko baitzaie eta zaporea galduko dute.

 

Marrubi-kaxa bati probetxu handiena ateratzeko ideiak

Jateko modu errazena “bere horretan” da edo, baita, garbitu, zatitu eta azukre pitin batekin gozatuta. Zerbitzatu aurretik 30en bat minutu beratzen uzten baditugu, marrubiaren zukua azukrearekin nahastuko da eta almibar arin bat sortuko du, frutaren perfumea eta zaporea indartuko dituena; gainera, kontserbatzen ere lagunduko du. Marrubiari zuku apur bat atera darion, limoi-zuku edo ozpin tanta batzuk (baina tanta batzuk soilik, azidoak zukua ateratzea errazteko moduan soilik).

  • Beratutako marrubiak bere horretan kontsumi daitezke, harrotu berri den esne-gain freskoko koilarakada batzuekin lagunduta, jogurt naturalarekin, cava parrastada batekin, limoi-sorbetearekin… Aukera ugari daude, poste gisa, merienda gisa edo hamaiketako gisa.
  • Marrubia da gozogintzako fruta nagusienetako bat eta, zalantzarik gabe, arlo honetan aurki ditzakegu errezeta gehien: tartak, betegarriak, mousseak, irabiakiak, kremak, cupcakeak…
  • Marrubi freskoak badira onena ere, hau da, berotan eraldatu gabe; badaude salbuespen batzuk. Adibidez, gurin pixka batekin salteatutako marrubiak eta azukre beltzarekin hautseztatuta, crepeen betegarri gisa edo platera gazi baten goarnizio gisa erabil daiteke. Izan ere, marrubiak era askotan erabil ditzakegu, eta ez beti plater gozoetan.
  • Goarnizioen kasuan, zatitu eta salteatutako marrubiak prestatzea ideia bikaina da, kontrapuntu gozo eta mingots bat topatzeko, ozpin-tanta batzuekin, soja-saltsarekin eta pipermin ukitu batekin, erretako ahate-magret bati laguntzeko edo plantxan edo micuit eran prestatutako foie bati laguntzeko.
  • Marrubia fruta bikaina da entsaladak laguntzeko ere; ongi ezkontzen da ketuekin, gazituekin eta gazta krematsuekin. Horrela, mota desberdinetako letxugen entsalada bat presta dezakezu, izokin ketuko tirekin eta, gazta krematsuko dadotxo batzuekin eta, ondoren, guztia zatitutako marrubiak marinatutako olio-ozpin batekin onduko dugu. Eta otordu-hasiera freskagarri bat lortu nahi badugu, hasierako gisa brie gaztaz igurtzitako xerra bat, kontserbako antxoa bat eta marrubi zatitxo batzuekin osatutako tostada bat erabil dezakegu. Ezin hobeki geratuko gara gonbidatuen aurrean.

Marrubien errezeta ugari daude eta joko handia ematen dute. Gure errezeta gozoen artean ideia askoz gehiago daude, gure mahaian aprobetxatzeko.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
38461