Ekilibria

Nola aukeratu pasta egokiena?

Aholku praktiko eta oroitzen errazak aukera osasungarrienen alde egiteko.

Pasta, gaur egun, ez da lehentasunezko elikagai bat. Jaten dugun pasta gehiena findua bada, dietatik kentzeko aholkatu behar genuke eta, horren ordez fruta, barazkiak eta lekaleak jatea gomendatu. Irin gehiegi jaten dugu, eta, hobe dugu txitxirioak, batata errea edo azenario-entsalada jan, makarroi-, lasagna- edo espageti-platerkada bat baino. Baina pasta aukera gastronomiko bat da, beste edozein bezalakoa, eta, hura hautatuz gero, batzuk besteak baino egokiagoak dira. Honako jarraibide hauek kontuan hartu behar lirateke aukera osasungarrienak egiteko.

 

Pasta lehorraren eta pasta freskoaren artean ez dago alde nutrizionalik

Bien arteko alde garrantzitsuena kontserbazioarekin dago lotuta. Pasta freskoa hidratatua dago, ez da lehortu, eta, beraz, hotzean gorde behar da. Pasta lehorrak badu abantaila bat: erabilgarriagoa eta iraunkorragoa da; izan ere, ura kentzean, janaritegian gorde dezakegu eta bere iraungitze-dataz ahaztu. Horixe da nutrizioari dagokionez duten alde bakarra. Egoste-prozesuan gure pasta hidratatzen denean, haren nutrizio-balioak eta pasta freskoarenak oso antzekoak izango dira.

 

Hobe bihi osoko pasta jaten badugu; baina kontuz saltsekin!

Osasunaren ikuspegitik, garrantzitsuena ez da pasta freskoa edo lehorra den, baizik eta bihi osoko bertsioa hautatzea. %100 bihi osokoa den pastari esker, pastaren eragina arintzen da, asegarriagoa da eta sortzen duen gluzemia-eragina txikitzen da.

Hala ere, ez dugu ahaztu behar, zer pasta aukeratu garrantzitsua bada ere, pasta motak bakarrik ez duela ekartzen errezeta osasungarria izatea, eta harekin batera jaten duguna hartu behar dugula aintzat. Bihi osoko espagetiak carbonara eran prestatzen baditugu, ez da alde handirik egongo. Saiatu zure pasta-platerak barazki askorekin prestatzen, beti irizpide honi jarraituz: “barazkiak pastarekin jatea da kontua, eta ez pasta barazkiekin”.

 

Lekalezko pasta berriak aukera ona dira?

Lekaleen irin hutsez egindako pastak ohiko formari eusten dio (fideoa, espirala, makarroia), baina jatorri desberdina du. Hau da, birrindutako zereala erabiliz ekoitzi beharrean, lekaleekin egiten da. Horrek alde nabarmenak ditu; izan ere, lekaleek zuntz-kantitate handiagoa dute garaiak baino eta proteina-eduki bikoitza. Lekalezko pasta batzuek lekale osoak baino zuntz-eduki gutxiago dute, azalik gabeko lekaleak erabiltzen direlako.

Nolanahi ere, ez dugu pentsatu behar lekalezko espiralak janda eltzekari-platerkada bat jaten ari garenik. Gauza bere gertatzen da pasta jatean, ez baita zerealak jatea bezala. Badaude zenbait alde mastekatzeari, asetzeari eta produktuaren azken emaitzari dagokienez.

Hori dena aintzat hartuta esan dezakegu lekalezko pasta garizkoa baino osasungarriagoa dela. Aholkurik hoberena: Dilista-platerkada bat lekalezko pastarekin ordezkatu baino, pasta-platerak prestatzean, erabili dilistekin ekoitzitako pasta.

 

Aukeratzerakoan, errezeta hartu behar duzu aintzat

Pasta erostean, gure nutrizio- eta sukaldaritza-helburuak hartuko ditugu kontuan. Errezetak beti ez dira ongi ezkontzen pasta mota guztiekin. Osasunaren ikuspegitik ordenatu eta laburtu beharko bagenu zer pasta erosi, honako hau litzateke hierarkizazio logiko bat: lekalezko pasta, bihi osoko pasta, pasta arrautzaduna eta ohiko pasta.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
143311