Ekilibria

Nola kontrolatu gure elikadura Gabonetan

Jaietan zehar ere, osasungarri jan daiteke, baina ez mirarizko dietekin ez gehiegikeriak konpentsatzeko azken orduko sakrifizioak eginez.

Sobera jatea eta gutxiago mugitzea. Hori izan ohi da Gabonetako ekuazio ekidinezina. Izan ere, mahaiaren inguruan ospatzen ditugu jaiak eta janaria da protagonista. Egunotan, errezetak kopuruz zein edukiz gainkargatzen dira. Platerak oparoagoak dira eta kaloria gehiago dituzte. Dieta zaindu ohi dutenentzat ere, zaila da ohitura eta errutina osasungarriak mantentzea. Azterketek argi erakusten dute: Gabonetan gehiago loditzen gara. Egia da “Gabonetako gehiegikeriek” eragina dutela gorputzaren pisuan? Edo neurririk gabe jan daiteke eta gehiegikeriak aurrerago konpentsatu? Artikulu honetan, gai horren gaineko hausnarketa egiten dugu, eta ahaleginik egin gabe ongi jateko iradokizunak egiten ditugu.

 

Modu naturalean osasungarri jatea: hiru mailak

Gabonak egun gutxi batzuk baino ez dira urtean, eta ez da osasungarri jatearekin obsesionatzeko unerik onena. Izan ere, inoiz ez da horrekin obsesionatzeko momentu ona. Egia esan, desiragarriena da elikatzeko modua lagun bat topatzean “kaixo” esatea edo mesede bat egiten digutenean eskerrak ematea besteko ahalegina eskatzen digun ohitura osasungarri bilakatzea.

Aurreko hausnarketa hori “gaitasun inkontziente” kontzeptuarekin labur daiteke, hau da, gauzak modu naturalean ongi egitea. Hobeto ulertzeko, jakin behar dugu hiru maila bete behar ditugula estatus hori lortzeko:

  1. Ezgaitasun inkontzientea. Lehenengo mailan, ez ditugu gauzak ongi egiten, ezagutzak falta zaizkigulako.
  2. Ezgaitasun kontzientea. Bigarren maila honetan, badakigu zer egin beharko genukeen bizitza osasungarria eramateko, baina oraindik ez dugu egiten praktikarekin (eta gutxieneko ezagutza batzuekin) bereganatzen diren zenbait gaitasun txertatu behar ditugulako gure egunerokoan.
  3. Gaitasun kontzientea. Hori da lortu behar dugun hirugarren maila. Gauzak jada ondo egiten ditugunean lortzen dugu egoera hori (bizitza-estilo ona izatea, adibidez), nahiz eta oraindik ere ahalegindu behar garen; hau da, zenbait ohitura mantentzera behartzen dugu gure burua, onuragarriak direla dakigulako.

Hiru maila horiek gainditu ostean, helmugara iritsiko gara, gaitasun inkontzientera, alegia. Bizitza-ohitura osasungarriak inkontzienteki eta modu naturalean mantentzean datza, ez obligazioa delako, baizik eta gustatzen zaigulako. Horrela, jende osasuntsuak egunerokoan modu inkontzientean gauzatzen du gaitasun hori, konturatu gabe ia, eta urteko egun guztietan egiten dute, baita Gabonetan ere.

 

Nolakoa da dieta modu naturalean kontrolatzen duen pertsona bat?

Osasuna modu naturalean eta gozatuz kontrolatzen dutenek ez dute sentitzen sakrifiziorik egiten dutenik. Ez diote ariketa egiteari uzten, eta ez diete polboroiei nahigabetuta begiratzen. Gozoki horiek gustuko badituzte, jan egingo dituzte eta errudun sentitu gabe gozatu… gehiegikeriarik egin gabe jango dituztelako. Pertsona horiek:

  • Ariketa fisikoarekin gozatzen dute, eta, hortaz, Gabonetako otorduen ondoren familiari edo lagunei ibilalditxo bat egitea proposatuko diete.
  • Alkohola eta azukredun edariak baino, nahiago dute ura, nahiz eta Gabonetan horrelako edariez beteta egon mahaia. Gainera, ez die axola besteek zer pentsatzen duten.
  • Badakite erlaxagarriagoa dela aire garbia arnastea, tabakoaren kea baino, eta seme-alabak tabakismo pasibotik babestuko dituzte, erretzaileei balkoian erre dezatela adeitasunez eskatuz.
  • Dieta osasungarria kontsumitu ohi dute, nahiz eta funtsezkoak ez diren elikagaiak eskura eduki, eta alhadurarik gabe gozatzen dute Gabonetako otorduekin, badakitelako urteko gainontzeko egunetan haien ohiturak osasungarriak direla -eta izaten jarraituko dutela-.

Baliagarria da Gabonetako gehiegikeriak konpentsatzea?

Urtea pisu gehiagorekin hasten dugu. Pisua hartzen dugu urtean zehar, baina Gabonetan are gehiago. Baskulak esango du kilo-erdi loditu garela, batez beste. Ez dirudi asko, baina urte osoan mantenduko ditugu 500 gramo horiek, eta, horrenbestez, populazio osoari dagokionean, datu kezkagarria da osasun publikoko adituentzat, bi arrazoirengatik: batetik, Espainiako obesitate-tasak gora doazelako etengabean, eta, bestetik, ez dugulako pisu hori hurrengo hilabeteetan galtzen, “hobetzeko promesa” horiekin, edo are okerrago, “mirarizko dieten” liburuetan ematen dizkiguten aholkuekin.

Gabonetako jakien kaloria ugariak urtearen gainontzeko egunetan konpentsa ditzakegu? Pertsona askok gimnasioan izena ematen dute urtarrilean. Alabaina, otsailean, jarraitzeko denborarik edo motibaziorik ez dutela ikusi, eta baja ematen dute. Berdin gertatzen da otordu handien ondoren hobetuko dugula hitz ematen dugunean. Hortaz, ez du merezi neurriz jokatzean pentsatzeak, familiarekin eta lagunekin topaketa-zerrenda luzea badugu aurretik. Wansink-ek eta Cheney-k JAMA aldizkarian argitaratutako artikuluan adierazi zuten bezala, elikagai asko ditugunean aurrean, jaten dugun kantitatea kontrolatzea kostatzen zaigu eta gogoen gainetik jan ohi dugu. Are gehiago, Nutrition & Metabolism aldizkariak 2010eko abuztuan argitaratutako ikerlan batek erakutsi zuen hilabete batez “hiperelikadura eta sedentarismoa” izan ondoren metatutako gorputz-koipea beste urtebetez manten daitekeela, epealdi horren ostean.

 

Dietaren kontrola ez galtzeko zenbait hausnarketa (errealista)

Badakigu, Gabonekin batera, otordu oparoak datozela. Eta badakigu ere nahi duguna baino pisu gehiago hartzeko arriskua dugula, batez ere aurretik gehiegizko pisua badugu (Espainiako heldu-populazioaren ia % 60ari gertatzen zaio hori). Horrek John Garrow irakaslera garamatza, gaur egungo nutrizio-aditu nagusienetako batera, hain zuzen. 2000ko urtarrilean, Lancet aldizkarian, Garrow doktoreak ohartarazi zuen Gabonetan ez dugula jaten gure gose-mekanismoa asetzeko, baizik eta “jateko ordua delako eta janaria gozo dagoelako”. Hortaz, ez da errealista pentsatzea Gabonetan gure mekanismo fisiologikoek gehiegikerietatik eta pisu-igoeratik babestuko gaituztela.

Horregatik, John Garrow-k Gabonetako elikaduraren “kontrol kognitiboa” egitea proposatzen du. Zer alderdi “kognitibo” har ditzakegu kontuan festa hauetan? Ondoren, horietako batzuk zerrendatuko ditugu:

  • Ez ahaztu ariketa fisikoarekin. Horretarako, onena da mahaiondokoa inguruetatik paseatuz egitea.
  • Anoen tamainak zaindu. Hobe da anoa txikiak hartzea; platerean janari gehiago dugunean, gehiago jaten dugu.
  • Neurriz edan, batez ere alkohola, eta are gehiago, gero gidatu behar badugu. Ez ahaztu, bestalde, edari azukredunek “kaloria huts” asko dituztela.
  • Barazkiei lehentasuna eman. PLos One aldizkariaren 2013ko urriko edizioan, Brian Wansink doktoreak koordinatutako ikerlan bat argitaratu zen, eta, horren arabera, oso komenigarria da, ahal den heinean, lehenengo plateren oinarria barazkiak edo lekaleak izatea. Izan ere, horrela, aukera handiagoak daude otorduan zehar kaloria gutxiago kontsumitzeko.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
81580