Ekilibria

Nola pertsonalizatu kontserbako sardinen ogitarteko bat

Lau ideia erraz eta gozo-gozo, sardina-ogitartekoa mokadu sinple bat baino gehiago izan dadila lortzeko.

Sardina-ogitartekoa alferren afaria edo bazkaria izaten da maiz. Xumea eta erraz prestatzekoa denez, “bizirauteko otordu” bilakatu da lanean dauden askorentzat, batez ere goizeko hamaiketakoa egiteko garaian. Ikasle askorentzat ere, diru gutxirekin eguneko otorduetako bat osatzeko modua da. Aitzitik, sardinak oso jaki osasungarria dira, eta, beraz, denbora eta dirua aurrezten laguntzeaz gain, beste abantaila asko ditu. Ondoren, primerako sardina-ogitartekoak egiteko aholkuak eta ogitarteko sinple bat baino gehiago izan dadila lortzeko ideiak emango ditugu.

Oliba-oliotan, ekilore-oliotan, limoiarekin, tomatearekin, eskabetxetan… Aukera asko daude, eta zaporearen aldetik desberdinak dira guztiak, baina badute ezaugarri komun bat: zapore bizia eta elikadura-propietate interesgarriak dituen arrain urdina dira. Arreta pixka batekin, emaitza harrigarriak lor daitezke. Izan ere, kontserba ekonomikoa izan arren, ogitarteko bikainak egin ditzakegu etxean bertan, osagai egokiak erabiliz gero.

Ogitartekoak prestatzeko garaian, osagai asko daude aukeran. Sardinek aukera ematen digute mokadu osasungarria eta elikagarria prestatzeko, irudimena erabiltzeko eta zaporeak gure gustuen arabera konbinatzeko, eta pixka bat arriskatuz gero, errezeta harrigarria eta gozo-gozoa sor dezakegu.

Sekulako sardina-ogitartekoak prestatzeko aholkuak

  • Ogia oso garrantzitsua da. Ogi mota asko daude: klasikoenetatik hasita (oliotako sardinetarako oso egokia den baguette suabe bat, esaterako), txapata kurruskuri bateraino (tomate-saltsa dutenentzat ezin hobea). Horrez gain, eskabetxetan dauden sardinen kasuan, ogi integrala erabil dezakegu, eta baita egile-ogiren bat ere (laranja-ukitu batekin, olibekin, baratxuriarekin edo intxaurrekin), oliba-oliotako sardinen edo ozpinetako sardina txikien kasuan.
  • Betegarria: sardinekin batera ogi barruan jarriko ditugun osagaiak. Aukera interesgarrienen artean, betiko tomateaz eta letxugaz haraindi, tipulina, anana, ahuakatea, arrautza egosia, sagarra eta barazki edo perretxiko salteatuak ditugu. Horrez gain, elementu kurruskariak ere sar ditzakegu, hala nola tipula-uztaiak eta fruitu lehorrak. Horietako edozeinek aukera sorta izugarria eskaintzen digu. Egokiro konbinatuta, arrakasta ziurra da. Hori bai, “hobe gutxi larregi baino” dioen esaera taxuz aplikatu behar dugu. Izan ere, aholkurik onena da ogitartekoa gehiegi ez betetzea.
  • Laguntzeko saltsak. Zaporea eman eta osagai guztiak bateratzen lagunduko digute, baina fintasunez jokatu behar dugu, ez baitira protagonista bihurtu behar. Zenbaitetan, ogitartekoak astunegiak eta digeritzeko zailak dira, saltsa gehiegi jartzen zaielako. Hortaz, kontuz saltsekin! Maionesa arinak, ziape-ukitutxo bat, jogurt krematsua oliba-olio pixka batekin, etxeko ketchupa eta gazta-saltsa arina osagai ezin hobeak izan daitezke gure sardina-ogitartekorako.

Egundoko lau sardina-ogitarteko

Jarraian, kontserbako sardinak protagonistatzat dituzten lau ogitarteko aurkezten dizkizuegu.

  • 1. Sardina txikien ogitarteko integrala, limoiarekin eta jogurt-saltsarekin. Hazidun ogi integralez egindako ogitartekoa, letxugarekin, sardina txikiekin, ananarekin eta tomatearekin, jogurt-saltsa krematsuaz eta oliba-olioaz lagunduta.Hazidun ogi integrala erditik irekiko dugu. Oliba-olio pixka bat botako diogu, eta letxuga-orri batzuk, anana-zatitxoak, tomate-xerratxo batzuk zurituta eta limoi-zukutan kontserbatutako sardina txikiak jarriko dizkiogu. Hori guztia jogurt-saltsarekin maneatuko dugu, limoi-olioarekin arinduta. Piperrautsa gustuko baduzu, pixka bat bota ahal diozu. Osagai sinple horiekin, fruta-ukitu bat duen ogitartekoa lortuko duzu, eta seguru gaude errepikatzeko gogoz geratuko zarela.
  • 2. Sardinak txapata ogian, entsalada eta albakarekin. Txapataz eginiko sardina-ogitartekoa, tomate-saltsaz lagunduta, errukularekin, gazta krematsuarekin, baratxuri arraspatu pixka batekin, oliba-olioarekin eta albaka fresko pixka batekin.Lehenik, txapata irekiko dugu, eta oliba-olio birjina pixka batekin bustiko ditugu bi aldeak. Ondoren, gazta krematsua igurtziko dugu, eta horren gainean, sardinak, kontserbako tomate-saltsaren parte bat eta errukula jarriko ditugu. Albaka fresko hosto batzuk ere jarriko dizkiogu, ukitu aromatiko harrigarria emateko.
  • 3. Ogitarteko mediterraneoa oliba-ogiarekin. Oliba beltzak dituen ogia eta sardinak eskabetxetan, sagar-zatitxoekin, letxugarekin, tomatearekin, maionesarekin, ahuakatearekin eta arrautza egosiarekin.Oliba beltzak dituzten ogi-opil batzuk moztuko ditugu erditik. Maionesa arinarekin igurtziko ditugu, eta, ondoren, ahuakate-xerrak, arrautza egosi xehatua, sardinak eskabetxetan, sagar-zatitxoak eta tomatea zurituta, zatitxotan eta pipitarik gabe jarriko ditugu, baita zerrenda mehetan moztutako letxuga ere. Oliba-olio pixka batekin eta ozpin baltsamikoko tanta batzuekin onduko dugu, eskabetxearen zaporea indartzeko. Kutsu mediterraneoa duten zapore desberdinak nonahi.
  • 4. Klubeko sandwicha sardinekin. Kalitatezko zereal anitzeko moldeko ogia edo zereal anitzeko ogi biribila, sardinak oliba-oliotan eta maionesa arina laranja-ukituarekin, hirugiharraz, tortilla frantses meheaz, askotariko letxugez eta tipulin freskoz lagunduta.Sandwich edo ogitarteko hau egiteko, ogia tamaina bereko xerretan moztu, eta txigortu behar da. Ondoren, xerrak maionesa pixka batekin igurtziko ditugu, laranja-zuku tanta batzuekin arinduta. Gero, sardinak jarriko ditugu, kontserbatik atera berriak, eta horri hirugihar-xerrak erantsiko dizkiogu, txigortuta eta kurruskari. Gainean, tortilla frantses oso mehea jarriko dugu, eta ukitu freskoa emateko, tipulina freskoa zerrendatan eta askotariko letxugak. Azkenik, oliba-olio tanta batzuk botako dizkiogu, eta ogitartekoa prest!

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
152832