Sukaldean kinoa erabiltzeko trikimailu eta iradokizunak: entsalada freskagarriak, frijitukiarekin salteatuta eta primerako risottoak.
Kinoa erraz digeritzen den elikagaia da. Ugaria da karbohidratotan, funtsezko aminoazido guztiak dituzten balio biologiko handiko proteinatan, gantz asegabeetan, zuntzean, mineraletan eta bitaminetan. Gainera ez du glutenik; beraz, zeliakia edo glutenarekiko intolerantzia dutenek ere har dezakete. Zaporeak bihi osoko arroza dakar gogora, baina testura askoz ere finagoa du, kuskusaren antzekoa. Bere propietateei eta moldagarritasunari esker, berriz ere nutrizioan eta gastronomian nagusitzen ari da milaka urtez inken dietaren oinarri izandako elikagai hau. Artikulu honetan, kinoa nola prestatzen den azaltzen eta prestatzeko zenbait ideia ematen dira.
Kinoa prestatzea ez da oso zaila; izan ere, bihi osoko arrozari ematen zaion tratamendu bera ematen zaio. Horrek esan nahi du egosi eta askotariko osagaiak gehi dakizkiokeela gero (adibidez, barazki salteatuak, haragi, hegazti edo arrain zatitxoak), edo frijitukiekin saltea daitekeela, eta amaieran salda batekin egosi, edozein arroz bezala. Horrez gain, barazki zopetan, kremetan eta entsaladetan asko erabilitako osagaia da; izan ere, ukitu berezia ematen dio platerari.
Kinoa egosia beste plater batzuen osagai gisa
Kinoa hutsik egosi eta gero entsalada bati gehitu edo marinel erako gisatu baten garnizio gisa erabili nahi bada, adibidez, lehenik eta behin ur hotzetan garbitu behar da, eduki ohi dituen lohi-hondarrak kentzeko. Ondoren, ur irakinetan botatzen da kinoa, gatzarekin. Proportzio egokia izateko, uraren bolumenak kinoarena halako hiru izan behar du. Hamabi minutuz uzten da egosten, irakinaldi lasai eta jarraituan, sutik kentzen da eta eltzekoa tapatzen da, beste 10 minutuz jalki dadin. Hala, kinoak ur guztia xurgatuko du eta hainbat plater egiteko osagarri erraza eta bestelakoa edukiko duzu: marinel erako gisatuak nahiz txipiroiak tintan, atuna tomatearekin nahiz haragi gisatuak edo hegazti erregosiak.
Jakina, ura gatzarekin erabili ordez, barazkiz egindako edo belarrekin usaineztatutako saldetan egos daiteke kinoa, osagai aromatiko handiagoa emateko. Adibidez, barazki salda batean egosten bada, ezkai eta albaka sorta batekin, oilasko salteatua laguntzeko kinoa aromatizatu bikaina aterako da.
Kinoa salteatua, hutsik nahiz frijitukiekin
Kinoa prestatzeko beste modu bat salteatzea da, hutsik nahiz frijitukiekin. Hutsik salteatzen bada, apur bat doratu behar da oliba-olio birjina apur batekin zartagin itsasgaitz batean. Azala kolorez aldatzeko behar adina soilik eduki behar da sutan, eta salda hirukoitzarekin edo uretan gatz apur batekin egosten amaitu behar da kinoa. Hala, arbendol-aroma duen kinoa lortuko da garniziorako, aurrez txigortzearen ondorioz.
Baina ohiko salteatuan beste osagai bat gehiago izan ohi da kinoa. Horretarako, kinoa egosi behar da lehenbizi, ur irakin askotan eta gatzarekin (bestela prestatzen denean baino ur gehiago erabili behar da). Egosten 20 minutu eman dituenean, kinoa prest dagoela probatu, sareta fineko iraztontzi batekin xukatu eta, iraztontzi horretan bertan, ur hotzeko txorrotaren azpian freskatzen da, xukatzen jarraitu bitartean. Egosi, freskatu eta alea askatutakoan, edozein salteatutara botatzeko prest egongo da.
Teknika honen bidez, barazki marinatuekin presta daiteke kinoa. Zapore freskoak fusionatzeko aukera ematen duen errezeta bat da. Prestatzeko, tomatea, tipuleta freskoa eta kuiatxo erdia zuritu eta zatitzen dira. Barazkiak 20 minutuz marinatzen dira ontzi batean, lau koilarakada oliba-olio birjinarekin, lau koilarakada sagardo ozpinarekin, laranja zuku tanta batzuekin eta gatz apur batekin. Bitartean, koilara bete oliba-olio birjinarekin onduko da kinoa freskatu eta xukatua. Azkenean, marinatutako barazkiak xukatzen dira eta berehala zerbitzatzen da, osagai guztiak nahastuta, entsalada freskagarri bat bezala.
Kinoa risottoan prestatzea
Kinoarekin risottoak ere presta daitezke; hau da, arroza balitz bezala erabil daiteke, beste osagaiekin batera prestatuz.
Lehenik eta behin, ur hotzeko txorrotaren azpian garbitzen da kinoa, ura garden atera arte. Jarraian, baratxuri atal bat, tipula laurdena eta piper gorri baten punta zuritzen eta zatitzen dira. Kazola zabal batean (paella-ontziaren gisakoa baina apur bat altuagoa) barazki horiek berotuko dira, bi koilarakada oliba-olio birjinarekin, bigundu arte. Frijitukia kozinatzen ari dela ikusi ahala, zainzuri berde pare bat zatitan eta kinoa garbia gehitzen dira. Frijitukiarekin batera sueztitzen dira osagai horiek, eta apurka-apurka urarekin edo barazki saldarekin bustitzen dira, zurezko espatula batekin irabiatuz. Likidoa pixkanaka isuriko da eta kinoak eskatu ahala; hau da, lehorra dagoenean apur bat gehiago botatzen da. Hala, irakinaldi motelean prestatuko da 18-20 minutuz. Guztia kozinatuta dagoenean, gazta arraspatu apur bat gehitzen da eta azkenekoz eragiten zaio kinoa-risottoa krematsu gera dadin, eta berehala zerbitzatzen da. Gutizia begetarianoa.