Ekilibria

Ogia izoztea eta desizoztea

Ogiak freskoa izan behar du; bestela, barra zahar bat izozten bada, desizoztean, puskatu egingo da eta azala eroriko zaio.

Ogia Europako eta mendebaldeko dietan gehien kontsumitzen den elikagaietako bat da; gosarietan, funtsezkoa da; bazkarietan, lagungarri gisa erabiltzen da, eta, askarietarako, baliabide oso ona da. Karbohidrato asko dituenez eta testura harroa duenez, dietan ordezkatzen zaila den produktu bat da.

 

Artisau ogitik ogi erdierrera

Lehengo usadioaren arabera ekoitzitako artisau ogi gehienek azal gogorragoa eta mami trinkoagoa dute eta astebete ere irauten dute jateko egoera onenean. Baina gaur egungo gustuek ogi arinagoen alde egiten dute, bai baguetteen bai erdierreen alde, labetik atera berritan oso kurruskariak direlako; hala ere, orduek aurrera egin ahala, testura nahiz zaporea galdu egiten dute. Zenbait aukera daude bat-bateko kontsumorako ogi horiek kontserbatzeko eta handik ordu batzuetara edo hurrengo egunean jateko.

 

Ogi beroa

Ogia mahaira beroa ateratzeko egin berria balego bezala, honako hau da aukerarik hoberena: sareta baten gainean jarri, ura duen ontzi baten azpian, eta labean sartu, aire beroarekin, hala kanpoko aldea berotu dadin. Urak hezetasuna ematen dio eta, hala, berriz ere, harrotasuna berreskuratzen du.

Mikrouhin-labea ere erabil daiteke; formula azkarragoa da, baina ez da hain gomendagarria; izan ere, ogia gehiegi lehortzen da mamiaren hezetasuna lurruntzen delako. Kasu horretan, mikrouhin-labea potentzia erdian pizten da, eta ur edalontzi batekin batera sartzen da ogia; gutxi gorabehera, 15 segundoz berotzen da. Atera eta segituan zerbitzatu behar da, ogia hain lehorra gelditu ez dadin.

Mikrouhin-labearen funtzioa gratinadorearekin batera erabil daiteke, gure modeloak funtzio hori izanez gero. Hala mamia kurruskatsu egotea lortzen da.

 

Ogia desizoztea

Ogia desizoztea oso kasu desberdina da; izan ere, oso ohikoa da izozkailuan ogia gordeta izatea behar denerako. Horretarako, garrantzitsua da fresko dagoela izoztea. Ogi-barra zahar bat izozten bada, desizoztean, puskatu egingo da eta azala eroriko zaio. Desizoztea oso gogorra da elikagai fresko eta kalitate handikoetarako, eta, beraz, zaharrekin, are gehiago degradatzen da testura.

Modu azkarrean desizozteko, ogia harizko trapu batekin estaltzea da hoberena, ogiak transpiratu dezan. Mikrouhin-labean erabiltzeko moduko sareta batean jarri behar da, ur edalontzi batekin batera, giroan hezetasuna egon dadin; 300 W-eko potentzian. Desizoztea 10-15 segundoko bi tartetan egingo da, bi tarteren artean nola desizozten ari den egiaztatzeko.

Presaka ez bagabiltza, hozkailutik kanpo desizoztea da aukerarik hoberena, sareta baten gainean jarrita eta trapu batez estalita, airearen oxidazioa gerta ez dadin; gero, labean berotu.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
118220