Ekilibria

Oilaskoaren haragia, osasungarrienetakoa

Oilaskoaren haragia sukalde guztietako izarra dugu eta mantenugai ugari du, hala nola, proteinak, mineralak eta bitaminak.

Oilasko-haragia esatean “Gallus gallus” oilasko barietateaz ari gara; hazteko hegazti espeziea da eta bere prezio ekonomikoagatik eta sukaldean hainbat aukera eskaintzen dituelako, oso ohiko elikagaia da sukalde guztietan. Bere ezaugarri nutrizionalen eta organoleptikoen ondorioz, etxeetako eta jatetxeetako elikagairik nagusienetakoa da.

Garai batean oilaskoa egun berezietan jaten zen eta bere prezioa ere ez zen denentzako izaten. Baina 2000. urteaz geroztik hazkunde iraunkorra du bere kontsumoak. Oilaskoak hazten aritzen den industriak dinamismo handia du. Gaur egun tripak kendutako oilaskoaren mundu-ekoizpena urteko bi milioi tona ingurukoa da eta azken hamar urteetan %77 baino gehiago hazi da. Oilaskoak alearekin hazten ziren lehen eta gainerako animaliekin batera ibiltzen ziren erdi-aske granjetan, gaur egun modu intentsiboan hazten dira, errendimendu handiagoa lortzeko eta eskariari prezio egokiekin erantzuteko. Ekoizpen mota honi abeltzaintza intentsibo industrializatua esaten zaio eta azkar hazteaz gain, eremu geografiko desberdinetan erraz ezar daiteke.

 

Oilasko motak

Hazteko oilaskoa gutxienez 20 asterekin hiltzen da eta kilo bat eta hiru arteko pisua izaten du. Oilaskoaren haragi mota desberdinen, sexuaren eta hiltzeko unean duten adinaren arabera, batzuk nabarmentzen dira.

  • Oilategiko oilaskoa. Denetan txikiena da, haragi goxoagoa izango du elikadura anitza izan badu, baina gogorragoa ere bada.
  • Oilasko txikia. Hilabeterekin hiltzen da eta 500 gramo izan daiteke. Parrillan prestatzeko haragi egokia da, samurra eta zapore goxokoa.
  • Granjako oilaskoa edo industriala. Ohikoena eta merkeena da. Pentsua besterik ez du jan hegazti honek, denbora laburrean hazten da eta oso gutxi mugituta, bizi den tokiaren ezaugarrien ondorioz.
  • Zikiratutako eme gazte honek ez du errun eta gainelikatuta dago, hiru kilora iritsi daiteke. Sei edo zortzi hilabete dituela hiltzen da eta haragi samurra eta oso goxoa du.
  • Kapoia. Zikiratutako oilasko gaztea da, gainelikatuta egoten da. Lau kilo ere izan daiteke hil aurretik. Bere haragiak gantza izaten du tartean eta usain eta goxotasun berezia izaten du. Eguberrietan betetzen den ohiko oilaskoa da.
  • Oilasko tomateroa. Pisu txikikoa, 500 gramo edo gehienez ere kilo bat, tomate freskoekin hazitako oilaskoa. Zapore berezia du, leuna eta sendoa aldi berean.
  • Arrautzak egiteko gaitasuna agortu ondoren hiltzen den oiloa da, oilaskoak baino gantz gehiago du eta saldak edo gisatuak egiteko egokia da. Haragi gogorra da, gihartsua eta zapore handikoa.

 

Oilaskoaren kalitate nutrizionala

Oilaskoaren haragia da merkatuko osasuntsuenetako bat. Oilasko-haragiaren osagai nagusia ura da, haragiaren %70-75 da; proteinak %20-22 dira; eta amaitzeko, gantza, %3-10 artean. Mineralak ere ugari ditu, hala nola, burdina, selenioa, potasioa eta fosforoa eta tiamina (B1), niazina (B3) eta B6 eta B2 bezalako bitaminak.

Bere mantenugai nagusiak proteikoak dira, nahitaezko aminoazido ugari du, gure organismoak sintetizatzen ez dituenez, dietarekin kontsumitu beharrekoak dira. Oilasko-haragian aminoazido hauen %40 dago batez beste, beraz, balio biologiko handiko proteinadun haragia da.

Oilasko-haragiaren gantz kopurua aldatu egiten da kontsumitzen den zatiaren arabera. Gihar gehien duten zatiek gantz gutxiago dute. Gehiena azalean dago, ia 48 gramo gantz baititu 100 gramoko. Animaliak bere hazkundean izandako elikadurari zuzenean lotuta dago alderdi hau.

 

Nola prestatu oilasko-haragia

Oilaskoa da etxeetan gehien kontsumitzen den haragia. Bere nutrizio-propietateak ezagututa, garrantzitsua da azpimarratzea prestatzeko moduaren arabera mantenugai gehiago edo gutxiago galdu ditzakeela. Zenbat eta gehiago prestatu, orduan eta mantenugai gehiago galduko du eta zenbat eta gutxiago prestatu, plantxan esaterako, gehiago kontserbatzen dira. Hegazti hau modu askotara prestatu daiteke, sukaldean oso moldakorra da. Erraz prestatzen da eta erreta eta plantxan oso goxoa da. Dena dela, modu askotara prestatu daiteke. Eremu geografiko bakoitzean metodo bat edo bestea erabiltzen dute.

Labean egin daiteke, plantxan, erreta, egosita, papillotean, frijituta, gisatuta, mikrouhin-labean, erregosita, grillean, zati karratuetan, luzeetan, osorik… prestatzen duenari bururatu adina aukera. Edozein plateren hornigaia izan daiteke eta belar aromatikoak ere erabili daitezke plateren zaporea areagotzeko.

Oilaskoaren adinak prestatzeko mota ere zehaztu egin dezake. Gazteenak oso egokiak dira labean egiteko, zaharrenak aldiz, luze prestatzea hobe da, haragia biguntzeko, adibidez egosita edo erregosita. Hegoak eta karkasa ere erabiltzen dira salda egiteko, batez ere animaliarik zaharrenenak, eta oso zapore handia ematen dutelako.

 

Oilaskoa eta elikadura arloko segurtasuna

Oilaskoa patogenoentzako bizi-iturri da, batez ere salmonella bakterioarentzat, elikadura arloko infekzioen eragilearentzat. Haragia behar bezala egosi behar da, piezaren barrualdea 65ºC-ra iritsi behar da, batez ere osorik egiten bada. Oilaskoaren haragia zuria edo apur bat horia izan behar da, horrek esan nahi du animaliak artoa jan duela bere hazkundean. Usain ona izan behar du eta ezin da azala likatsua izan behar, lisoa izan behar du, gogorra eta orbanik gabea. Osorik daudenek lepo indartsua behar dute, izter lodiak eta begi distiratsu eta kolorerik gabeak. Haragiak ukitu berde edo bioletak baditu, freskoa ez den seinalea da eta haragia ez da kalitatezkoa izango.

Kontserbatzeko, garrantzitsua da beti hozkailuan egotea. Gainera, saltokietako erretiluen ordez paper gardena edo aluminiozkoa jartzea gomendatzen da, berehala kontsumitu behar ez bada. Hozkailuan 48 orduz eduki daiteke, baina izoztuz gero, sei hilabete inolako arazorik gabe egin ditzake. Prestatuta gorde behar izanez gero, hobe da bost egun baino gehiagoz ez gordetzea, prestatu den eguna barne, eta beti hozkailuan.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
114009