Patataren nutrizio-kalitatea hobetu nahi da, proteina osoagoen edo A bitamina eduki handiagoaren bidez.
Patatak antzina-antzinatik onartzen dira gizakiarentzako elikagai gisa, tuberkulu horiek eguneroko dietaren oinarri zirenetik. Elikagarritzat hartzen dira, besteak beste karbohidrato (almidoi), potasio, selenio eta konposatu antioxidatzaileen ekarpena egiten dutelako. Baina Europan landatutako lau patatatik bakarra erabiltzen da zuzenean gizakiak elikatzeko. Ekoizpenaren erdia animaliak elikatzeko erabiltzen da, eta beste laurdena hainbat industriarentzako azpiproduktuetarako (adibidez, alkohola eta almidoia), xede teknologikoekin.
Almidoia lehengai gisa
Europa patata-almidoiaren ekoizle handia da. Elikagaien industriak gehigarri gisa darabil lehengai hori, pastel, gozoki, zopa nahiz oreak loditzeko. Bi osagai ditu: amilosa eta amilopektina. Bataren edo bestearen kontzentrazio handiagoa izateak azaltzen ditu propietate funtzional eta bromatologiko desberdinak. Patatan, batez ere amilopektinan ugaria da almidoia; horri gehitzen badiogu koipe eta proteina eduki eskasa duela, propietate loditzaile bikainak ditu.
Amilosa eduki urria izateak (% 20 batez beste), industriarako hainbat aplikaziotan erabiltzeko aukera mugatzen du. Gaztela eta Leongo Ereite Patataren Kontrol Zentroko (Burgos) Fernando Alonso Arce adituaren arabera, bi osagaiak bereiztea “ez da errentagarria ikuspuntu ekonomikotik; horregatik, industriarako almidoi gehiena kimikoki eraldatzen da lehen fasean, erabili aurretik”. Tratamendu horretan energia eta ura erabiltzen dira, eta horrek almidoiaren kostua handitzen du bai alderdi ekonomikoan bai ingurumenaren aldetik.
Horregatik, genetikoki eraldatutako patatak diseinatzeko lanetan ari dira, erresistentzia handiagoko almidoia izan dezatela lortu nahian. Hala, hobeto eta gehiago erabiliko da, elikagaiena ez diren beste hainbat industriatan (farmazia, ehungintza, zurgintza eta papera) eta bestelako xede batzuetarako: adibidez, itsasgarri, bilgarri, aglutinatzaile, lubrifikatzaile eta bilgarrietarako. Horrez gain, poliestirenoaren ordez ere erabil liteke, erabili eta botatzeko plater, poltsa eta mahai-tresnak egiteko.
Eraldaketa genetikoa
Iraganean, ekoizpenaren errendimendua handitzea zen patata-aldaerak gurutzatuz egindako hobekuntza genetikoen helburua; hau da, tona gehiago ateratzea ereindako hektarea bakoitzeko, eta izurri eta gaixotasunen aurka (patataren kakalardoa, nematodoa, mildiu, eta abar) erresistentzia duten aldaerak garatzea. Gaur egun, pataten nutrizio-kalitatea hobetzea gehitu zaio hobekuntza genetiko horiei.
Egiaztatu da nutrizio-ezaugarri batzuk gurutzaketa tradizionalaren eta ingeniaritzaren bitartez manipula daitezkeela. Hala ere, hainbat faktoreren baitan dago halakoen arrakasta: besteak beste, Elikagaien Segurtasuneko Europako Agentziak (EFSA) oraindik azterketapean ditu ekoizpen-praktika horiek eta legeztatu egin beharko dira; horrez gain, eta bereziki, kontsumitzaileek onartu egin beharko dituzte.
Egun, xede hauek lortu nahi dituzte ikerketa-programek: proteinaren kalitatea hobetzea, funtsezko aminoazidoen kopurua handituz, patatak kalitate eskaseko proteina baitu beste landare batzuekin alderatuz gero (adibidez, lekadunekin eta zerealekin); A bitaminaren kontzentrazioa handitzea aldaera guztietan, mami kolore horixka edo gorrixka dutenetan soilik baita ugaria; eta polifenolen eta beste antioxidatzaile batzuen mailak goratzea. Erresuma Batuko Scottish Crop Research Institute erakundeko ikertzaileek patata-aldaera transgenikoa garatu dute aztertzeko. Haren tuberkuluak isoprenoideetan aberatsak dira eta, hain zuzen, A bitaminaren jarduera aitzindaria du karotenoide mota horrek.
Gluzemia-indize txikiagoa duen patata
Horrez gain, osaera kimikoa aldatzeko lanean ari dira, frijitzean ez dadin izan horren koipetsua, edo haren gluzemia-indizea murriztu eta, horrela, kontsumitzeko osasungarriagoa izan dadin. Indize horren bidez, odoleko glukosan (gluzemia) berehala daukaten eraginean oinarrituz sailkatzen dira karbohidratoak. Patata gluzemia-indize altua duten elikagaien artean sailkatu da. Mundu osoan kontsumitzen den turberkulu bat da; beraz, kaloria eta karbohidrato ugari ekartzen ditu milioika pertsonen dietara.
Azterlanen arabera, gluzemia-indize (GI) altua duten elikagaien kontsumo handiagoa izateak intsulinarekiko erresistentzia, II. motako diabetesa eta obesitatea eragin ditzake. Hala ere, patata-kontsumoak eragin mugatua du gluzemiaren gain, askotariko aldagaien baitan dagoelako, eta hala endogenoak (banakoaren organismoaren baitan) nola exogenoak izan daitezke (patata bakarrik edo beste elikagai batzuekin kontsumitu den, zer motakoa den eta zenbatean eduki den egosten, zenbatean biltegiratuta, eta zenbat azukre eta almidoi duen). Beste ikerketa-ildo batzuetan alkaloideak (hau da, patataren tuberkuluak naturalki sortzen dituen konposatu ezesgarriak) ezabatzea da xedea.
Bat erabilera bakoitzerako
Elikagaien testurak funtsezko rola betetzen du haren onargarritasunean eta gustuan. Pataten kasuan, almidoia da faktore garrantzitsuena alderdi horretan. Horren araberakoa izango da aldaera bakoitzak sukaldean duen portaera. Almidoi eduki handiko patatak testura lehor eta irintsua du ezaugarri. Horrela, egostean errazago desegiten da.
Horregatik iradokitzen da patata mota jakin bat sukaldaritzako erabilera bakoitzerako. Irakin edo egosiko badira, patata goiztiarrak aukeratzea komeni da; hau da, mami trinko eta irintsua dutenak (adibidez, Jaerla aldaerakoak), egosi eta gero forma mantentzen dutelako. Labean egiteko eta gisatzeko, mami samurrekoak dira egokienak (adibidez, Kennebec motakoak), hobeto xurgatzen baitituzte zaporeak. Pureak egiteko, Monalisa aldaerakoak dira onenak, mami samur eta irintsua baitute. Frijitzeko, aldaera berantiarrak gomendatzen dira (adibidez, Bintje motakoak): luzaroagoan umotzen dira, eta ur gutxiago daukate.