Ekilibria

Patatak: egiak eta gezurrak

Beldurra diogu patatak barazkiekin edo gisatuekin jateari, baina chip frijituak jaten ditugu hamaiketakorako, egosiek baino zazpi aldiz kaloria gehiago badituzte ere.

Patatak mesfidantza sortzen du elikaduraren eremuan. Oinarrizko jakia dela onartzen dugu, eta, aldi berean, zalantzak ditugu kontsumitzean, loditzeko beldur garelako. Patata tradiziozko dietaren eguneroko jakietako bat da, baina haren kontsumoa jaitsi egin da azken urteotan. Barazkien, bihi osoen, frutaren eta fruitu lehorren kontsumoa jaitsi den bezala, egiaztatu da azukredun edarien, haragi gorri eta prozesatuen eta gosegarrien (patata frijituak, horien artean) kontsumoa igo egin dela. Paradoxa hutsa da: beldurra diogu barazkiak patatekin laguntzeari edo erregosietan erabiltzeari, baina patata frijituak jaten ditugu janaurrekoan, egosiek baino zazpi aldiz kaloria gehiago badituzte ere. Orokorrean, mundu osoko elikadura-ohiturak aldatu dira –eta ez soilik jaki bakarrari dagokionez (patata, kasu)–, eta horixe da, hain zuzen ere, pisua areagotzea baldintzatzen duten faktoreetako bat.

Patatei dagokienean, haien nutrizio-balioari eta osasunarekin duten harremanei buruzko uste ugari ditugu. Ondoren, jaki horren gaineko zenbait mito edo kontzeptu oker argituko ditugu:

Patatak, frijituta eta ondo txigortuta, hobe. Gezurra.
Patatak frijitzean, ez dute kolore marroia hartu behar, txigortzean akrilamida toxikoak eratzen direlako. Minbizia sor dezaketen konposatu kimikoak dira, eta patatek ez dituzte modu naturalean azaltzen. Alabaina, almidoi ugari duten jakietan ager litezke, tenperatura oso altutan egiten badira.

Patatak digeritzeko astunak izan daitezke. Egia.
Patataren almidoiari, gainerako barazkien kasuan bezala, tratamendu termikoa eman behar zaio jangarria izan dadin, eta, hortaz, patatak kozinatu egin behar dira, egokiro kontsumitu eta digeritu ahal izateko. Bestalde, almidoiaren digestioa ahoan hasten da, amilasaren (listuaren entzima bat) bitartez. Horregatik, patatak ondo murtxikatu behar dira, eta listuarekin erabat blaitu, purean prestatuta daudenean ere. Murtxikatu gabe irensten baditugu, erraz bereganatzeko moduko jaki hau plater astun bilakatuko da. Aholku bereziki garrantzitsua da eriondo direnentzat eta sabel eta digestio-aparatu makala dutenentzat.

Patata frijituak jateak ez dio kolesterolari eragiten. Egoeraren araberakoa.
Kolesterola duenak etxeko patata frijituak jan ditzake, patata freskoekin eta oliba-olioarekin egindakoak. Alabaina, poltsako patata frijituak ekidin behar ditu, eta, bereziki, zehaztu gabeko landare-olioekin egiten direnak, horietako batzuk gantz aseak baitituzte. Gantz ase gehiegi jateak odoleko lipidoen profila okerragotzen du, kolesterola areagotzen duelako.

Patata egosiek loditzen dute. Gezurra.
Ehun gramo patata egosi, erre, lurrunetan edo erregosita saldarekin eta gutxieneko olioarekin, hau da, ahalik eta egoerarik naturalenean, 70 kcal baino ez dira. Aitzitik, koilarakada bat (25 gramo) saltsa arrosak (maionesa eta ketchupa nahastuta) 180 kcal ditu, patata-anoak duen energiaren bikoitza baino gehiago, alegia.

Patata frijituek kaloria ugari dituzte. Egia.
Patata frijituek egosiek baino lau aldiz kaloria gehiago dituzte (284 Kcal frijituek eta 70 Kcal egosiek), eta are energia gehiago dute chips patatek (538 Kcal/100 g). Horren xerra mehetan moztuta daudenez, olio asko xurgatzen dute; hala, gosegarri erakargarri bezain kaloriko bihurtzen dira. Etxean frijitzean, xurgatutako olioa murritz dezakegu, zenbait amarrutxo erabiliz: patata frijituak sukaldeko paperean jalkitzen utzi, patatak olio oso bero dagoenean bota (baina ez kea dariola), eta oliba-olioa erabiltzea eta ez beste batzuk. Dietak hala aginduta, kaloriak kontrolatu behar baditugu, patata egosiak edo erreak olio pixka batekin salteatu ditzakegu, patata frijituen tonu txigortua eta testura kurruskaria har ditzaten, baina frijituen kalorien erdiarekin.

 

EROSKI Natur garniziorako patatak

EJL30442_MP(1934983)

Nutrizio-adituek patata egunero kontsumitzea gomendatzen dute, baina ez beti frijituta, baita lurrunetan, labera edo papillote erara, purean… ere, koipe eta kaloria gutxiago hartzeko eta hobeto digeritzeko. Eroski Natur markak prestaketa bakoitzerako patata perfektuak ditu: egosteko, irakiteko, frijitzeko edo garniziorako (haragiak, ehizakiak eta arrainak laguntzeko bereziki egokiak, osorik mantentzen baitira erregosi ondoren).

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
26079