Ekilibria

Mahatsaren propietateak

Mahats edo mahats-ale deitzen zaio mahatsondo komunean edo mahatsondo europarrean mordotan hazten den fruituari. Bitazeoen familiako Vitis generokoa da. Familia horren  barruan, 600 zuhaixka-espezie daude. Espezie gehienak igokariak dira, eta baiak ematen dituzte, herrialde bero eta tropikaletako berezko fruituak, alegia. Vitis generoaren barruan, 20 espezie daude. Horietako batzuk haien fruituengatik hazten dira, eta beste batzuen kasuan, berriz, hostoak beste edozein barazkiren modura jaten dira.

Mahatsen konposizioa desberdina da mahats zuria ala beltza izan. Bien kasuan, bi mantenugai mota dira nabarmentzekoak: batetik, azukreak (glukosa eta fruktosa, gehienbat), mahats zurian ugariagoak direnak; bestetik, bitaminak (azido folikoa eta B6 bitamina) eta fruitu lehorrek eta fruitu tropikalek (adibidez, ahuakatea, banana, txirimoia, guaiaba eta mangoa) baino ez dituzte kopurutan gainditzen. Azukre kopuru handiaren ondorioz, kaloria gehien duen fruituetako bat da. Eskualde hotzetan hazitako mahatsek lurralde bero eta lehorretan hazitakoek baino azukre gutxiago izan ohi dute. Mineralen artean, potasioa da ugariena eta mahats beltzak du gehien. Halaber, magnesioa eta kaltzioa tarteko kopuruetan ere aurki ditzakegu, batez ere mahats zurian. Kaltzioaren kasuan, organismoak hobeto aprobetxatzen du esnekien kaltzioa edo mineral horren iturri diren beste jaki batzuena.

Bestalde, mahatsek osasunerako onuragarriak diren beste substantzia batzuek dituzte: antozianoak, flabonoideak eta taninoak. Substantzia horiek ematen dizkiote mahatsari haren kolore, aroma eta testura bereizgarriak, eta mahatsei egozten zaizkien propietate ugarien iturria dira.

Elikaduraren eta energiaren aldetik, desberdintasun handiak daude mahats freskoaren eta mahaspasen artean, azken horiek oso elikagai energetikoak baitira eta mahats freskoek baino lau aldiz kaloria gehiago baitituzte. Mahaspasen kasuan, gainerako mantenugaiak ere kontzentratzen dira, eta, horrenbestez, zuntz, bitamina eta mineral askoz gehiago dituzte.

Azido folikoak globulu gorrien eta zurien ekoizpenean, material genetikoaren sintesian eta immunologia-sistemaren antigorputzen sorkuntzan parte hartzen du. B6 bitaminak garunari normaltasunez funtzionatzen laguntzen dio, eta globulu gorrien ekoizpenean eta proteinen metabolismoan parte hartzen du. Potasioa beharrezkoa da nerbio-bulkadak transmititu eta sortzeko, muskuluek normaltasunez funtzionatzeko eta zelularen barneko eta kanpoko uraren arteko oreka mantentzeko.

 

mahatsa

 

Osasunerako onurak

Mahatsak oso erraz kontsumitzen direnez eta aleak gozoak direnez, postre ezin hobea dira adin guztietako pertsonentzat, eta, hain zuzen ere, haien zapore bikainarekin gozatzeaz gain, elikadura-propietateei probetxu handia aterako diete.

Mahatsaren osasun-onurak haren elikadura-osagaien eta duela gutxiko zenbait ikerketatan aztertu diren beste substantzia batzuen ondorioa dira: konposatu fenolikoak (antozianoak, taninoak eta flabonoideak). Mahatsetan ugariak dira, haien kolorea eta zapore bereizgarria ematen diete, eta antioxidatzaile indartsuak dira. Antozianoak mahats beltz eta gorrien kolorea eragiten dute, eta mahats zuriek ez dituzte. Taninoek lakartasun-sentsazioa ematen diete mahats berdeei. Flabonoideen barruan, erresberatrola da ezagunena. Mahats beltzaren eta gorriaren azalean aurki dezakegu bereziki, eta propietate antifungikoak ditu, hau da, mahatsetan onddoak haztea ekiditen du. Azken ikerketa zientifikoek egiaztatu dute eraginkorra dela tumoreen hazkuntza inhibitzeko edo blokeatzeko, eta, hortaz, mahatsa ohikotasunez jatea gomendatzen zaie minbizia dutenei eta arrisku-faktoreak dituztenei.

 

Antioxidatzaileak eta erradikal askeak

Aipatutako konposatu guztiek gaitasun antioxidatzailea dute. Zeluletan gertatzen diren prozesuetan zehar, organismoarentzako substantzia kaltegarriak sortzen dira (erradikal askeak), eta substantzia horiek lotura zuzena dute gaixotasun kardiobaskularren, endekapenezko gaitzen eta minbizien agerpenarekin eta zahartze-prozesuarekin. Duela gutxiko hainbat ikerlanek erakusten du antioxidatzaileek substantzia horien agerpena blokeatzen laguntzen dutela. Flabonoideek eta erresberatrolak, zehazki, onura hauek ekartzen dizkiote arterien zirkulazioari: hodiak zabaltzen dira, odol-fluxua areagotuz; plaketen agregazioa murrizten da (odolak arinago zirkulatzen du, eta, beraz, koaguluak eta tronbosiak eratzeko arriskua jaisten da); eta LDL-c kolesterolaren oxidazioa inhibitzen dute (kolesterol mota hori arterietan metatu, eta arteriosklerosia eragiten du).

Funtsean, ziurta dezakegu mahatsak eta muztioak (mahats-zukuak) arteriak eta bihotza egoera onean mantentzen laguntzen digutela. Substantzia antioxidatzaile horien onurei, mahatsen potasio- eta magnesio-ekarpena erantsi behar zaio. Mineral horiek muskuluen eta bihotzaren uzkurtzean parte hartzen dute. Giltzurrunetako gutxiegitasuna eta potasioa kontrolatzeko dietak dituztenek, ostera, kontuan hartu behar dute hori, mahatsa kontsumitzean. Alabaina, potasioa ezabatzen duten diuretikoak hartzen dituztenen kasuan, komenigarria da mahatsa jatea, eta baita bulimia duten pertsonen kasuan ere, potasio asko galtzen baita norberak eragindako gorako-episodio horien ondorioz.

 

Zuntz ugari

Zuntza duenez, mahatsa arinki lasaigarria da. Idorreria dugunean, mahatsak zuritu gabe eta pipitekin jatea komeni da, bertan daudelako hesteen mugikortasuna sustatu eta haien funtzionamendua erregulatzen laguntzen diguten substantziak. Sabela makal dutenentzat, komenigarriena da mahats-zukua edo muztioa edatea. Mahatsek azukre ugari dutenez, diabetesa eta gehiegizko pisua dutenek kopuruak kontrolatu behar dituzte kontsumitzean.

Halaber, azido folikoa edo folatoak ere badituzte. Bitamina hori ezinbestekoa da haurdunaldiaren lehen hilabeteetan gertatu ohi diren zelula-zatiketan eta -ugalketan, eta, horregatik, haurdun dauden emakumeen kasuan interesgarria da mahatsak kontsumitzea arantza zatibitua ekiditeko (fetuaren nerbio-sistemako muin-hodietan gertatzen den alterazioa).

Mahatsaren konposizioari esker, efektu diuretikoa du, eta hori bereziki onuragarria da hiperurizemia edo hezueria eta giltzurrunetako litiasia (azido urikoa eta haren gatzak ezabatzen laguntzen duelako) dituztenentzat edota hipertentsio arteriala edo likidoen erretentzioarekin lotutako bestelako gaitzak dituztenentzat.

Mahats beltzen azido oxalikoak kaltzioa bezalako mineralak dituzten gatzak ekoiztu eta kaltzio oxalatoa era dezake, eta, beraz, giltzurrunetako harriak dituztenek kontuan izan behar dute hori, mahatsa jateak haien egoera okerragotu lezakeelako.

Azkenik, mahats gorrien polifenolek eta taninoek migrainak eragin diezazkiekete horretarako joera dutenei.

 

 

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
25951