Ekilibria

Te berdea, beltza, gorria… Zer propietate dute eta zertan bereizten dira?

Tea munduan gehien kontsumitzen diren edarietan bigarrena da, eta nahiz eta onura asko egozten zaizkion, ez dago uste horietako asko babesten duen ebidentzia zientifikorik.

Tea planetan gehien kontsumitzen diren edarien artean bigarrena da, uraren ostean. Hosto iraunkorreko zuhaixka da, Camellia izen zientifikoa du, eta bi barietate nagusi daude: sinensis eta assamica. Lehen barietarearekin egiten da te berdea, baina assamica da gehien hazten dena eta te beltzaren ekoizle nagusia. Aitzitik, horiek ez dira ezberdintasun bakarrak: ekoizpen-prozesu desberdinek zapore- eta osaera-ezaugarri bereziak ematen dizkiete. Osasunerako onura ugari egozten zaizkion arren, ez dago uste horietako asko babesten duen ebidentzia zientifikorik. Ondoren, te moten arteko desberdintasun nagusiak azalduko ditugu, baita zer eragin ezin zaizkion egotzi eta zergatik den hidratazio-iturri garrantzitsua ere.

 

Tea: desberdintasun nagusiak

Tea landarearen hosto eta kimu samurrekin prestatzen da. Behin bilduta, egin nahi den tearen arabera, prozesu desberdin bati jarraitzen zaio. Hona hemen barietateen arteko desberdintasun nagusiak:

  • Te berdea: mota hau lortzeko, hostoak berehalakoan lehortzen dira bildu ostean. Kiribildu eta beroa aplikatzen zaie, oxidatzea ekiditeko.
  • Te zuria: te berdea egiteko azken bi urratsak alboratzen baditugu, existitzen den terik sinpleena lortuko dugu, hots, te zuria, hasierako lehortze-prozesua baino ez baitu jasaten.
  • Te beltza: Camellia assamica zuhaixkaren hostoak erabat hartzitzean, te beltza lortzen dugu. Hortaz, hostoak lehortu eta beratzeaz gain, denbora bat uzten badiegu elkarren artean erreakziona dezaten, “hartzidura” izeneko oxidazio-prozesu bat gertatuko da (nahiz eta bakteriorik edo legamiarik ez dagoen).
  • Oolong tea: barietate hau tarteko puntuan dago, te beltzak bezala oxidazio-prozesu bat jasaten duelako, baina prozesu hori laburra delako. Ondorioz, haren zaporea eta ezaugarri sentsorialak te berdearen eta te beltzaren arteko erdibidean daude.
  • Te gorria: pu-erh izenez ere ezaguna da, eta hainbat urtez irauten duen hartzidura-prozesua jasaten du. Ziurrenik, hau da terik berezienetako bat, aurkezteko moduarengatik (boletan edo adreilu trinkotan) zein haren lur-zaporearengatik eta kolore gorrixkarengatik.

 

Teari egotzi ezin zaizkion efektuak:

Tea zaporetsua da eta egarria asetzen du. Baina, momentuz, ezin dugu edari honi buruz askoz gehiago ziurtatu. Ikertzaileak etengabe aztertzen ari dira teak izan ditzakeen eragin onuragarri ugariak, eta zenbait ikerlanek emaitza itxaropentsuak izan dituzte. Horietan handizale eta polemikoenetako bat gorputzaren pisuarekin lotutakoa da, baina momentuz ezin daiteke egiaztatu teak pisua galtzen edo kontrolatzen laguntzen duela.

Hala adierazi du Elikagaien Segurtasunerako Europar Autoritateak (EFSA), eta ziurtatu du oraindik ez dagoela ebidentzia nahikorik tea kontsumitzeak arreta edo errendimendu intelektuala handitzen duela edo arterien tentsiorako, odoleko glukosarako eta kolesterol plasmatikorako onuragarria dela esateko, besteak beste. 2011. urtean, EFSAren adierazpen batek baieztatu zuen tearen bitartez L-teanina hartzeak ez zuela frogatu funtzio kognitiboa hobetzen zenik, ezta estres psikologikoa arindu, loa mantentzen lagundu edota hilerokoaren ondoeza hobetzen zenik ere.

 

Tea hidratazio-iturri gisa

Tea, kafearekin batera, munduan gehien kontsumitzen diren edarien artean bigarrena da, uraren ostean. Haren zaporeak, ezaugarri organoleptikoek eta tradizioak eta lotura sozialek kontuan hartu beharreko hidratazio-iturri bilakatzen dute. Izan ere, edari osasungarriei buruzko zenbait gidek, Harvard Unibertsitatearenak (AEB) kasu, uraren ondorengo aukeratzat kokatzen dute, azukrerik gabe hartzen bada, betiere. Haren osaeraren % 99,5 ura izatea dugu horren arrazoia, hain zuzen ere.

Gainontzeko % 0,5etik nabarmentzekoak dira flabonoideak, L-teanina eta kafeina, nahiz eta te motaren, landatu den zonalde geografikoaren, hostoak prozesatu eta manipulatzeko moduaren eta infusioa prestatzeko eraren arabera konposizioa aldatzen den. Azken kasu horretan, uraren tenperaturaren, infusioaren denboraren, poltsatxoari zukua atera izanaren eta beste hainbat faktoreren arabera, konposatu aktiboak kopuru handiagoan ala txikiagoan egongo dira. Hainbat ikerlan esperimentaletan, ikusi da konposatu horiek eragin positiboak izan ditzaketela, baina egungo ezagutzek osasunaren eta te-kontsumoaren gaineko zenbait onurari dagokienean zuhurtziaz jokatzera behartzen gaituzte.

 

Tearen historia labur-zurrean

Tea milaka urtetako ibilbide historikoa duen edari bat da. Edari hau kontsumitu izanaren lehen aztarnak Han dinastia txinatarraren garaikoak dira, hau da, gure aroa baino 200 urte lehenagokoak, gutxi gorabehera. Txinatik Japoniara hedatu zen, eta tearen zeremonia ospetsua ezarri zuten bertan. Hala ere, XVI. mendera arte ez zen Europan zabaldu.

Jatorria Txinan badu ere, gaur egun beste hainbat herrialdetan ere ekoizten da, esaterako: India, Indonesia, Sri Lanka, Pakistan, Turkia, Kenya, Iran eta Argentina. Mundu osora esportatzen da. Alabaina, aroma eta zapore suabea duten barietateak (te beltza eta oolong, adibidez) ohikoagoak dira Europan eta Iparramerikan; herrialde asiarrak, berriz, te berdearen zapore bizi eta benetakoarekin ohituago daude.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
67611