Ohitura dietetikoak aldatzea ez da beti erraza izaten; hori dela eta, garrantzitsua da nola egin jakitea eta aldaketarako sasoirik egokienak zein diren bereiztea.
Elikadura-patroi desegokiek eragin handia dute gaixotasun kronikoak izateko arriskuan, hala nola, obesitatea, 2 tipoko diabetesa edo minbizi mota batzuk. Zoritxarrez, osasunarentzako onak ez diren gero eta elikagai gehiago jaten ditugu; osasungarrien kontsumoa baino gehiago hazi da besteena. Beraz, beharrezkoa da gure ohitura dietetikoak aldatzea. Baina ez da erraza. Hori dela eta, jakin beharra daukagu aldaketak egiteko erraztasun handiagoa noiz daukagun. Artikulu honetan azaltzen zaigu uda dela horietako sasoi bat eta dieta hobetzeko kontuan izan beharreko gai garrantzitsuak aipatzen ditu.
Uda, elikadura eta osasuna
Udan gutako askok eta askok denbora gehiago izaten dugu. Horri esker irakurri, filmak edo dokumentalak ikusi, maite ditugunekin hitz egin, ibili, ariketa egin eta, zergatik ez, gure ohitura dietetikoak aldatzea planteatu dezakegu. Baina aldaketa bat egiteko lehenengo urratsa aldaketa hori justifikatuta ote dagoen jakitea da. Eta honek beste galdera honetara garamatza: elikadura hain garrantzitsua al da gure osasunean? Galdera horri erantzuteko, Lukas Schwingshackl eta Georg Hoffmann doktoreek, ienako (Austria) Unibertsitatekoek, egindako azterketa bat hartuko dugu. Ikerlari hauek 2015eko maiatzean azterketa harrigarri bat argitaratu zuten, eta milioi bat pertsona baino gehiagoren elikadura eta osasun-egoeraren arteko harremana baloratu dute bertan. Journal of the Academy of Nutrition and Dietetics aldizkari zientifikoan agertu den lanak ondorioztatzen du kalitate dietetiko handiagoak heriotza goiztiarra izateko arriskua nabarmen txikitzen duela. Era berean, minbizia, 2 tipoko diabetesa edo bihotz-hodietako gaixotasuna izateko arriskua ere txikitu egiten da (%15 eta %22 artean txikitzen da hiru kasuetan).
Ohitura aldaketak udan: jakitea ez da nahikoa
Elikadurak osasunean duen garrantziaren berri izateaz gain, gure ohitura dietetikoak aldatzeko fisikoki eta psikologikoki prestatuen noiz gauden baloratu beharra daukagu. Gorabehera pertsonalak funtsezkoak dira gure ohituretan (dietetikoetan edo bestelakoetan) aldaketak planteatzerakoan. Hau da, ezin da esan biztanleriak ohiturak aldatu beharra duela bere testuinguru fisikoa, soziala, ekonomikoa edo lanekoa kontuan izan gabe, ‘Jokabide aldaketak: banako ikuspegiak” lanean adierazten den bezala, Erresuma Batuko National Institute for Health and Care Excellence erakundeak argitaratua 2014ko urtarrilean. Dena dela, egia da pertsona askorentzat uda oso sasoi egokia dela beren ohitura dietetikoak aztertzeko eta nola hobetu planifikatzeko.
Udan denbora gehiago izaten dugu bai informatzeko, bai familiakoekin, lagunekin edo osasungintzako profesionalekin hitz egiteko; ondorioz, errazago planifikatuko ditugu gure ohituren aldaketak ere. Planifikazioan kontuan izan behar da ikuspegi hori mantendu egin beharko dela eta ez dela nahikoa hilabete batzuekin. Patroi dietetiko berria banakoaren (edo familiaren) lehentasunetara egokitzen ez bada, nekez mantenduko da. Horregatik, zentzuzkoa da dietista-nutrizionistei laguntza eskatzea, dietetikako aholkuak pazientearen lehentasunetara egokitzeaz gain bere ohituretara, kulturara, ekonomiara eta erlijiora ere egokitu egingo baititu. Patroi horren oinarrian, gutxi prozesatutako landare-jatorriko elikagaiak egon behar dira, nahitaez.