Uda iritsi zaigu eta hidratatzeko behar handiagoa dugu orain. Bazenekien uraz gain badirela ongi hidratatu ahal izateko beste modu batzuk ere? Infusioak, zaporedun ura, zukuak, frutak, entsaladak, izotz-edariak, zopa eta krema hotzak… Beti botila-ura, limonada edo te hotza eskura izateaz gain, aipatutako elikagai horiek gure dietan ugari sartzea oso garrantzitsua da gure gorputza ongi hidratatuta izateko.
Has gaitezen!
> Hasteko, ohikoa baino likido gehiago hartu behar dugu egunero eta hidratatuta egon beti, ez egon egarri izan arte. Botila bat ur fresko gertu izanez gero, askoz errazagoa izango da gure gorputza hidratatuta mantentzea. Eta ura edatea kostatzen bazaizu, hainbat aukera duzu: zaporedun ura, izozkiak eta poloak, koko-ura, fruta…
> Ariketa egiten baduzu, funtsezkoa da entrenatu aurretik, bitartean eta ondoren hidratatzea, entrenamenduan ur eta gatz mineral ugari galtzen baitugu. Dieta anitza eta osasungarria egiteaz gain, edari isotonikoak har ditzakezu hobeto hidratatzeko.
> Gogoan izan behar da hidratatzen duen bakarra ez dela ura, hidratatzeko modu gehiago ere badira eta dirudiena baino askoz interesgarriagoa izan daiteke prozesu hau. Edariak erabili ditzakegu hidratatzeko, baita dieta mediterraneoa ere, ur askoko elikagai ugari sartzen baita dieta horretan eta gomendatutako eguneko kopurura iristeko lagungarriak dira. Saldak, zopak, barazkiak, frutak, zuku naturalak, irabiakiak, esnea, landare-edariak… Aukera goxoak, ezta?
- Ur infusionatuak: aukeratu nahi duzun fruta (limoia, laranja, meloia, gereziak, angurria…), zatitu nahi bezala (dadotan, xerratan…) eta bota urez betetako ontzi batera. Espeziaren bat ere erabili dezakezu ukitua emateko: menda, martorria, albaka, erromeroa… Hozkailuan 5 orduz utzi eta prest izango da. #EROSKItrikimailua: ez bota zure fruta eta barazkien azala (anana, mangoa, azenarioa, luzokerra…), urari zaporea emateko aprobetxatu baitezakezu.
- Infusioak eta kafea izotzarekin: bota zure infusiorik gogokoenari limoi zati bat edo zure frutarik gustukoenaren zati bat, hozten utzi eta edari hidratatzailea prest izango duzu. Gehitu mihilua eta menda. Kafe hotzari kafe izoztua botatzen badiozu (aurrez izozontzian izoztutako kafea), are zapore handiagoa izango du.
- Kombucha zer den badakizu? Edari freskagarri bat da, hartzitua eta %100 naturala, osagai ekologikoekin egiten da, hartzitze prozesuan sortutako oso burbuila finak izaten ditu eta sagar batek baino kaloria gutxiago du.
- Zuku natural hotz-hotzak edo %100 frutekin egindakoak, azukre erantsirik gabe.
- Etxean egindako izotz-edariak: Urte-sasoi honetan fruta mota ugari izaten da eta horietako askok ur ugari izaten dute. Oso erraz egiten da izotz-edaria: garbitu eta txikitu fruta, izoztu 2 orduz eta ondoren irabiagailuarekin xehatu.
- Zopa eta krema hotzak: gazpatxoa, salmorejoa, vichyssoisea, ahuakate-krema, meloiarena… Angurriarekin zopa hotza egin dezakezu ukitu min edo biziarekin. Zopa eta krema hotz hauek egokiak dira dietan beste zerbait sartzeko eta, aldi berean, likidoak hartzeko.
- Elikagai gordin eta hotzak, esaterako, carpaccioa, izokin-tartar marinatua, poke motako entsalada…
Hondartzara eta mendira eramateko
Hondartzara edo mendira eramateko oso freskagarria, osasuntsua eta praktikoa da poto bat entsalada eta garaiko fruta fresko zatitua (angurria, melokotoia, arana…) hotza mantentzen duen zakote-ontzian; eta ez ahaztu edaria (adibidez, aurrez izoztutako botilakada bat ur).
Entsaladako osagairik gustukoenak ordena zuzenean jarri behar dituzu eta jaterakoan ontzia astindu osagaiak eta gozagarriak nahasi arte. Hona hemen ordena:
1.Oinarrian gozagarriak.
2.Gainean barazkirik gogorrenak: luzokerra, azenarioa, piperrak, tomatea…
3.Gero proteinak: arrautza-egosia, atuna, lekaleak edo zerealak (arroza, pasta, kinoa…)
4.Fruitu lehorrak, haziak, frutak edo barazki zuriak gainean.
5.Amaitzeko, gain-gainean, hosto berdeak (uraza, errukula, ziazerbak…) bigundu ez daitezen.
Ondo jateko plan bat daukagu!
7.- Nutri-Score etiketarekin, ongi jatea erraz-erraza da
6.- Hidratazio egokirako gakoak
5.- Jarduera fisikoaren indarra
4.- ‘Superelikagaiak’, zer dira?
2.- Eta behar berezirik badut edo bizi-estilo desberdina badaramat?