Bost ideia erraz, ura modu erakargarriagoan eta atsegingarriagoan zerbitzatzeko.
Zizka-mizkak gure kultura gastronomikoaren zati dira, dela garagardoarekin, dela ardoarekin edo bermutarekin; gauza bera gertatzen da “digestioa egiteko” belar-txupitoekin, azukredun edariekin (“freskagarri” hitza ez da egokia), kubatekin edo gin-tonicekin. Baina edari hauen nutrizio-profila ez da interesgarria, ez dira hidratatzeko aukera onak eta kontsumoak ondorio kaltegarriak izan ditzake, gogoan izan behar baita alkohol kopuru seguru bakarra zero dela. Aukerarik hoberena ura da, zalantzarik gabe. Baina beste proposamenekin alderatuz gero, aspergarria dirudi. Eta zergatik ez dugu ura aurkezteko modua aldatzen osasungarriago edateko? Jarraian daude ura modu erakargarriagoan eskaintzeko bost ideia.
Ez du usainik, zaporerik eta ezer. Ez da diseinuzko edalontzi batean edo kopa berezi batean ateratzen. Gure inguruan nahikoa da plastikozko botila bat edo txorroa irekitzea… Hain glamour txikiko ezaugarrien ondorioz, ura ez zaigu interesgarria iruditzen eta beste edari koloretsu, zaporetsu eta ongi aurkeztutako batzuei begiratzen diegu.
Baina ezaugarri horiek dira ura hidratazio-iturri bikain bihurtzen dutenak. Aipatutako edari horietatik guztietatik ura da nahi adina edan daitekeen bakarra buruko minik, koma etilikorik edo gluzemiarik eragin gabe; ez du arrisku-faktorerik diabetesa, obesitatea, kalte hepatikoak edo minbizi motaren bat izan arren edaten duen pertsonarentzat.
H2O: bi hidrogeno zati eta oxigenoaren bat. Hori da koktela, bizi-iturriaren formula sekretua. Baina hainbeste edari goxo, burbuiladun eta erakargarri ditugunez, urak ezer gutxi dirudi. Baso bat ur soil cocktail kopen artean, mojitoen edo kañen artean jartzea, etxean egindako pirata-mozorroa Ríoko inauterietan nabarmentzea bezain zaila da. Ala ez?
Irtenbiderik errazena botilatxoan edo latan dator, eta askotan gatz askoko zizka-mizkaren bat izaten du lagungarri gisa. Baina urari “erabateko eraldaketa” eginez gero zer? Zergatik ez jantzi eta aurkeztu modu erakargarrian, inauterietako gainerako kideak bezala? Mila aukera ditugu eta denak osasungarriak dira.
Ura janzteko bost ideia espres
- Hasteko, edalontzi original edo polit batzuk aukeratu daitezke. Urak ontziaren forma hartzen du, beraz, ontzia oso garrantzitsua da. Pitxar txiki batzuk, kopa batzuk, eskuz egindako edalontziak, errustikoak edo koloredunak deigarriak izaten dira beti.
- Frutak, barazkiak eta belar usaintsuak ere erabil daitezke urarekin; adibidez, laranja, lima edo limoi zatiren bat, ukitu zitrikoa emateko; baita marrubiak, mahatsa eta basoko fruta txikiak ere, esaterako, ahabi gorriak eta masustak, edo luzoker zatiak. Ongi garbitutako limoi-azal zati bat edo mendafin edo menda adartxo bat ere erabili daitezke ukitu berezia.
- Burbuilek beste sentsazio bat ematen dute eta ikusteko ere desberdina da. Burbuilak lortzeko, gasa duen ura erabili daiteke edo lima edo limoi tanta batzuk bota, baina oso gutxi, zapore apur bat emateko adina, oso azidoa izan gabe, eta ondorioz, gozatzeko ezer bota beharrik gabe.
- Izotz-kuboak oso garrantzitsuak dira. Edaria hotz mantentzeaz gain, originalak eta ikusgarriak izan daitezke, kolorea eman dezakete (barruan izoztutako fruta zatitxoak izan ditzakete edo piper-hazi osoak).
- Eta amaitzeko, gogoan izan tea eta infusioak ere urarekin egiten diren edariak direla, hotzak ere har daitezkeela eta kolore eta zapore bat baino gehiagotakoak daudela.