Urdaiazpiko egosiak zapore nabarmenik ez duen arren, familia osoari gustatzen zaio eta mastekatzeko eta digestioa egiteko erraza da.
Ikuspegi nutrizionaletik, proteina ugari du, eta koipe eta kaloria ugari ez duenez, txerriaren pateak baino hiru aldiz kaloria gutxiago eta txorizoak baino lau aldiz gutxiago du, hain egokia ez den alde bat ere baduen arren: sodio (gatz) kopuru handiegia.
Hizkuntza teknikoan urdaiazpiko egosia “beroarekin tratatutako haragiaren deribatu bat da”. Txerriaren atzeko hanka ondu eta egosita lortzen da (aurreko hanka erabiliz gero, “paleta egosia” da). Txerriaren hankari hezurra kendu eta garbitu ondoren, gatzunetan jartzen da, hau da, ura, gatza eta kontserbatzaileak (sodio-nitritoa edo potasio-nitritoa) dituen nahasketa batean. Gatzun honi azukreak, kontserbatzaileak, zaporea indartzekoak eta ura atxikitzeko agenteak (fosfatoak) bota dakizkioke. Urdaiazpiko egosia kategoria Estra, etiketa gorria edo Primerakoa, etiketa berdea, izan daiteke, bere kalitaterik txikieneko bertsioak, “urdaiazpikoaren fianbreak”, azukre gehiago izan baititzake eta almidoiak eta landare-proteinak ere bai, urdaiazpiko egosian horrelakorik onartzen ez den arren.
Urdaiazpiko egosia eta nutrizioa
Proteikoa da (%19ko proteina batez beste), gantz gutxikoa (%3 batez beste, batzuk ia %5era ere iristen diren arren) eta energia gutxiago du (100 gramoko 106 kaloria batez beste) txorizoak (100 gramoko 450 kaloria) edo txerriaren pateak (100 gramoko 300 kaloria) baino. Karbohidratorik ez du ia (%0,1 eta %2 artean) eta bere eragozpenik handiena sodio kopuru handia da. Hipertentsioa gatz-kontsumo handiegiari lotuta dago eta osasun publikoaren arazo handia da. Produktu hauen batez besteko sodio edukia %0,8 eta %1,1 artean dago eta giza organismoari elikagai batek sodio gehiegi ematen diola esaten da %0,7tik gora badu, hau da, produktuaren 100 gramoko 1,8 gramo gatz. Ez da nahikoa gatz edukiaren (kloruro sodikoaren) berri izatea, sodioaren osoko edukia kalkulatu behar da. Izan ere, urdaiazpiko egosiak substantziak izan ditzake gehituta, hala nola, glutamato monosodikoa, nitratoak, nitritoak eta fosfatoak, eta sodio dosi garrantzitsuak dituzte.
Badakigu hestekiak jatea ez dela gomendagarria, noizik eta behin hartu beharrekoak direla. Gomendio honi gehitu behar litzaioke, produktu hauek kontsumitzen direnean gatz gutxiko urdaiazpiko egosia izan behar dutela oinarrian, edo gatzik gabea edo gatz gutxiagokoa.