Mahatsak ondo aukeratzeko amarruak eta horiek errezeta gozoetan erabiltzeko ideiak.
Mahatsak kasik derrigorrezkoak dira Urtezahar-gauan. Tradizioak dio urte amaieraren eta berriaren arteko 12 kanpaikadetan zehar kanpai-hots bakoitzarekin mahats bat jan behar dela urtea zorte onarekin hasi nahi bada. Tradizio hori oso errotuta dago Espainian, eta XX. mende hasieran soberazko mahatsa saltzeko merkataritza-jukutria burutsu batean du jatorria. Gaur egun, erritual dibertigarri honetarako erabiltzen diren mahats gehienak Alacanteko Vanalopó herritik datoz. Mahats horiek berezko jatorri-deitura dute. Artikulu honetan aholku batzuk ematen dizkizugu mahatsa aukeratzeko, aurkezteko eta geratzen direnak aprobetxatzeko.
Urte amaierako mahatsak nola aukeratu.
Vinalopó poltsan sartutako mahaiko mahatsa jatorri-deitura babestuko fruitua da. Mahats-mota horren bereizgarria da hotzetik, euritik eta eguraldi txarretik babesten dituen poltsa baten barruan hazten dela, hazteko eta heltzeko tenperatura egokiarekin. Egun horietan gehien kontsumitzen diren mahatsak dira, baina merkatuan jatorri ezberdinekoak topa ditzakegu, inportaziokoak bereziki, Gabon garaian toki epelagoetatik datozenak.
Urtezahar-gauerako mahatsak ondo aukeratzeko aholkuak:
- Mahats-mordo estuak aukeratu.
- Tamaina ertaineko mahatsak erosi: txikiak oraindik ez dira garatu, eta handiek ur gehiegi dute eta motelagoak dira (gainera, “erlojuaren kontra” jateko zailagoak dira).
- Mahats-mordo helduak aukeratu, mahatsek zapore gehiago eduki dezaten.
- Gogoratu mahats-pikorrek kolore zuriztako geruza bat eduki behar dutela, freskotasunaren, zaporearen eta heltze egokiaren adierazgarri.
Mahatsak gordetzea eta aurkeztea
Mahatsak erosi eta gero, toki freskoan gorde behar dira Onena hozkailuan plastikoarekin bilduta mantentzea da, baina aireztapenarekin, ez izerditzeko. Horretarako, film motako paper zulatua erabili behar da, eta garbitu gabe gorde hozkailuaren erdian. Baldintza horietan ondo mantenduko dira zazpi egunez. Uzta noiz jaso den jakinez gero, are hobeto: onena 48 ordura kontsumitzea da, zapore eta gozotasun-puntu onenean daudelako.
Bere horretan jateko ez dago sekretu askorik: garbitu besterik ez dira egin behar. Aukerakoa da zuritzea edo ez. Era askotan aurkez daitezke: katilu indibidualetan, cava edateko kopetan, bruxetan, poltsatxoetan…
Horiek dastatu eta topa egin ostean, normalean mahats asko geratzen dira sobran: denbora faltarengatik jan ez ditugunak, ateratzea ahaztu zaizkigunak edo “badaezpada ere” sobera erositakoak. Noski, soberazko mahats horiekin datozen egunetarako beste plater eta azkenburuko gozoak presta ditzakegu, eta horrela ez dugu jana alferrik galduko.
Soberazko mahatsak erabiltzeko zazpi ideia
- Mahatsak bere horretan jan daitezke gazta krematsu pixka batekin, gosaltzeko edo mokadu gisa. Mahatsa, gazta, bihi osoko tostadak: konbinazio gozoa eta osasungarria eguna hasteko edo arratsaldean mokadu bat jateko.
- Mazedonia batean oso ondo konbinatzen dute beste fruta urtsu batzuekin, hala nola meloia, angurria, mertxika edo mugurdiak, uda eta udazken amaierarako. Baina baita garaiko beste fruta batzuekin ere, esaterako udarea, banana, sagarra edo kiwia.
- Zati fresko gisa aurkez ditzakegu entsalada ezberdinetan: tomatea eta izokin ketua; bakailaoa eta laranja; eskarola eta hegaluzea oliba-olio birjina estrarekin… Mahatsak oso ondo uztartzen dira konbinazio horietan, haien zaporea izugarri areagotzen delako oliba-olio birjina estraren ukitu batekin eta gatz pixka batekin ontzen direnean.
- Gordinik aprobetxatzeko beste modu bat haiekin irabiakiak edo sorbeteak egitea da. Mahats zuritu edo zuritu gabeak sagarrarekin eta limoi edo jengibre ukitu batekin irabiatu, eta kito! Azkar egindako sorbete bat nahiagoa baduzu, mahats freskoak izoztutako jogurt oso natural batekin txikitu, eta minutu gutxira azkenburuko gozo eta osasungarri bat edukiko duzu.
- Hozkailuan bote batean mazeratzen utz daitezke laranja-zuku, azukre eta koñak tanta batzuekin. 24 ordura xukatu. Mazeratu eta gero, hostorearen gainean egiteko, gazta-tarta freskoari botatzeko edo krepeak egiteko erabil ditzakegu jogurtarekin, bananarekin… Konbinazio errazak dira, baina oso interesgarriak, zapore-, tenperatura- eta testura-kontrasteengatik.
- Beste aukera bat azala kenduta oliba-olio birjina tanta batzuekin eta likore ukitu batekin salteatzea da, karamelizatu arte. Prestakin hori hamaika haragi- eta arrain-plateretan erabil daiteke, lagungarri gisa.
- Mahatsak saltsak prestatzeko ere erabiltzen dira, plantxan egindako haragien eta arrainen lagungarri gisa. Pieza kozinatu eta gero (haragia edo arraina), koipea kenduko diogu. Laranja-zukua (edo zitrikoena) botako diogu zartaginean itsatsitako zukuen glasak berreskuratzeko, eta mahats zuritu eta zatituak botako dizkiogu. Gero, hegazti-edo arrain-salda pixka bat botako diogu, irakinaldi bat emango diogu salda homogeneizatzeko, eta saltsa arto-irin pixka batekin lodituko dugu (kozinatzeko esne-gain pixka batekin, nahieran). Modu horretara, haragiei laguntzeko primerako mahats-saltsa lortuko dugu.