Ekilibria

Zeliakoen elikadura: nutrizio arloko gabeziak saihestu behar dira

Zeliakoetan funtsezkoa da dietan arreta handia izatea, ohiko nutrizio-gabeziak saihesteko edo zuzentzeko, hala nola, burdinaren, azido foliokoaren edo D bitaminaren gabeziak

Epidemologiak erakusten duenez, haur eta nerabe (eta heldu) zeliakoek, glutenari intolerantzia diotenek, mikronutriente batzuen gabezia izateko arrisku handiagoa dute, hala nola, burdina, azido folikoa, D bitamina eta kaltzio gabezia izatekoa. Hesteetako mukosako atrofiaren ondorioz mikronutrienteak ongi xurgatzen ez direlako gertatzen da hori. Nutriente hauetako askok hezurren egoera onarekin zerikusi zuzena dute, berez, nutriente hauek ematea ezinbestekoa da eskeletoaren garapenean eta hazkundean aurrerapen handiak izaten diren bizitzako unean. Zeliakoek dietari arreta berezia eskaintzea funtzeskoa da, nutrizio arloko balizko gabeziak saihesteko edo zuzentzeko.

Zeliakiak gaizki xurgatzearen sindromea berekin izaten du, hesteetako mukosan egoten den kaltearen ondorioz (kaltea txikia izan daiteke), baina handiagoa edo larria ere izan daiteke, heste-biloa atrofiatuta badago. Erasanik handiena duodenoan eta jeiuno proximalean izaten dira, heste meharraren lehenengo bi zatiak baitira eta hor xurgatzen diran nutrienterik gehienak.

Haur txiki zeliakoek beherakoa izaten dute askotan, pisua galtzen dute eta hazkundean atzerapenak izaten dituzte. Haur handiagoetan eta helduetan beste sintoma batzuk garatu daitezke (neke kronikoa, artikulazioetako mina, suminkortasuna, insomnioa, atzerapena garaieran…) horiek guztiak baliagarriak izaten dira nutritibo gabeziaren diagnostiko goiztiarra egiteko. Zeliakiako forma histologiko edozeinek, baita arinenek ere, gabeziak eragin ditzakete eta horren ondorioz anemia, osteopenia edo osteoporosia izan. Gabezia nutritiborik ohikoenak burdinaren, azido folikoaren eta D bitaminaren gabezia izaten dira.

Burdina eta aziko folikoa zeliakoentzat

Zaldiaren haragia da burdinarik gehien duena eta zeliakoen dietan sartu daiteke astean behin

Heste meharraren zati proximalean xurgatzen da burdina (batez ere duodenoan) eta azido folikoa, aldiz, jeiunoan. Hesteetako bi eremu horietan du eragina zeliakiak, horregatik izaten dira gabeziak mikronutrienteetan eta dagokion anemia (ferropenikoa edo megaloblastikoa) diagnostikatzea ohiko prozesua da zeliakoetan.

Dietan nahitaez sartu beharreko elikagaiak. Zaldiaren haragia da burdinarik gehien duena eta astean behin kontsumitu daiteke, beste haragi zuriekin (oilategiko oilaskoa) (120 g/anoa) eta arrainarekin (140 g/anoa) behar bezala txandakatuz gero. Arrainei dagokienez, burdinarik gehien dutenak arrain urdin txikiak (antxoa, sardina, bokarta) eta itsaskiak (berberetxoa, txirlak, muskuiluak eta ganbak) dira. Asteko menuan beste hauek ere sartu behar dira: lekaleak (astean behin edo bitan), hosto berdeko barazki anoa bat egunero eta fruitu lehor eskutakada bat (sesamoa, pistatxoak, pipak eta pinaziak dira burdinarik gehienekoak), baita fruitu lehortuak ere (abrikot-orejoiak, mertxikak eta datilak)

D bitamina

Giharretako ahulezia, hezurretako mina eta mugikortasun murriztua garatu daitezke, baina kasurik egin gabe pasa ere bai, gaixotasun kronikoak dituzten gaixoetan. Aldi berean, litekeena da metabolismoan mineralen gabezia apur bat dagoenearen susmo klinikoaren adierazle izatea ere, hala nola, kaltzio edo D bitamina gabeziaren adierazle.

Haur zeliakoekin D bitaminaren osagarriak modu unibertsalean erabiltzea zalantzan dago oraindik ere, errakitismo klinikoa ez baita ohiko gaitza. Aldiz, eguzkitan egoteak D bitaminaren sintesi endogenoa bermatzen du, beharrezkoa baita metabolismoarentzat, kaltzioa xurgatzeko eta hezurren osasunerako. Haurren kasuan, tratamenduaren zatietako bat egunero eguzkitan egotea izan beharko litzateke, kontrolatuta egin beharko litzatekeen arren. Gainera, komenigarria da neguko egunik hotzenetan ere haurrak 15-30 minutuz kanpoan ibiltzea, aurpegi, lepo eta eskuetan ezer gabe, eguzki izpiak jaso ditzaten, zerua hodeiz estalita egon arren.

Dietan nahitaez sartu beharreko elikagaiak. Haurren menuetan elikagai hauek sartu behar dira: arrautzak, txanpinoiak eta perretxikoak, arrain urdin freskoak eta kontserbakoak (antxoak oliotan, sardinak, berdela, hegaluzea eta atuna). Azkeneko hauek D bitamina ugari izateaz gain, kaltzio iturri bikainak ere badira. Esneaz eta esnekiez gain, mineral ugariko elikagaiak dira sesamo haziak, fruitu lehorrak, lekaleak eta hosto berdeko barazkiak (aza, brokolia, ziazerba, zerba eta berroa).

 

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
43392