Ekilibria

Zenbat da fruta eta barazki anoa bat?

Frutak eta barazkiak kontsumitzeko arrazoi ugari dago. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) dio elikagai hauek behar adina jaten ez badira (patata bezalako tuberkuluak kontuan izan gabe), kardiopatia iskemikoak eta hodietako eta garuneko istripuak izateko arrisku handiagoa dagoela. Are gehiago, egunero fruta eta barazki anoa bat gehiago hartuz gero, urtean 20.000 minbizi kasu saihestu ahal izango lirateke. Baina zer da anoa bat? Berdin al dio entsalada bat edo tomate-zukua izan? Elikagai berdinak al ditu basafruitu batek edo sagar batek? Aditu-batzordeak ahalegin handiak egiten ari dira fruta eta barazki anoa batek zenbat gramo dituen argitzeko eta hori neurtzeko etxeko zer bitarteko erabili ikusteko. Horri buruzkoa da artikulu hau.

Zenbat gramo dira fruta eta barazki anoa bat?

“5 al día” elkarteko batzorde zientifikoak ‘Fruta eta barazki anoak Espainian’ agiria argitaratu zuen 2010ean eta azterketa zabala egin zen “kontsumitzaileek askotan egiten duten galdera bati erantzun erraza emateko: zenbat da anoa bat?”. Hasteko, Espainiako ohiko anoaren neurria kontuan hartu zen. Dokumentu honetan parte hartu zuen jada ez dagoen talde batek (Dietista-Nutrizionisten Espainiar Elkarteko azterketa eta posizionamendu gainbegiratze taldeak) eta nazio mailan egindako elikagaien eta elikatzeko ohituren inguruko inkestako datuak hartu ziren kontuan, baita Espainian merkaturatutako elikagaien kalibrearen azterketak ere. Kontuan izan ziren beste alderdi hauek ere:

  • Kontsumitzailerik gehienek aitortutako elikagai kopurua.
  • Elikagai-gidetan erabili ohi izan diren kopuruak.
  • Elikagai maila giltzarriek eskaintzen dituzten janari kopuruak.

Horiek guztiak kontuan izan ondoren, frutak eta barazkiak kontsumitzeko anoa batzuk adostu ziren eta talde berean trukeak edo aldaketak egon arren, funtsezko elikagai zenbaiten kopuruan ezin zuten oinarrizko alderik sortu. Anoa horiek zentzu dietetikoa eta sukaldaritzako zentzua izatea ere bermatu nahi izan zen eta kontsumitzaileek erraz kuantifikatu eta identifikatzea ere bai. Hauek dira:

  • Fruta freskoen anoa bat: 140-150 gramo pisu garbian.
  • Barazkien anoa bat: 140-150 gramo pisu garbian.

15 urtez gorakoek egunean gutxienez hiru fruta anoa kontsumitzea komeni da (435 gramo inguru egunean) eta gutxienez bi barazki anoa (290 gramo egunean), hau da, guztira 700 gramo baino gehiago. 5 urtez azpikoetan ez dago berariazko helbururik (ahalik eta fruta eta barazki fresko gehien eskaintzea gomendatzen da) eta 5-15 urte arteko haurrek egunean 500 gramo gainditu behar lituzkete (frutak eta barazkiak batuta). “5 al día” elkartearen webgunean hala islatu da hori eta informazio gehiago ere badakar etxean ditugun neurriak erabiliz anoa bat zenbat izango litzatekeen jakiteko.

Anoa baten etxeko neurria

Barazki anoa bat (140-150 g gordinik eta garbituta) hauetako baten parekoa da:

  • prestatutako barazkien plater txiki bat: zerbak, ziazerbak, azak, brokolia, txanpinoiak, kardoa, azenarioa, kuia, lekak…
  • eskarola edo letxuga plater handi bat.
  • alberjinia erdia.
  • kuiatxo erdia.
  • tomate ertain bat.
  • endibia bat.
  • piper ertain bat.
  • pepino txiki bat.
  • azenario handi bat.
  • lau orburu ertain.
  • sei zainzuri fin.
  • edalontzi erdi tomate-zuku.

Fruta anoa bat (140-150 g gordinik eta garbituta) hauetakoen pare dago:

  • fruta ertain bat: udarea, sagarra, laranja, banana, irasagarra, arabisagarra, etab.
  • meloi, angurri edo anana zati ertaina.
  • %100 zukuaren edalontzi bat (azukrerik gabea).
  • arbeletxeko, aran, datil, mandarina, piku eta antzeko neurriko fruten bi-hiru ale.
  • 4-5 mizpira.
  • 8 marrubi ertain.
  • postreko plater bat bete gerezi, mahats, masusta, andere-mahats edo antzeko neurriko beste fruta batzuk.

“5 al día” batzorde zientifikoaren ustez etxean egindako fruta-zukua (edo %100 frutetatik edo kontzentratuetatik datorrena, baina azukrerik gehitu gabea) egunero hartzea komeni den hiru fruta anoa horietako bat izan daiteke. Baina bat bakarrik. Hau da, azpimarratu egiten du fruta ale baten ordez zukua gehienez ere egunean behin hartu daitekeela. Hau guztia ikusi daiteke Manuel Moñinok koordinatuta egin den agirian. ‘Fruta-zukuen kontsumoa, elikadura osasungarriaren markoan’. Hau da, egunero zukua hartzea ez da beharrezkoa, baina egunero fruta freskoaren hiru anoa hartzea bai, epe luzera osasuna mantentzeko eta hobetzeko.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
43398