Ekilibria

Zenbat eta fruitu lehor gehiago, orduan eta heriotza-arrisku txikiagoa

Gatz erantsirik gabeko fruitu lehorrek kolesterola, gaitz kardiobaskularren intzidentzia eta heriotza-arriskua murrizten dituzte.

Gozo-gozoak dira, errezeta ugaritan erabil ditzakegu, eta zuntz, bitamina, mineral, landare-proteina eta koipe osasungarri asko dituzte. Horrez gain, gaitz kronikoak eta heriotza goiztiarra prebenitzen laguntzen dute. Zalantzarik gabe, une hauxe bera ere abagune ezin hobea da intxaur, hur, almendra, pistatxo edo beste edozein fruitu lehorren eskukada batekin gozatzeko. Hori bai, gatz erantsirik gabe, askoz hobeto. Ondoren, fruitu lehorrek dituzten onuren frogak biltzen ditugu, zergatik elikagai probetxugarria diren azaltzen dugu, eta horien gaineko mito nagusia suntsitu, hots, fruitu lehorrak jateak loditzen duela.

 

Fruitu lehorrak: haien onuren froga sendoak

Arlo akademikoan, ez dago fruitu lehorren onurei buruzko zalantzarik. Ikerketa ugarik adierazten dute komenigarria dela sarritan jatea. Esaterako, Nutrizio, Elikadura eta Dietetika Elkarteen Federazioaren II. Kongresuak 2010ean “Fruitu Lehorrak eta Osasun Kardiobaskularra” izeneko sinposioa antolatu zuen, eta, bertan, jaki horiek kontsumitzeak osasun koronarioan eta zirkulazio-osasunean duen rolari buruzko adierazpena atera zen. Adierazpen horri “Bartzelonako Adierazpena” deitu ohi zaio, eta, besteak beste, esaten du “fruitu lehorrak osasun kardiobaskularrerako onuragarriak direla frogatzen duten ebidentzia zientifiko gehien dituzten jakietako batzuk direla” eta “irmoki egiaztatu dela dieta osasungarri batean fruitu lehorrak jateak kolesterola murrizten duela”.

2013ko uztailean argitaratutako ikerlan batek ebidentzia gehiago eman zituen: arrisku kardiobaskular handia duten helduen kasuan, fruitu lehorrak kontsumitzeak heriotza goiztiarra izateko arriskuak murrizten ditu. Nahiz eta pareko ondorioak izan zituzten antzeko beste lau azterketa prospektibo dauden, aipatutako argitalpen horri sinesgarritasuna ematen dion beste alderdietako bat da populazio mediterraneoaren gainean egin zela, eta, horren baitan, fruitu lehorren kontsumoa beste eskualde batzuetan baino ohikoagoa da.

PREDIMED (PREbentzioa DIeta MEDditerraneoaren bidez) entsegua da Espainian nutrizioari buruz egin direnen artean hedapen handienekoa. Ikerlanean, 7.216 pertsonak parte hartu zuen, hiru taldetan banatuta: oliba-olioarekin osatutako dieta kontsumitu zutenak, fruitu lehorrekin osatutako dieta izan zutenak eta kontrol-dieta bati jarraitu ziotenak. 4,8 urtez jarraipena egin ondoren, astean 3 anoa fruitu lehor baino gehiago kontsumitu zutenek % 39an murriztu zuten edozein arrazoirengatik hiltzeko arriskua. Edonola ere, garrantzitsua da kontuan hartzea hobe dela gatzik gabeko fruitu lehorrak aukeratzea. Izan ere, gatz eta jaki gazitu asko jatea arriskutsua dela egiaztatzen duten froga gero eta gehiago daude.

 

Fruitu lehorrak, jaki on-onak

Fruitu lehorren kontsumitzean, heriotza-arriskua txikiagotzen da, eta horrek zalantzan jartzen du “ez dago ez jaki txarrik ez onik, dieta osasungarriak eta kaltegarriak baizik” dioen esaldi ezaguna. Egiaz, baieztapen hori 2011ko uztailean kolokan jarri zen jada, Mozaffarian eta haren laguntzaileen ikerlana argitaratu zenean. Orduan, Dariush Mozaffarian doktoreak (ikerlan esanguratsu ugari dituen Harvard Unibertsitateko epidemiologo entzutetsua) adierazi zuen aipatutako esaldi hori gezurra dela, eta elikagai kaltegarrien salmentak gutxitu nahi ez dituzten elikagai-industriek hedatu zutela. Haren iritziz, badira jaki txarrak eta onak, eta, horregatik, onak maizago jatea eta txarrak gutxiagotan kontsumitzea gomendatu behar da. Haren gogoetetako batek oso argi azaltzen du hori: “neurriz janda denetarik jan daitekeela pentsatzeak nahi duguna jateko aitzakia baino ez da”.

Laburbilduz, “neurriz jatearen” kontzeptuak indarrean jarraitzen duen arren, neurri handiagoz aritu behar gara zenbait elikagai jatean, hala nola edari azukredunak (horiek kontsumituz gero, aldizka baino ez dira hartu behar). Elikagai osasungarrien kontsumoari dagokionean, ordea, “neurriz jokatzea neurrira ekar” dezakegu (eta horixe dugu fruitu lehorren kasua). Izan ere, kontuan hartu behar dugu astean 40 gramo kontsumitzen ditugula batez beste, eta egungo gomendioek proposatzen dutela 75 eta 200 gramo fruitu lehor kontsumitzea astean (eta baliteke zenbaki horiek gora egitea).

 

Mitoa: fruitu lehorrek loditzen dute

Fruitu lehorren kontsumoa areagotzeko aholkua kontraesanean dago fruitu mota horiek “loditzen dutela” baieztatzen duen ustearekin. Baina horrela da? 2011n, “Aldaketak dietan eta bizi-estiloan eta epe luzerako pisu-igoera” ikerlana argitaratu zuten Mozaffarian, Hao, Rimm, Willet eta Hu aditu entzutetsuek, eta, bertan, adierazi zuten fruitu lehorren kontsumoa areagotzen denean, pisu-igoera murrizten doala urtez urtez.

Biztanle arruntentzat sinestezina dirudi hori, jaki horiek kaloria asko dituztelako, eta zenbat eta kaloria gehiago hartu, orduan eta pisu gehiago irabazi beharko genuke, termodinamikaren legeen arabera. Aitzitik, ikerlanen egileak ez ziren horrekin harritu, fruitu lehor gehiago jatean beste jaki kaltegarri, oso prozesatu eta kalorikoago batzuen kontsumoa murrizten delako. Hortaz, guztira hartutako kalorien kopurua ere txikiagoa da. Gainera, fruitu lehorrek zuntz dietetiko ugari dutenez, digestio-prozesuaren abiadura moteltzen da, eta, ondorioz, ase egotearen sentsazioa luzatu. 2010ean, Mattes-ek eta Drehel-ek beste hiru arrazoi eman zituzten hori justifikatzeko (nobedaderik ez zuten esan, hala ere):

  • Gure hesteentzat, zaila da fruitu lehorren energia xurgatzea.
  • Gure digestio-sistemak energia asko behar du horiek digeritzeko.
  • Sarritan jaten dituzten pertsonek joera handiagoa dute dieta osasungarria eramateko.

Egiaztapen horren funtsean dagoen mekanismoa edozein dela ere, Jordi Gol Lehen Arretari buruzko Ikerketarako Unibertsitate Institutuko ikerlariek azken ukitua eman zioten baieztapenari 2013ko apirilean. Haien meta-analisiak berresten du dietan fruitu lehorrak sartzeak ez dituela gorputzaren pisua eta abdomenaren perimetroa handitzen.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
92184