Ekilibria

Zopa hotzak, gazpatxoa baino askoz ere gehiago

Gosaltzeko, bazkaltzeko nahiz afaltzeko, lehenengo platerean nahiz azkenburukoan, errezeta gozo nahiz gazietan, salda freskoak ezin hobeak dira udan.

Naturak eta errezeta-liburu tradizionalek dute udan beroari aurre egin eta hidratatzeko gakoa. Baratzak ur-eduki handiko fruitu eta barazki freskoak ematen ditu sasoi honetan. Baina zukutu, irabiatu edo zatitan jateaz gain, gehiago ere egin daiteke haiekin: zopa ere bihurtu daitezke. Irudimen apur batez onduta, osasun-koilarakadak sartzen ditu teknika erraz eta azkar horrek, eguzkiaren eragin oxidatzailea geldiarazteko behar ditugun mantenugaiez beteta dauden produktu osasungarri eta freskoak harturik oinarri. Artikulu honetan zopa hotzak ezagutzeko gonbit egiten da; izan ere, betiko gazpatxoaz harago doazen proposamenak hartzen ditu barnean.

Udako zopak prestatzen hasi aurretik, alde batera utzi behar da sukaldean oso finkatuta dagoen ohitura txar bat: zopa egitea ez da umeltzen hasitako barazki eta fruituak aprobetxatzeko modu bat soilik. Emaitza ona lortu ahal izateko, sukaldean beti gerta bezala, ezinbestekoa da lehengaia ongi kontserbatuta egotea. Sasoiko fruituak eta barazkiak dira udako zopa hauen oinarria eta, beraz, merkatuko eskaintza oso erakargarria izango da.

Gainera, hainbat nutrizio-abantaila ematen dituzte zopek: asko hidratatzen dute, eta ezaugarri hori oso garrantzitsua da udan; elikagaiak disimula ditzakete, eta hori lagungarria da haurren gustua hezteko; eta bestela dietan sartuko ez litzatekeen mantenugai kopuru handia sartzeko balio dute.

Hain zuzen, zapore berezia dute zopek. Hala ukitu gozo arinekoak nola gaziak eta sofistikatuak izan daitezke, eta testura, nahasketa eta kolore harrigarriekin lortzen dute hori.

 

Gosarian, fruta eta jogurt zopak

Zopa gosaltzeko? Zergatik ez?! Gosaria asmo-adierazpen bat da erabat. Angurri eta jogurt zopa hotza prest edukitzea eguna hasteko modu zaporetsu eta mamitsua da bitamina eta freskotasun handiko dieta izan nahi bada. Aukerakoak dira gerezi, laranja eta azenario, marrubi nahiz kiwi zopak ere. Eguna hondartzan, igerilekuan edo mendian emateko beharrezko bitaminak eta hidratazioa ematen du haietako edozeinek. Konbinazio hori urrats aproposa da oso-osoko gosaria egiteko bidean: karbohidrato konplexuak (zereala, ogia) eta proteinak (fruitu lehor eskukada, hazi nahastea, arrautza) besterik ez ditu falta osasungarria, orekatua eta askia izateko.

 

Zopa freskoak lehenengo platerean

Bazkarirako nahiz afarirako, zoparekin hasteko aukerak gosea egiten eta asetzen du aldi berean, eta egarria baretzen du. Otarrainxka eta itsaski zopa bat presta daiteke, edo barazkietara jo, adibidez, tomate eta piper gorri zopa eginez.

Ukitu gazia ematen bazaio, edo osagai gaziz laguntzen bada (esaterako, urdaiazpiko ondu zatitxoak, izokin ketu zatiak mihilu zopan edo gazta freskoko kubotxoak tomate zopan), errezeta zaporetsua ez ezik bete-betekoa izango dugu.

Luzoker edo erremolatxazkoa ere izan daiteke zopa, eta udan hainbestetan alde batera utzitako lekaleak ere sar daitezke, adibidez, ernamuinak, apioa eta txitxirio batzuk dituen mihilu zopari esker. Zopen kolorea garrantzitsua da; izan ere, naturak udan eskaintzen dituen koloreak islatu beharko lituzke mahaiak: gorriak, laranjak, berde biziak eta horiak, hainbat tonalitatetan.

Afaltzeko, apio eta sagar zopa exotikoa edo porru eta patata zopa klasikoa proba daitezke. Hasierako aukera ezin hobe horrek haragi, arrain edo zereal eta lekaleren edozein konbinazioz egindako plater beroa jateko prestatzen du mahaikidea. Zopei esker, bete-beteko menu heterogeneoak diseina daitezke.

 

Azkenburukoan, zopa gozoa

Izozkien ordez, aukera fresko egokia da zopa hotza. Frutetarako bestelako testura bilatzea da kontua, esne eta azukre gehiegi izan ohi dituzten formuletan erori gabe. Hainbat aukera gozo daude fruta zopak egiteko: gereziak, laranjak, marrubiak, kiwiak edo anana kanela ukitu batekin. Hain zuzen ere, udako edozein fruta freskori ura eta loditzailea gehitzen bazaio (adibidez, jogurta, agar-agarra edo, egun berezietarako, izozkia) zopa biribila eta indargarria prestatzen da.

 

Zopak: kontuz azukrearekin eta gatzarekin

Aukera osasungarria egiteko asmoz prestatu nahi badira zopak, kontu handia eduki behar da gatzarekin eta azukrearekin.

Gatza, edo ongailu gazia, neurriz bota behar da betiere, zaporea nabarmentzeko eta platerari oreka nutrizionala emateko. Hala, bada, tomatearen garraztasuna (hain ohikoa zopa hotzetan) neutralizatzeko, gatza eta azukrea behar dira; hala ere, oso antzeko efektua lor daiteke belar usaintsuak erabiliz, gehiegizko ongailurik gabe. Aukera hori osasungarriagoa da. Oregano, ezkai edo perrexil pixka batek zaporea indartzea eta zopa bizitzea lortzen du.

Azukrearekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Frutak ez du azukreren beharrik, are gutxiago esnekiak gehitzen bazaizkio, adibidez, izozkiak edo jogurta.

 

Gazpatxoa… meloizkoa?

Gazpatxoaren mundua aukeraz bete da. Tradizionalena Andaluziako gazpatxoa da, eta familia bakoitzak bere ukitua ematen dio, hain da plater maitea. Baina zenbait formula oliba-olio birjina estraz, piperrez eta tomateez harago doaz. Extremaduran ogia eta beren ukitua soilik gehitzen diote gazpatxoari, baina badaude urazazko gazpatxoa eta uraza eta espinakazkoa gazpatxoa ere. Hala eta guztiz ere, barazkiak fruituekin ordezkatu eta angurri, gerezi edo pikota gazpatxoa eta meloizko gazpatxoa egiten hasi zirenean iritsi zen iraultza.

 

Zopak kontserbatzea: egun gutxiz eta hozkailuan

Zopa hotzak prestatzean, hozkailuan gordetzea da azken urratsa. Hor lortzen dute tenperatura egokia, eta are beharrezko testura; beraz, gutxienez 12 orduz hoztea gomendatzen da.

Noiz kontsumitu behar diren, hor agertzen da zalantza. Ez dira bi egun baino gehiago igaro behar. Frutak eta barazkiak oxidatu egiten dira eta gustuaren kalitatea galtzen dute. Gainera, hotz-katea hautsi bada, ez da berriz hasi behar. Horregatik, oso gogoan izan behar dira errezetetan gomendatutako kantitateak edo esperientziaren arabera jakindakoak. Ez da komenik litro ugari prestatzea. Errazak dira prestatzeko, freskotasuna funtsezkoa da, eta zopa beroak ez bezala zopa hotzak oso galkorrak dira, beroak ondo gorde daitezkeenez, baita izoztu ere.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
138794