Komenigarria da haragi gorrien eta prozesatuen kontsumoa murriztea, baina arrazoirik gabeko alarmismoetan erori gabe.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) haragi gorri eta prozesatu asko kontsumitzea minbizia izateko arriskuarekin lotuta dagoela ondorioztatu berri du. Hala ere, erakundeak berak zenbait ñabardura egin ditu, arrazoirik gabeko alarmismorik ez sortzeko. 2015eko urriaren 26an argitaratu zuen haren balorazioa OMEk, gaztelaniaz ere irakur daitekeen prentsa-ohar batean, eta, bertan, The Lancet Oncology aldizkarian agertutako argitalpen bati erreferentzia egin zion. Era berean, gaiaren gaineko galderak eta erantzunak jasotzen dituen agiri bat ere plazaratu zuen. Artikulu honetan, arloari buruzko zalantza nagusiak jorratzen ditugu, OMEren mezua aztertu eta haragi prozesatuak eta gorriak zer diren azaltzen dugu eta kontsumo-maiztasun gomendatuez aritzen gara.
Egiaz, zer dio OMEk haragi gorriei eta prozesatuei buruz?
10 herrialdetako 22 adituz osatutako lantalde batek haragi gorrien eta prozesatuen eta minbizia-arriskuaren arteko loturari buruzko literatura zientifikoa sakonean ebaluatu zuen, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) hala eskatuta.
Azterketa horren ondorioz, OMEk haragi gorriaren kontsumoa “gizakiei minbizia eragin diezaieketen” faktoreen artean sailkatu du, kolon eta ondesteko minbiziarekin lotuta egon litekeelako eta baita pankreako eta prostatako minbiziekin ere.
Haragi prozesatua, bestalde, “gizakientzat kartzinogeno” diren elementuen artean sailkatu da, horren kontsumoa eta kolon eta ondesteko minbizia lotzen dituzten ebidentzia zientifiko nahikoak baitaude. Espainian, horixe da minbizia motarik ohikoena, Espainiako Onkologia Medikoko Elkartearen (SEOM) arabera. OMEk dioenez, egunean 50 g haragi prozesatu hartzeak % 18 areagotzen du kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua, nahiz eta honakoa nabarmentzen duen: “banakoen kasuan, haragi prozesatua jateagatik kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua txikia da, baina arrisku hori areagotu egiten da kontsumitutako haragi kopurua handitu ahala”. Mezua lasaigarria den arren, OMEk adierazi du ez dugula ahaztu behar “minbizia-intzidentzian duen inpaktu orokorra oso garrantzitsua dela osasun publikoarentzat”.
Mezu alarmistak prentsan
OMEk azpimarratu badu ere haragi gorria edo prozesatua kontsumitzeagatik minbizia izateko arrisku indibiduala txikia dela, komunikabide askok gaiari buruzko mezu alarmistak argitaratu dituzte, datu zehatzetan oinarritzen ez diren titularrekin. Era berean, askok ez dituzte artikuluetako edukiak nutrizioaren eta osasunaren eremuko profesional independenteekin erkatu. Zoritxarrez, alarmismoa okerrerako baino ez da izaten, biztanleak nahastu egiten dituelako (“denak sortzen du minbizia”, “dena da kaltegarria osasunarentzat”), eta, ondorioz, askok osasun-mezu fidagarriei entzungor egin diezaietelako, edo “hau ez bada, beste gauza batek hilko gaitu” bezalako argudioak bota, osasun-ohiturak aldatu beharrean.
“Consejos nutricionales en los diarios, ¿son fiables?” artikuluan azaldu genuen bezala, kazetariek prestakuntza espezializatu hobea izan beharko lukete ebidentzia zientifikoak interpretatzeko. Hala, kasu honetan, ezinbestean azpimarratu behar da haragi prozesatuak tabakoaren talde berean dauden arren, horrek ez duela esan nahi minbizia maila berean eragiten dutenik, eta komunikabide askok ez dute hori argitu. Adibide gisa, Eguzkia eta sutzar bat “argi- eta bero-igorleen” multzoan sailka ditzakegu biak, baina bero- eta argi-ahalmen oso desberdinak dituzte.
Horregatik, osasunean espezializatutako kazetari den Pablo Lindek haren Twitter kontuan azpimarratu zuen haragi prozesatuak % 18 areagotzen duela minbizia-arriskua, eta tabakoak, berriz, % 1.500.
OMEk berak adierazi du urtean 34.000 heriotza egosten zaizkiola haragi prozesatu ugaridun dietek sortutako minbiziei eta 50.000 heriotza haragi gorri ugaridun dietek sortutakoei. Tabakoak, berriz, milioi bat pertsona hiltzen ditu urtean, alkoholak 600.000 eta aire-kutsadurak 200.000 baino gehiago.
Zergatik arrisku hori?
Badakigu arriskua dagoela, baina ez dugu arrazoia ezagutzen. Izan ere, haragi gorriek eta prozesatuek minbizia-arriskua igo dezaketen zenbait osagai dituzte (hemo motako burdina, konposatu N-nitrosoak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak eta amina aromatiko heteroziklikoak), baina OMEk azaldu du “oraindik ez dela erabat ulertzen haragi gorriak edo prozesatuak zer modutara areagotzen duen minbizia-arriskua”.
Zer dira haragi gorriak eta zer haragi prozesatuak?
OMEk agiri bat argitaratu du gaztelaniaz, haragi gorrien eta prozesatuen gainean duen jarrerari buruzko galdera eta erantzunak jasotzen dituena. Bertan, haragi gorritzat hartzen da “ugaztunen gihar-haragi guztia, abelburuen, txahalaren, txerriaren, arkumearen, zaldiaren eta ahuntzaren haragia barne”.
Bestalde, haragi prozesatutzat sailkatuko genuke “gazitze, ontze, hartzitze, ketze edo haren zaporea edo kontserbazioa hobetzeko beste prozesuren baten bidez eraldatua izan dena”. OMEk dioenez, haragi prozesatu gehienak txerrien edo abelburuen haragiarekin egiten dira, baina baliteke “bestelako haragi gorriak, hegazti-haragia edo odola bezalako haragi-barrukiak edo -azpiproduktuak” ere edukitzea. Haragi prozesatuen artean daude, besteak beste, mota guztietako saltxitxak, urdaiazpikoa, kontserbako haragia, gatzartua edo haragi lehorra eta haragiarekin egindako prestakinak eta saltsak.
Zein da gomendatutako kontsumo-maiztasuna?
OMEk ez du ezarri haragi mota bakoitzean zer kopuru zehatz den gomendagarriena, baina baditugu Minbizia Ikertzeko Munduko Funtsak emandako jarraibideak. Erakunde horren iritziz, populazioaren batezbestekoak ez luke 300 gramo haragi gorri baino gehiago hartu beharko astero. Dieta Ahorakinen Inkesta Nazionalaren (ENIDE) hitzetan, Espainian 428 gramo hartzen dira astero, eta, beraz, komenigarria da haragi gorrien kontsumoa 130 gramo jaistea asteko. Adibide gisa, txahal-xerra edo azpizun batek 95 gramo pisatzen ditu, eta txahal-entrekot bat 200 gramora irits daiteke.
Halaber, haragi prozesatuaren kasuan ere, OMEk ez du gehienezko kopururik finkatu; baina zenbait ikerketaren egileek adierazten dute ez dela komeni egunean 20 gramo baino gehiago jatea. BMC Medicine aldizkariak 2013ko martxoan argitaratutako ikerketaren arabera, europarrek egunean 20 gramo haragi prozesatu baino gutxiago jango balituzkete, populazioaren hilkortasuna % 3,3 jaitsiko litzateke. Espainian, produktu horien 35 gramo hartzen dira egunean, batez beste. Horrenbestez, kontsumoa pixka bat jaitsi beharko litzateke. Horretarako, nahikoa izango litzateke egunean urdaiazpiko-xerra bat (20 gramo, gutxi gorabehera) edo bi txorizo-xerra (16 gramo) gutxiago jatea. Edonola ere, Minbizia Ikertzeko Munduko Funtsak uste du onena dela haragiaren deribatuak ekiditea gure egunerokoan.
Azkenik, adierazi behar da OMEren jarrera bat datorrela erreferentziazko hainbat osasun-erakundek duela urte askotatik esaten dutenarekin. Hala, Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkarteak prentsa-ohar bat argitaratu du gai horren inguruan, eta bertan azaltzen duenez, OMEren txostenak “ez ditu gure gizartearen eta beste gizarte nazional eta nazioartekoen egungo nutrizio-gomendioak aldatzen”. Bere aldetik, Espainiako Kontsumo, Elikagai Segurtasun eta Nutrizio Agentziak (AECOSAN) OMEren txostenari buruzko jakinarazpen bat plazaratu du ere, eta bertan aholkatzen du “osasun publikoaren egungo gomendioak mantentzea, haragi-kontsumoari dagokionez: kontsumoa neurrizkoa izan behar da, eta, zehazki, astean bitan jan daitezke gehienez, modu jarraituan eta gehiegi hartzeak osasun-arazoak sor ditzakeelako”.