Kontsumo Ministerioari eta Europako Batzordeari egindako eskarira atxiki da EROSKI, Nutri-Score etiketa aurreratua nahitaezko etiketa sistema harmonizatua izan dadin.
Berrogei erakundetik gora batu dira, eta denetariko entitateak daude: kontsumitzaile elkarteak, elkarte akademikoak, osasun publikoko erakundeak, eta askotariko enpresa eta banatzaileak. Eskatzen dute nahitaezkoa izan dadila NutriScore etiketa “etxaldetik mahaira” Europako estrategiaren esparruan; izan ere, erosteko eta elikatzeko orduan funtsezko tresna bat da, kontsumitzaileei erabaki osasungarriagoak hartzen laguntzen diena.
Elikadura-zientzien arloko akademikoek sortua da Nutri-Score eredua, eta Europako Batasunak balioztatua dago; gainera, Osasunaren Mundu Erakundearen babesa du. Herrialde bateko baino gehiagoko ikerketek erakusten dute Nutri-Score dela gaur egun sistemarik onena kontsumitzaileei nutrizio aldetik kalitatezko elikagaiak erosten laguntzeko eta hala erabaki osasungarriagoak hartzen laguntzeko.
Espainian aitzindariak hura ezartzen
“Kontsumo arduratsu baten alde konprometituta gaudenez, ez dugu bakarrik produktuak hobetzeko zeregina hartzen, gizartean ohitura osasungarriak erakusten ere laguntzen dugu. Elikagaiek nutrizio aldetik duten kalitatea modu gardenean erakustea funtsezkoa da kontsumitzailearentzat. Hori dela eta, 2018ko amaieran, geure borondatez erabaki genuen nutrizio arloko Nutri-Score etiketa ipini behar genuela marka propioko produktuetan, eta aitzindariak bihurtu ginen Espainian.
Bestela ezin eta, orain, beste eragile batzuekin batu gara, gaur egun hura baita modurik onena kontsumitzaileei informazio argia eta xehea emateko; izan ere, erabaki kontzienteak eta irizpidedunak hartzen laguntzen die erosketak egiteko orduan. Milaka kontsumitzaileri galdetu diegu Nutri-Scoreren gainean, eta esan digute aurrerapen nabarmena dakarrela nutrizio etiketa osoagoa, erabilgarriagoa, praktikoagoa eta ulergarriagoa egiten duelako eta efektiboa delako dieta osasungarria osatzeko orduan”, azaldu du EROSKIren Osasun eta Jasangarritasun
arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.
Nutri-Score etiketak sailkapen orokor bat erakusten du nutrizio kalitatearen arabera, eta bost mailatako eskala soil bat darabil horretarako, bakoitza letra eta kolore batekin adierazia (A berdetik E laranja ilunera). Kalkuluei dagokienez, hiru elementu neurtzen ditu produktu baten 100 gramotan: kaloriak, osasunerako onak izan daitezkeen mantenugaiak (zuntza, proteina eta fruitu, barazki, fruitu lehor eta lekale kopuruak) eta murriztea komeni diren mantenugaiak (gantz saturatuak, gatza eta azukreak). Nutrizio informazio argia, gardena eta eskuragarria ematen du edonorentzat; horri esker, produktu bakoitzak nutrizio aldetik duen balorazio globala jakin daiteke, eta hala haren antzekoak diren beste batzuekin konparatu; horrela, irizpide hobeekin joka daiteke elikadura orekatua, osasungarria eta jasangarria eramateko orduan.
“EROSKIn beti saiatzen gara informazioaren gardentasunari dagokionez abangoardian joaten, informazioan oinarritzen diren sistemarik aurrerakoienen alde egiten eta sail bakoitzean orekatsuenak diren aukerak gomendatzen, hala baitator Osasunaren eta Iraunkortasunaren alde hartuak ditugun 10 konpromisoetan. Hori da Nutri-Scoreren kasua”, esan du Martinez Berriochoak.