Leire Mugerza:
EROSKI S. Coop-en Kontseilu Errektoreko lehendakariak emakume izatea erantzukizunezko kargua edukitzearekin bateratzeari buruz hitz egin digu.
Zer lanpostu daukazu gaur egun? Eta zer enpresatan?
Erantzukizunezko postuetan egon naiz beti, kalitatearen, kudeaketa-sistemen edo sozietate-organoaren eremuetan, eta, gaur egun, Lea Artibai kooperatiban lan egiten dut, eraginkortasuna hobetzeko lean proiektuetan.
Erantzukizunezko lanpostua duen emakume bat zara. Nola lortu duzu bizitza familiarra eta lan-erantzukizuna bateratzea eta oreka izatea?
Emakume gehienentzat bezala, zaila izan da. 3 ume ditut, eta txikiak zirenean, oreka bilatzea oso zaila zen. Lanak denbora eskatzen dizu, familiak ere bai, eta denbora oso baliabide urria da. Momentu oso desberdinak egon dira, eta horietako batzuetan bati ala besteari eman diot lehentasuna eta horrekin lotuta hartu ditut erabakiak eremu pertsonalean edo profesionalean. Gaur egun, oreka pertsonala aurkitzea lortu dudan puntu batera iritsi naiz, ez horrenbeste bakoitzari dedikatzen diodan denborarengatik (badakit hori ez dagoela orekatuta), baina bai lasai egon naitekeelako, ez baitut beste erantzukizuna faltan botatzen bietako batekin nagoenean.
EROSKIko kontseilu errektorearen lehendakari zaren heinean, nola ikusten duzu emakumearen rola enpresan?
EROSKIn, emakumeen rola funtsezkoa da. Kooperatiba bat gara, eta langileen % 78 emakumeak dira, nola ez da ba izango? Nire iritziz, lanean jarraitu behar dugu, benetako bateratzea lortzeko (gizartean ere halaxe gertatzen da); baina kontzientziazio kulturala landu beharrean, hezkuntza landu behar dugu, emakumeen erantzukizunak ulertzeko modua aldatzeko lan egin behar dugu... Izan ere, nik uste emakumeek gero eta rol eta erantzukizun garrantzitsuagoak izango ditugula enpresetan eta presentzia handiagoa edukiko dugula, eta horretarako prest egon behar dugu. Eta guztion lana izango da hori.
Emakume izateagatik kristalezko sabairen bat, mugaren bat, izan duzu?
Kasu honetan, ni emakume pribilegiatuen artean nago, kooperatiben munduan lan egin dudalako beti, eta ez dut horrelakorik ez izan ez sentitu, guztiz kontrakoa baizik. Nik uste, nire bizitzako zenbait unetan, hoberako izan dela desberdintasun hori, eta, beraz, are harroago nago. Lan egin nuen lehen kooperatiban, lehendakari bilakatzen zen lehenbiziko emakumea izan nintzen, eta gehienbat emakumez osatutako talde batek aukeratu ninduen. Iritzi berdina dut EROSKIri buruz. Uste dut, aukeratu nauten funtzio honetarako, emakume izateak esanahi positiboa duela, eta gustatuko litzaidake sentsazio eta sentsibilitate hori gizartera eta enpresetara eramatea ere.