Rosa

Nutrizio-aholkularia

Rosa

Zure nutrizionistari galdetu

Elikadurari edo nutrizioari buruzko zalantzaren bat daukazu? Gure nutrizionista-taldeak atseginez erantzungo dizu. Zure galderak erabat dohainik bidali. Nutrizio-aholkulari batek modu pertsonalizatuan aztertuko du zure kontsulta, eta e-mail bidez erantzungo dizu, 72 orduko epean gehienez ere.

EROSKI club bazkideentzako zerbitzu esklusiboa da.

Eroski clubeko beste bazkide batzuek jasotako erantzunak kontsultatu.















Nerea

57 urte dauzkat; nire amak, 80 eta osteoporosia dauka. Medikuak kaltzio-pilulak eman dizkio, haren adinean nahiz eta esne asko hartu, kaltzioa ez duela behar bezala xurgatzen dio-eta. Niri gauza bera ez gertatzeko, galdetu egin dut, eta kaltzioa hartzeak eta kirola egiteak osteoporosia prebenitu ditzaketela esan didate. Egia al da?

2006an, Espainiako Erreumatologiako Elkarteak argitaratu zuen «kaltzioa, modu isolatuan erabiliz, ez duela eragin nabarmenik menopausia ondorengo osteoporosia jasaten duten emakumeen hausturan». Berrikuste zientifikoek eta nazioarteko akordioek horrela berretsi dute behin eta berriro. Horrez gain, Osteoporosis International aldizkariak, 2013ko urtarrilean, kaltzioa lortzeko modurik onena dieta osasungarria jarraitzea zela argitaratu zuen. Era berean, kaltzio-osagarriek miokardioko infartua jasateko arriskua %30ean igo zezaketela zehaztu zuen.
Laburbilduz, ez da komeni zeure kontura kaltzio-osagarriak hartzea, ez baitago osteoporosia prebenitzen dutelaren froga zientifikorik. Arrisku ugari dakartzan jokabidea da, arazo kardiobaskularrak jasateko arriskua areagotzen dutelako. Minantz hori prebenitzeko, estrategiarik onena da bizimodu on bat eramatea: kirola egin, ez erre, ahalik eta alkohol kopuru txikien edan eta gutxi prozesatutako landare-jatorrizko produktuetan oinarritutako elikadura-eredua jarraitu.

Jesús

Ia 75 urte dauzkat eta medikuak esan dit magnesio eta sodio mailak desorekatuak ditudala. Jarraitzen dudan dietak zeresanik eduki dezake? Fruta eta barazki nahiko hartzen ditut eta tentsioa altua daukadanez, ia ez dut gatzik botatzen janarietan

Lehenik eta behin, sakon aztertu beharko lirateke zure elikadura-ohiturak, desoreka hori dietako desoreka baten ondorio den jakiteko. Dietista-nutrizionista batek, edo mediku batek bestela, galdera horren erantzuna emango dizu, eta zure egoera kontuan hartuz aholkatu.
Garrantzitsuena da elikadura-osagarririk ez hartzea, medikuak halakorik gomendatu ez badizu, zure odol-analisia, egoera patologikoa eta abar aztertu eta gero. Hori magnesioko elikadura-osagarriei aplika daiteke ere. Izan ere, osagarri horiek, modu pertsonalizatuan agindu ez badira, osasunean arazoak sor dezakeen mineral horren dosia daukate. Kasu askotan, osagarriek osasun-adierazpen faltsuak daramatzate, esaterako: «sabela lasaitzen du», «tentsio arteriala erregulatzen du», «osasun hormonala hobetzen du», «zahartzea moteltzen du» edo oinarri zientifiko handirik ez daukaten antzeko baieztapenak.
Zure hipertentsioari dagokionez, ez da komeni gatz kopuru handiak hartzea. Dakizunez, nahiz eta agian ez jakin gure gatz-iturri nagusia ez dela sukaldean nahita gehitzen duguna (elikagaiak sukaldatzean) edo mahaian (gatzontzian), baizik eta lau elikagaietatik datorrela: ogia, gaztak (zenbat eta onduago, gero eta gatz kopuru handiago), haragiaren eratorriak (hestebeteak, urdaila, saltxitxak, etab.) edo plater aurrekozinatuak.

Marga

55 urte dauzkat, ondo jaten dudala deritzot eta kirola egiten dut. Kolageno eta magnesiozko osagarri bat hartzen dut ondo egiten didala uste dudalako. Aukera egokia dela deritzozue ala arriskuren bat dauka?

Kolagenozko osagarriak giltzadura-minen zerrenda luzea prebenitzeko eta tratatzeko iragartzen dira, baina, azterlan sakon baten ondoren, elikadura-segurtasunarekin lotutako alderdiei buruzko Europako erakunde gorenak (EFSA) txosten bat idatzi zuen osasun-erakargarri horiek ez zeukatela oinarririk adieraziz, hau da, ez zirela benetakoak. Horrek esan nahi du, gaur egun, kolagenozko osagarriek ezin dezaketela eraman osasunerako onurak aitortzen dizkien osasun-aitorpenik. Magnesioari dagokionez, gure osasunerako mantenugai oso garrantzitsua da, dietaren bidez ahoratu behar duguna energia-metabolismoak (elikagaien energia eskuratzeko prozesua) behar bezala funtziona dezan. Mantenugai horrek nerbio-sisteman, gihar-funtzio normalean, hezurren mantentze eta garapenean eta hainbat funtzio gehiagotan eragina du. EFSA agentziak magnesioak funtzio anitzetan zer eginkizun duen aztertu du, eta, nahiz eta haren garrantzia nabarmendu, mantenugai horren ahoratu beharreko kopurua dieta osasungarri baten bidez erraz estal daitekeela adierazi du. Beraz, zure elikadura egokia bada, ez du zentzurik magnesio gehiago hartzea osagarri dietetiko moduan. Mediku batek odoleko analitika egin ondoren magnesio maila baxuak detektatuko balitu, orduan bai, zentzuzkoa izango zen (zuk akidura edo nekadura sentituko zenuke ziurrenik). Noizean behin analitikak egitea garrantzitsua dela gogorarazten dizugu. Kontsultatu medikuari. Eta zure behar pertsonaletarako egoki den elikadura jarraitzen duzula jakin nahi baduzu, kontsultatu dietista-nutrizionistari.

Eider

Askotan lagunekin zerbait hartzera noa eta ez dut nahi beti ura eskatu nahi. Zer da hobeto: alkoholik gabeko garagardoa ala light freskagarri bat?

Garagardoari dagokionez, hobe da 0,0% garagardoa, ez duelako alkoholik; «sin» garagardoak alkohola baitu dosi oso baxuetan, eta horrek arazoak sor ditzake adingabeetan eta, batez ere, haurdunengan (azken horiek erabat utzi behar dute alkohola edateari, dosia edozein dela ere).
«Light» freskagarriari dagokionez, ez dauka kaloriarik, haiek produktu hauen azukreetatik eratortzen baitira, eta light bertsioetan azukreak kaloriarik gabeko edulkoratzaileek ordezkatzen dituzte; baina ez da komeni haiek maiz kontsumitzea (noizean behin bada, ez da arazorik egongo). Zaporea gozoa lortzeko edulkoratzaileak seguruak dira, baina ikerlan anitzen arabera, edari mota horiek maiztasunez edateak zaporearen pertzepzio-mekanismoak alda dezake (haien zapore gozoaren intentsitatea dela-eta). Horrela, zapore gozoak kontsumitzea nahiago izango dugu, eta nahi gabe, elikagai osasungarrien kontsumoa murriztuko dugu. Hau da, hain gozo diren freskagarri horiek askotan edateak kalitateko dieta kaltetuko luke, zapore oso gozodun elikagaiak jatea nahiago baikenuke. Dieta osasungarria da gure inguruan gehien dauden gaixotasun kronikoak prebenitzeko gakoetako bat; beraz, edozein aldaketa potentziala prebenitzea komeni da. %0,0 garagardoaren kontsumoa, aldiz, ez da lotu inolako ondorio kaltegarrirekin. Dena den, arau orokor gisa, gomendagarriagoa da uraren bidez hidratatzea.

Rosa

Nire 19 urteko alabak barazki-jale bihurtzea erabaki zuen duela hilabete batzuk, eta bere osasuna nolabait arriskuan egoteak kezkatzen nau. Zer elikagai ezin dira falta bere dietan?

Behar bezala diseinaturiko dieta begetariano bat bateragarria da bizi-zikloaren edozein faseko osasunarekin: haurtzaroa, nerabezaroa, ernaldia eta edoskitzea. Dietetikako Elkarte Amerikarrak (ADA), nutrizio arloko munduko erreferente batek, 2010ean dieta begetarianoen eta beganoen inguruan zeukan iritzia jakinarazi zuen: behar bezala diseinatuta badaude, egingarriak eta onuragarriak izan daitezke. Hemen kontsulta dezakezu, gaztelaniaz, esteka honetan: https://apps.elsevier.es/watermark/ctl_servlet?_f=10&pident_articulo=13149398&pident_usuario=0&pcontactid=&pident_revista=283&ty=11&accion=L&origen=elsevier&web=www.elsevier.es&lan=es&fichero=283v14n01a13149398pdf001.pdf
Zure alabak bere dietan falta ezin diren talde jakin batzuetako elikagaien aukera zabala kontsumitu behar ditu: lekak (txitxirioak, dilistak, babarrunak, ilarrak edo soja (zeinetatik elikadura-produktu oso moldakorrak eratortzen diren: tofua, irabiaki aberastuak edo soja testuraduna), fruitu lehorrak (hurrak, arbendolak, intxaurrak, etab.), frutak eta barazkiak, osoko zerealak, etab.
Dieta begetarianoa eta, batez ere, beganoa jarraitzen denean, hiru mantenugai garrantzitsu hartu behar dira kontuan: lehenengoa bitamina B12 da, elikagai aberastuen edo gehigarrien bidez hartu beharrekoa (kontsultatu medikuari edo dietista-nutrizionistari), animalia-jatorrizko elikagaietan dagoelako bakarrik; bigarren mantenugaia iodoa da, baina gomendioa gainerako biztanleriarentzat bezalakoa da: mahaiko gatza gatz iododunagatik ordezkatzea; eta hirugarrena, D bitamina da, aurpegia, eskuak eta besaurrea udan eguzkitan jarriz sor dezakeguna: udan, 5 eta 15 minutuz eta gainerako urte sasoietan ordu erdi astean behin baino gehiagotan, azal zuriko jendearen kasuan, baldin eta atal horiek estaldu gabe badaude eta eguzki-babeserako kremarik aplikatu ez bada. Zalantzaren bat egotekotan, elikagai aberastuak edo osagarriak erabiltzea gomendatzen da. Galdetu medikuari.

EROSKIk berezko eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu. Gure cookien politika espresuki onartzen baduzu edo eremu eta menu ezberdinetan sartuz orrialde ezberdinetatik nabigatzen jarraitzen baduzu, cookien instalazioa eta erabilera onartzen dituzu. Informazio gehiagorako, sakatu hemen.

Cerrar aviso de cookies